Ezker-eskuin, Igoa, Lujanbio,Gaztelumendi, Illaro, Goikoetxea, Zabaleta, Elortza eta Artetxe. Eserita, Murua eta Gaztelumendi. ALBERTO ELOSEGI/XDZ

Gidari berriak

Zortzi laguneko talde batek hartu du Bertsozale Elkartearen zuzendaritza. 1970eko hamarkadan jaiotako batzuk dira 'urtetsuenak'

Hilaren 10ean batzar nagusia egin zuen Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak (EHBE) Iruñean. Nobedadeak izan ziren: 2005etik lehendakari izan den Iñaki Muruak (Gabiria, 1956) utzi egin dio eta elkarteak lan-modu berria izango du aurrerantzean: zortzi laguneko talde batek gidatuko du, egitekoak denen artean konpartituz. Gainera, Xabier Gaztelumendik ere utzi dio idazkari-lanari. Bi bertsolariren aita dugu hau: Beñat eta Unairena. Hona hemen zuzendaritza taldeko zortzi lagunen profilak:

Publicidad

Xabi Igoa. (Aramaio, 1992). Bertsolaria. Ogibidez, komunikazio-agentzia bateko langilea. 2015etik Arabako Bertsozale Elkarteko komunikazio-arduraduna izan da, borondatezkoa. 2004an hasi zen Aramaioko bertso-eskolan ikasle, Manex Agirre irakasle zuela. Gero bertso-eskolako irakaslea izan da.

Maialen Lujanbio. (Hernani, 1976). Ogibidez bertsolari. Arte Ederretan lizentziaduna (EHUn). Bi aldiz Euskal Herriko bertsolari txapelduna, 2009ko eta 2017ko txapelketetan. Bat-bateko bertsolaritzan ez ezik, musikarientzako letragintzan ere aritzen da. Hitzaldiak ere egin izan ditu. 2006tik 2011ra Ornitorrinkus proiektu esperimentala ondu zuen Judith Montero musikariarekin eta Xabier Erkizia soinu-adituarekin, gero izen bereko diskoa ere plazaratu zutelarik. Gero, 2013an 'Hegi, Egia, Egiak' proiektua aurkeztu zuen Erkiziarekin.

Beñat Gaztelumendi. (Añorga, 1987). Bertsoa eta hitzaren ingurukoak ditu ofizio. Gipuzkoako txapelduna 2015. urtean, eta finalista Bertsolari Txapelketa Nagusian 2013koan eta iazkoan. Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua da, gaur egun Bertsozale Elkarteko Hedapen taldean ari da lanean, 'Hitzetik Hortzera'-n gidoilari eta Bertsoa.eus-en erredaktore gisa, besteak beste. Borondatezko lan asko egin ditu Bertsozale Elkartean: Ikerkuntza-sailean hasi zen 2008an, eta saileko arduradun gisa Zuzendaritza Batzordeko kide da 2010etik. Gainera, Mintzola Ahozko Lantegiko patronatuko kidea da.

Arrate Illaro. (Getxo, 1989). Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua, Euskaltzaleen Topagunean jardun izan da lanean. Durangoko Azokan Irudieneko koordinatzailea izan da, eta orain Euskaraldian dago murgilduta, koordinatzaile gisa. Algortako Bertsolari Eskolako kidea da. Uribe Kostako txapelduna izan da birritan (2008, 2012), eta Bizkaiko Txapelketako finalaurrekoetara sailkatu zen 2010ean eta 2012an. Oso pertsona inplikatua Euskal Herriko Bertsozale Elkartean: bost urte eman baititu zuzendaritzako kide gisa, eta aurrez urte t’erdi Bizkaiko Bertsozale Elkarteko zuzendaritzan.

Publicidad

Josu Goikoetxea. (Gernika, 1974). Edizio-lanean dabil Zubia argitaletxean. Gaxtetan egin zuen bertsotan, baina hura utzi eta gai-jartzaile eta aurkezle gisa nabarmendu izan da; eginkizun hori izan du Txapelketa Nagusian ere. 'Hitzetik Hortzera' saioko aurkezle eta zuzendaria izan da zenbait urtetan. 1990eko hamarkadan bertso-biltzaile jardun zuen Bizkaiko Bertsozale Elkartearentzat nahiz Xenpelar Dokumentazio Zentroarentzat.

Eneritz Zabaleta. (Baiona, 1984). Lapurdiko hiriburuan bizi da. Oso gazterik bertsozaletu zen eta bost aldiz hartu du parte Xilaba, Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsolarien txapelketan. Azken urteotan Bertsularien Lagunak elkarteko zuzendaritzan izan da, diruzain gisa, eta Lankuko administrazio kontseiluko kidea ere bada. Zuzenbideko masterraren jabe da, eta doktoretza-tesia prestatzen ari da, euskararen estatus juridikoari buruz. Le Mans-eko eta Baionako unibertsitateetan Zuzenbideko eskolak ematen ditu. Kirol-kazetaria da baita ere, eta kolaboratzaile gisa ari da Berria egunkarian eta Euskal Irratietan.

Publicidad

Igor Elortza. (Durango, 1975). Hau ere ogibidez bertsolari. Topografiako ingeniaritza teknikoa ikasi zuen. Di-Da komunikazio-agentziarako ere egiten du lan. Bertso-txapelketetan elitekoa izan da hainbat urtez. 2017ko Txapelketa Nagusiko filanean bosgarren sailkatu zen. Unai Iturriaga bertsolariarekin eta Josu Zabala musikariarekin 7 Eskale eta Gu ta gutarrak taldeak sortutakoa. Bertsozale Elkarteko eta Plateruena Durangoko kafe antzokiko zuzendaritza-kide izan da.

Miren Artetxe. (Lasarte-Oria, 1985). Txikitatik Hendaian bizi izan da. Euskal Filologia burutu zuen Gasteizen, eta ondoren Bartzelonan jarraitu ikasketak. Egun Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle da, Bilboko Hezkuntza fakultatean ari delarik. Bertso-eskolako irakasle jardun izan du, eta Jon Ansarekin batera Bartzelonako Xenpelar Bertso Eskolaren sortzaile eta Hamaika Bertute ekimenaren partaide ere izan da. Iazko Txapelketa Nagusian finalaurreko fasean jardun zuen.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad