Oreka TX, Aveiron izango den taldeetako bat. Argazkia 'Koklea' diskoa aurkeztu zutenekoa da. javier etxezarreta/EFE

Euskadiko 14 talde eta beste zenbait eragile Aveiroko arte eszenikoen jaialdian

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lankidetza bultzatu du Portugalgo hirian asteburu honetan egiten ari den Festival dos Canais jaialdiarekin

Sábado, 16 de julio 2022, 15:10

Euskal ordezkaritza bat Aveiroko (Portugal) Festival dos Canais jaialdian izango da asteburu honetan, arte eszenikoetako eragileen arteko harremanak sendotzeko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lankidetza bultzatu du Aveiro udalerriarekin, harremanak ezartzeko eta Euskadiko eta Portugalgo kaleko arte eszenikoen industriaren lana ezagutu ahal izateko.

Publicidad

Aveirok Festival dos Canais jaialdia antolatzen du urtero, hiriko kanalak, espazio publikoa, ondarea eta arkitektura, musika, dantza, antzerki, zirku garaikide eta arte bisualetarako agertoki paregabe bihurtzen dituen diziplina anitzeko ekitaldia.

Edizio honetan, gainera, larunbatean eta igandean, uztailaren 16an eta 17an, Euskadiko konpainia, programatzaile eta banatzaileek eta Aveiroko jaialdiko arduradunek eta Portugalgo eragileek lan topaketa bat izango dute, Portugalen kaleko arte eszenikoetarako merkatu gune profesional baten lehen urratsen testuinguruan.

Euskadiko ordezkaritza 50 bat lagunek osatuko dute, eta horien artean daude programatutako bost konpainia (Haatik, Zanguango, Deabru Beltzak, Markeliñe eta La Glo Zirko Dantza); zortzi konpainia gonbidatu (Goitibera, Cía Eva Guerrero/Doos Colectivo, Dantzaz, Organik Dantza, Hortzmuga eta Zirkozaurre); bi banatzaile gonbidatu (Aire Aire eta Solobe Art); Oreka TX musika taldea; eta zazpi jaialdi eta kaleko programatzaile (Arrigorriagako Nazioarteko Clown jaialdia; Gasteizko Kaldearte; Bilboko Kalealdia; Lekeitioko Kaleka; Zarauzko; Bilboko Udala eta Sopelako Udala). Astebururako programatutako bost konpainiek 11 emanaldi izango dituzte guztira.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarentzat, horrelako topaketek aukera ematen dute sektorearekin lankidetza aktiboa sustatzeko, kulturak hurbiltzeko, ekimenen eta beren lurraldeen nazioarteko proiekzioa eta ikusgarritasuna bermatzeko eta kaleko arte eszenikoak sustatzeko.

Publicidad

Lankidetza horren partaide da Etxepare Institutua, euskal sortzaileak zabalduz. Era berean, Artekale Euskadiko kaleko arte eszenikoen elkartearen bitartekotza lana ere izan da topaketarako, azken urteotan lan handia egin baitu sektorea ikusarazten eta horretarako aukera berriak bilatzen.

Asteburuan Aveiron egingo den topaketak balioko du bi lurraldeetako eragileek esperientziak trukatzeko, bi aldeetako profesionalak inplikatzeko estrategiak sortzeko, profesionalen arteko topaguneak sustatzeko, profesionalen artean ezagutza eta sorkuntza prozesuak sortzeko eta euskal eta portugaldar eragileen arteko proiektuen garapen bateratua sustatzeko. Gainera, kaleko arte eszenikoetako profesionalen presentzia bultzatuko da, hala Portugalgo jaialdietan nola Euskadiko bestelako jaialdietan.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad