Fantasiak Durango hartuko du abenduaren 6tik 10era
Ideien atzean dagoen unibertsoa izan du oinarri antolakuntzak leloa -'Fantasia DA!'- zein Ximon Agirre hernaniarraren kartela gauzatzeko
Liburu, disko eta aurkezpenekin batera, 'Fantasia' izango da abenduaren 6tik 10era protagonista nagusia 58. Durangoko Azokan. Edizio adina urte pasa dira hasierako bultzatzaileen ametsetik eta Fantasia DA! leloarekin zein Ximon Agirre artistak ondutako kartelarekin keinua egin nahi izan dio antolakuntzak euskal kulturaren egutegian ezinbesteko hitzordua denari. «Euskal kulturari bultzada emateko asmoz, Durangoko Azoka jendetsu eta aberatsa izatea, horixe da gure fantasia», azaldu du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak.
Publicidad
Hain zuzen, ideien atzean dagoen unibertsoaz mintzatu da Landakon egindako agerraldian. «Fantasia da sortzaile berrien ilusioa, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturzaleen irribarrea, boluntarioen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizigogoa, kulturaren beroa». Harekin izan dira Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga elkarteko koordinatzailea) eta guneetako arduradunak: Miren Narbaiza (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Martxel Zubia (Saguganbara), Arantza Arrazola (Szenatokia) eta Oihane Agirre (Azoka Telebista).
Lelo eta kartel aurkezpena baliatu du Gerediaga elkarteko presidenteak egitaraurako proposamenak egiteko epea irekia dagoela oroitzeko. Hala, urriaren 15a arte bidali ahalko dira Ahotsenean, Irudienean, Kabian, Museoan, Saguganbaran, Szenatokian eta Talaian hitzaldiak, musika, solasaldiak, proiekzioak, tailerrak, liburuak, diskoak eta bestelakoak plazaratzeko ideiak.
Ez da jakinarazi duten albiste bakarra izan, 2020an pandemiak eragindako egoerak behartuta abiatu eta hiru urtez mantendu den online dendaren «leihoa itxiko» baitu antolakuntza. «Aurten aurrez aurreko azokaren aldeko apustu osoa egingo dugu. Hala ere, pertsiana guztiz bota barik; izan ere, etorkizunean horren premia egonez gero, egoerara egokitzeko adi egongo gara», esplikatu du Gaztelurrutiak.
Ximon Agirreren sorkuntza
58. Durangoko Azokaren irudia Ximon Agirre artistak (Hernani, 1994) egin du. Kartela diseinatzeko proposamena «ilusio handiz» hartu zuela adierazi du Durangoko Azoka «kulturaren erakusleiho handi bat» delako. Sortutako irudia errealitate birtualean landutako hiru dimentsioko irudi sakona gauzatu du kolore alai eta saturatuekin. «Kartelaren ideia nagusia mundu propio bat sortzea izan da, azokaren ohiko elementuak (liburuak, musika, bideogintza, teknologia berriak…) pertsonaia fantastikoekin uztartuz».
Publicidad
Agirre artean graduatu zen UPV/EHUn eta Inprimaketa Grafikoko, Ilustrazioko eta Lanketa Artistikoko Masterra egin zuen Gaztela-Mantxako Unibertsitatean. Ilustrazioan, bideogintzan eta animazioan jardundakoa da eta, azken urteotan hainbat musika talderentzat diskoen azalak, kontzertuetarako kartelak eta bideoklipak sortu ditu, esaterako Belako, Lukiek, Toc, Kyxo, Kristonak, Amooma eta Kilimak.
Durangon ere egon dira erakunde kolaboratzaile zein babesleen ordezkariak, besteak beste, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Isaac Amezaga Bizkaiko Euskara zuzendari nagusia, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Kultura zuzendari nagusia, Jone Berriozabal Arabako Euskara, Berdintasun eta Gobernantza diputatua, Javier Arakama Nafarroako Euskarabideako zuzendaria, Koldo Bilbao (BBK), Josean Yela (Eroski), Eider Rodriguez (Euskaltel), eta Iñaki Nubla (Konfekoop).
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión