«Etengabe adostasunerako bokazioa izan zuen»
Martin Ugalde Kultur Parkean omendu dute gaur idazle, itzultzaile eta euskaltzale handia
Jendea biltzeko gaitasuna, egoerari begiratzeko abilezia aldi berean etorriko zena ere buruan izanda, erronken aurrean ekintzaile petoa zela, gauzak egiteko beste modu bat utzi izana, lemazain bezala egindako lana. Hamaika ezaugarri nabarmendu dira ostiral honetan Martin Ugalde Kultur Parkean Xabier Mendiguren Bereziartu (Ezkio, 1945), idazle, itzultzaile eta euskaltzale handia omentzeko egindako ekitaldian. Eta hitzartze ezberdinetan nabarmendu duten bezala, beste hainbeste geratu dira kanpoan. Txiki geratu da Andoaingo aretoa eta motz Mendigurenek hainbeste lagundu zuen hizkuntza.
Euskalgintzaren Kontseiluko sorreran oso murgildua egoteaz gain, lehen idazkari nagusia izan zen 1998tik 2010era bitarte, eta eragileak merezitako omenaldia egin dio iazko urrian zendu zen Mendigureni. «Esker oneko» ekitaldia, idazle eta itzultzaile zein euskaltzale bezala egindako lana «oroitzeko» eta haren «ibilbidea etorkizunari begira akuilu» izateko helburuarekin antolatua, Aize Otaño Kontseiluko lehendakariak ireki du. Bertaratuei eskerrak eman dizkie eragileak egindako deiari erantzuteagatik.
Jarraian, ekitaldi oso zainduan, Mendigurenek jorratutako alorrak aztertu dituzte, Oihana Iguaran bertsolariaren kantuekin tartekatuz. Lana eta jarduna baziren ere hizpide nagusi, pertsona bezala egindakoak nagusitu dira ia guztien hitzetan eta une hunkigarriak izan dira, bereziki Oihana Mendiguren, Xabierren alabak, hitza hartu duenean.
Josu Zabaleta eta Aintzane Ibarzabal itzultzaileak izan dira jarraian. Itzulpena eta omendua aipatzean umorez bota du lehenak «folio mordoa biltzen» zaizkiola eta, hala, obra idatziari edo itzulitakoari buruz baino nahiago izan dute nabarmendu bere figuraz. «Proposamen guztien gidaria izan zen», goraipatu du, eta segidan Mendigurenen hiru alderdi nabarmendu: egoerari begiratzen jakin zuela, baina urrutirako ikusmira ez zuela sekula galdu; jendea biltzeko zuen gaitasuna; eta talde lana antolatu eta bultzatzeko abilezia. Bat azaldu da Ibarzabal, haren «jarrera, jendea segituan jartzeko» zuen kapazitatea gehituz. «Bere azalpen eta hitz egiteko moduarekin, transmititzen zuenarekin, [Itzultzaile Eskolako] ikasleak liluratzen zituen».
Noski, jarduna ere goraipatu dute. «Hor daude lanak, NorDaNor webgunean jasoez gain -Cesare Pavese, Salgari, Shakespeare, Faulkner, Dickens, Goldoni, Croce, Anouilh edo Laxalten 'Dominique Artzain Xiberotar bat Nevadan' (Euskadi Saria, 1989)- beste kontu mordoa itzuli zituen telebistarako, antzerkirako zein irakaskuntzarako egindako liburuetan», oroitu zu Zabaletak. Esaterako, euskarazko testuliburuetan mugarri izan zen pausua eman zuen 1974an Iker taldea sortuz, Saioka euskarazko lehen ikasliburuak ondu zituena. Eta Zabaletak oroitu bezala, Martuteneko Itzultzaile Eskola sortu zuen, gerora 1987an Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen (EIZIE) ernamuina izan zena. «Egun dauden baliabideak utzi zuen arrasto horri esker ditugu», azpimarratu dute.
Lemazain eta bidegile
Itzulpengintzari emandakoagatik zorretan bada sektorea Mendigurenekin, euskalgintza egoera berdinean kokatu dute Pilar Kaltzadak zein Paul Bilbaok. Kontseiluan ezagutu zuten biek -Kaltzada komunikazio burua izan zen eta Bilbaok karguan lekukoa hartu zion- eta gauzak egiteko «beste modu» bat zuela goraipatu dute. «Gidatze estilo oso propioa zuen, hori utzi digu, bere marka pertsonala zen. Zuzen-zuzenean eragin dit eta eskertu nahi nion», xehatu du Kaltzadak. Ildo horretan, Mendigurenen lan egitekoan gakoetako bat «momentuan momentukoa ikusteko gaitasuna, baina aldi berean aurrera begiratzeko» zela ekarri du gogora. «Ikusi, pentsatu eta konbentzitu egiten zuen jendea, noranzko bat ematen zuen».
Elkarlanean aritu ahal izatea «plazer eta pribilegiotzat» kalifikatu du Bilbaok, jakintza partekatzeko ohitura handia baitzuen. Ildo horretan, zituen ezaugarri ugarietatik «pazientzia eta determinazioa» hautatu ditu. 2001eko aroa ekarri du hitzartzera, «oldarraldi urteak», Kontseiluak aitortza eta babesa alor guztietan ez zuenekoa, eta bolada horretan parean zuten «horma gainetik» begiratzera deitzen baitzuen. «Hara iritsi nahi dugu, egia da testuingurua ez dela errazena, baina burua beti altxa behar dugu. Lasaitasun horrek konfiantza asko ematen zuen». Eta azaroaren 4an Bilboko manifestazioan Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak esandakoa bere egin du. «Oldarraldiari aurre egiteko lehen lerroan jarri zen eta eguneroko lanean aurrera egiteko gaitasuna erakutsi zuen». Amaitzeko, Mendigurenen «adostasunerako bokazioa» goraipatu du, «euskararen normalizazio prozesuan jende guztiarekin» hitz egin behar zela sutsuki defendatzen zuela.
Familiaren izenean bihotzez eskertu ditu Oihana Mendigurenek, Xabierren alabak, omenaldia eta bertan esandakoak. «Nire aitaren etxea euskara, hizkuntza, hitza zen. Elkar ulertzeko, zubiak eraikitzeko munduko edozein gizakiri besoak zabaldu, ateak ireki eta edozein onartzeko. Desberdintasunean eta baita hizkuntza berdinean sortutako elkar ez ulertzeetan batez ere».
Euskaltzale handia
Euskalgintzan, kulturgintzan eta beste arlo ugaritan ekarpen oparoak egiteaz edo Kontseiluaren idazkari nagusia izateaz gain, Bai Euskarari XXI. mendeko akordioaren sustatzaile nagusia ere izan zen Mendiguren. Hari horri tiraka josi du ekitaldia ixteko hitzartzea Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak eta haren jarduna eredu izanda etorkizunerako mezua eman nahi izan du. Hasi ere, 1998an Mendigurenek esandakoak zitatuz hasi da. «Akordio sozialak esan nahi du sinatzen duenak euskararen normalkuntzaren bidean aurrerapausoak emateko konpromisoa hartzen duela. (...) Gainera guztiok gara protagonista euskara erabiltzeko eta horretarako egiturak prestatzeko konpromisoan. Helburua da datozen belaunaldiak alor guztietan euskaraz bizi daitezen».
Egun euskalgintza «aldarte beretsuan» dela iritzi du Eskisabelek, 90eko hamarkada amaieran 60koan abiatutako «euskararen pizkundearen tresneria kamusten» baitzegoen eta akordio berriak behar ziren -Bai Euskarari izan zena- eta, egun, «orain 25 urte sendo eta distiratsu erditu genituenak kamustu» baitira. Hala, dei egin du «lanabes berri eta indartsuak» sortzera eta helburu horretan kokatu du azken hiletan buru-belarri murgildua izan den 'Batuz Aldatu' dinamika. «Euskaraz bizitzea helburu eta akordioa horretarako bide, batzen gaituena bilatzea, adostasunak lantzea. Horra Xabierren estiloa, emaria, ekarpena», eragileko idazkari nagusiak esan duen bezala «Kontseiluan zizelkatuta utzitako lorratza».