Borrar
Landako Gunea, denda birtualaren biltegi eta bihotz bilakatuta. ignacio pérez

Hemen da Durangoko Azokaren ediziorik bereziena

«Abiadura, kalitate eta segurtasun handia» duen azpiegituran oinarrituta abiatu dira Ikasle Goiza, denda birtuala eta gainerako ekitaldiak

nerea azurmendi

Ostirala, 4 abendua 2020, 07:23

Comenta

«Durangon, zure herriko aretoan edo etxean, goza ezazue aurtengo Azoka. Hartu tarte bat online denda kuxkuxeatzeko eta egin klik, eskuratu euskal kultura. Ez dadila Azokaren taupada eten, ezta euskal kulturarena ere». Gaurkoa da Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko lehendakariak luzatutako gonbita gauzatzen hasteko eguna, gaur hasten baita Durangoko Azokaren 55. edizioa, orain arteko guztietan berezi eta konplikatuena.

Erakusmahaiak kenduta, ohiko osagaiekin dator Azoka, baina bertsio murriztu eta, durangarrentzat eta muga egiten duten herrietako biztanleentzat izan ezik, telematikoan. Beraz, hasi da Durangoko Azoka, adi pantailei, hortxe gertatuko baita dena.

Birtuala izango da, jakina, Ikasle Goiza, bere tailer eta elkarrizketekin. Saioak grabatuta daude, baina badago bat zuzenean emango dena, 11:00etan, streaming bidez eta DBH4 eta Batxilergo mailetako ikasleei zuzenduta, Oihan Vega eta Goizeder Mayo kazetariek zeinbait sortzaileri –Erika Elizari, Aitor Arana, Kai Nakai eta Liher musika taldea– egingo dizkieten elkarrizketak eskainiko dituena.

Edonola ere, Azokarekin zerikusia duten jarduerak egin dituzten ikastetxeek #IkasleGoizaDA traola erabilita partekatu bai Facebook, Instagram, Twitter edota Youtuben. Gero, adierazi dute, «partekatutako lanen bozgorailua izango da Durangoko Azoka».

Aurrez aurrekoari eutsi dio, berriz, Sanagustin kulturgunean egingo den DA! PRO egitasmoaren bigarren edizioak. Musikari, programatzaile eta musika-industriako kideen arteko topagune horretan 15 musika-taldek aurkeztuko dituzte euren proiektu berriak.

Teknologiaren eskuetan

Askok pentsatuta edukiko dute zer erosi, aukeratuta eta saskiratuta ere bai hainbatek, denda birtualak astebete baitarama kuxkuxeorako zabalik. Egiazko froga, baina, gaur izango du, salerosketak egiten hasten diren unean.

Azken egun hauetan. saltzeko zer edo zer daukatenek eraman dituzte beraien materialak Durangora. Landakoko biltegian daude eskarien zain, Euskal Herriko edo Euskal Herritik kanpoko zein puntutara joatea okatuko zaien jakiteko esperoan.

Eta hori guztia teknologiaren eskuetan dago, Azokaren edizio honen funtzionamendua bermatzeko ezinbestekoa baita konektibitate arazorik ez izatea, salmentak eta kultur jardueren hedapena horren araberakoak diren neurrian. Azokako telekomunikazio-zerbitzu guztien hornitzaile ofiziala Euskaltel izango da, babesle-lana egitearekin batera.

Aste honetan bertan jakinarazi duenez, «abiadura, kalitate eta segurtasun handia» jarri du antolatzaileen eskura, «segundoko 1 Gb-eko Interneteko konexio simetriko baten bidez». Horrez gain, «erabilgarritasun handiko hodeiko ostatatze-zerbitzua ere ematen du Azokaren webgunearentzat eta onlineko dendarentzat. Guztira 2.000 Tb-ekoa da (2.000.000 Gb), eta orri bakoitzean aldi berean 10.000 eskaera jasateko gai da. Ia 4 km zuntz optiko ere hedatu ditu, Landako eta Plateruena espazio fisikoetan, streaming bidez igorriko diren eduki eta kontzertuetan kalitate ezin hobea bermatzeko.

Izan gogoan ordainketa egiten duten lehenengo mila erosleek aurtengo kartelaren irudiarekin egindako poltsa berezia jasoko dutela doan, euren erosketarekin batera. Halaber, 45 eurotik gorako erosketa guztiek ez dute bidalketa-gasturik ordaindu behar.

Kulturaz gozatzeko tokia ere bada Durango, eta aurreneko eguneko egitaraua mugatua bada ere, bihartik aurrera bizkortzen hasiko da aurkezpenei eta ekitaldiei dagokienez. Izan ere, Plateruenan eta Landako Gunean 100 kultur ekitaldi izango dira.

Plateruenan diskoen aurkezpenak egingo dira 10:30etik 21:00ak arte, eta guztira 37 musika-talde igoko dira taula gainera. Landako Gunean, aldiz, gainontzeko jarduerak antolatuko dira. Goizeko lehen orduan familientzako ipuin aurkezpenak eta ikuskizunak izango dira; ondoren, gai desberdinei eta aktualitateari lotutako mahai-inguruak.  Goiz eta arratsaldez, literatur solasaldiak eta liburuen aurkezpenak izango dira. Ikus-entzunezkoek eta arte eszenikoek ere izango dute lekua.

Gutxi batzuk izango dute bertatik bertara ikusteko aukera, baina etxeko pantaila izango da gehiegoaren leihoa. Bi streaming kanal egongo dira webgunean, bata Landako Guneari dagokiona eta bestea Plateruenari, eta bertan egunero goizeko 10:30etik 21:00ak emitituko dute. Esate baterako, 18:00etanXabier Madariagak aurkeztuko duen inaugurazio ekitaldia, Eñaut Elorrieta eta Kirmen Uriberen parte-hartzearekin.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Hemen da Durangoko Azokaren ediziorik bereziena

Hemen da Durangoko Azokaren ediziorik bereziena