Lopategi, 1993ko Txapelketa Nagusiko finalean Michelena

Frankismoaren kontrako ikonoa

Hirurogeiko hamarkadan hasi zen Jon Lopategi bertsolaritzan norbait bazela erakusten. Bertsolaritzaren udaberriari asko lagundu zion Jon Lopategik

rufino iraola

Sábado, 9 de febrero 2019, 11:29

'Bertsozko mezularia' deitzen dio Luis Baraiazarrak. Ziur ez nago zer esan nahi duen, baina hartzen diot tinua. Gehiago ere badio: «Jon Lopategiren garaian, seminarioetan edo erlijiosoen ikastetxeetan izan ezik, nekez lortu eiken eskola handirk inork. Beraz bertsolari gehienak eskola bakoak ziran edo eskola gutxikoak. Joan Lopategi sakramentinoetan egon zen, teologiako lehen kurtsoa amaitu arte. Horri esker heziera ona jaso eban, heziera humanistiko eta klasikoa, filosofia... Latina ondo ikasi eban. Gerora ikasten jarraitu izan dau, bere gogoz batzuetan eta bere lanak halan eskatuta beste batzuetan. Esate baterako, 1989an, Euskal Herriko txapela lortu eban urtean, maisu-titulua atera eban».

Publicidad

Ez daukagu inork esan beharrik Lopategi bertsolari handia izan dela, geuk frogatu ahal izan dugu, hirurogeita hamarreko hamarkadan, euskal mugimendu itxaropentsu haren barnean kantatu zituen bertso konprometitu eta ideologizatu haiek hausnartzean. Zaldibiari 'bertsoaren katedrala' deitzen zion: urte batean, sei aldiz izan omen zen.

Hirurogeiko hamarkadan hasi zen Jon Lopategi bertsolaritzan norbait bazela erakusten. «Udaberririk goza ez duen bertsolaria naizela» kantatu eban Santa Luzi egin batez Zumarragan, umetako gorabehera batzuk direla medio. Baina bertsolaritzaren udaberriari asko lagundu zion Jon Lopategik.

Denok dakigu Lopategi Tolosako Sakramentinoen komentuan egon zela, karrera dezente aurreratu arte gainera. Behin, Urnietan, galdetu zioten bertsolari non egin zen, eta esango du «lehen pausuak eman nituen Tolosako komentuan» Eta «Muxikan bertan eman nituen neure bigarren pausuak». Lopategi kolpean azaldu zen, eta, Gipuzkoa aldean behintzat, sorpresa handia izan zen. Behin lehenengo urratsak emanda gero auskalo zenbat bider kantatu zuen Gipuzkoan.

Lopategi Azpillagaren laguna izan da bertso-uztarrian. Azpillaga berak esango digu hori egokien. 1987 omenaldian kantatua da hurrengo bertsoa:

Ta Lopategi Lagun zaharra ere

aitatzea komeni zan,

garai batean uztarri baten

Publicidad

berakin ibili nintzan.

Polizia ta guardi zibilak

gure atzetik zebiltzan.

Bertsoa gendun gure armatzat

gerra edo gudaritzan,

poz bat badaukak: egin genduna

ez zala alperrik izan.

Nik uste, 1962az geroz irten den Txapelketa Nagusi guztietan izan dela finalista, eta 1989an txapeldun atera zen, aurretik pare bat aldiz txapeldunorde izanda. Bizkaiko txapeldun ere izana; hiru bider lortu zuen hori: 1962, 1964 eta 1966an.

Jon Lopategi Lauzirika Muxikako Aldauri baserrian jaio zen, 1934an. Heriotzaren deia Gernikan jaso du, hortxe bizi baitzen. Amaia Urrutiarekin ezkondua dago. Semea eta alaba ditu. Semea ere, nahiz eta orain bertsolaritzari utzita egon, gutxienez Txapelketa Nagusiko bi finaletan izan da.

Publicidad

Bertsolari sakona, modernoa eta zorrotza da. Berak sartu ditu bertsolaritzan lehen hainbeste erabiltzen ziren hitzak, kondukta, debatea, debuta, prelado eta abar. Abertzale sutsua. Francoren diktadura garaian, mezu jakina zeukan Lopategik, batez ere gazteentzat: mezu politiko, sozial eta euskararekiko konpromisoduna. Hainbatetan esan dugun eran, Azpillaga zuen beti ondoan, eskudero lanetan. Publiko berria sarri erakarriko dute bertso-mundura, batez ere mezua gogoko duena. Nik uste, horietako sail handi bat betiko egin zela bertsozale. Beraz, behin eta berriz esan dugun eran, aldi oso inportantea, bai mezu eta bai denbora aldetik, Azpillaga eta Lopategik. Hitz berriak bai, baina, errimakerian erori gabe -nahiz eta ikusi dugun saioa berean 15 monosilabo erabiltzen-, errima zuzena gustatzen zitzaion, errazkeriara jo gabe.

Bestalde, Juanito Dorronsororen esanetan dozena erdi bat doinu berri ere plazaratu ditu Lopategik. Hauek dira nik Lopategiri entzun nion lehenengo bertsoaren azken bi puntuak:

Ezagutzen dot herri honetan

Publicidad

maitatutzen dotan dama,

baina ni pobre aurkitzen naz ta

aberats batek darama.

Txunditurik utzi ninduen, eta geroztik ez nuen onik izan hura bertsotan topatu arte. Geroago, 'Azpillaga eta Lopategi non, gu han' ibili ohi ginen. Esplikazio handirik behar ez duen bertsoarekin amaituko dugu:

Aita Santu bat Erroman bada

beste bat Madrillen dago,

aldareetara jaso nahi dute

santuak baino gorago;

paliopean hor darabilte

kardenal eta prelado;

erlijioa hoiena bada

ni eskomulgatuta nago.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad