Haurrekin euskara lantzeko tresnak, Nafarroatik Euskal Herri osora
ERA.eus plataformak baliabide ugari jartzen ditu familien eskura, horien artean ipuin interaktibo erakargarriak
Lunes, 28 de febrero 2022, 14:00
Euskal Herri osoan daude «haurrak euskaraz hazi eta hezten ari diren» gurasoak, bide horretan lagungarri gerta daitekeen oro eskertzen dutenak. Baliabideak ere badaude han eta hemen, eta horien artean nabarmendu behar da ERA.eus plafatorma, euskaraz ikasten duten 0-12 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendua. Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuk elkarlanean sortutako plataforma horretan gurasoei «hainbat gomendio eta laguntza ematen zaie, eta makina bat baliabide».
Publicidad
Horien artean toki nabarmena dute ipuinek, ikuspegi askotatik baitira onuragarriak; besteak beste, «haur eta gurasoen arteko lotura afektiboa sendotzeko, baita elkarrekin gozatzeko ere». Iaz ipuin digital interaktiboen atala sortu zuten; zazpi dituzte, horietako bi gehitu berriak. Ipuin digitala, hain zuzen, «baliabide ezin hobea da irakurzaletasuna sustatzeko. Adinari begira, egoki-egokia da Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloko haurrentzat».
Istorioak Euskokultur Fundazioak eta Labrit Ondareak egindako ahozko memoriaren bilketaren funtsetatik hautatu eta eguneratuak izan dira, eta ilustrazioak Liebana Goñik egin ditu, «istorioen pasarte bakoitza zehatz-mehatz gorpuztuz». Horrez gain, «badira ilustrazio guztietan interakziorako puntuak, haien gainean sakatuta haurren esperientzia aberastuko duten animazioak, hotsak eta ahotsak».
Sorta aberastera etorri diren 'Anuska nire laguna, beti tinko' eta 'Iletxipi, Eugiko mugalaria' ipunen berri emateko zabaldu duten oharrean diotenez, «ipuinok era askotara erabili daitezke: haurrei bere kasa irakurtzen utzi, elkarrekin irakurri, ipuinaren pasarteak entzun, pasarteok entzun aurretik ilustrazioak elkarrekin aztertu...». ERA.eus, alegia, Nafarroatik Euskal Herri osora zabaltzen den altxorraren kutxa txiki eta baliotsua da, askori ondo etorriko zaiena.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión