Aurkezpenean ere, taldearen indarra. Uxue Alberdi, egilea, eskaileren goiko aldean dago, Ane Labaka eta Onintza Enbeitaren artean

Emakume bertsolarien ariketa kolektibo ausarta

Uxue Alberdik hainbat bertsokideren hitzak jaso ditu «emakume bertsolarien jarduna mugatzen duten patroiak» identifikatzeko 'Kontrako eztarritik. Emakume bertsolarien testigantzak' saiakera ekarri du Lisipe bildumak

Nerea Azurmendi

DONOSTIA

Viernes, 8 de marzo 2019, 07:53

Liburua bera bezala, korala izan zen atzo Donostian egin zen aurkezpena, beste eremu batzuetako sortzaileak ere bildu zitzaizkien bertsolariei ekitaldira. Azken batean, ariketa «beste esparru batzuetara estrapolagarria» da, «emakume bertsolarien jarduna mugatzen duten patroiak gutxi-asko sistema guztietan» daudelako, eta oso antzekoak direlako arlo guztietan «ahots horiek menosteko mekanismoak».

Publicidad

Oraingoz, baina, emakume bertsolariek egin dute urratsa. Ausartu dira esperientzia pertsonalak, izen-abizenez, irakurleekin partekatzera. Dimentsio kolektiboa da nagusi hala ere ariketan: emakume bertsolari feministak «kolektibo artikulatua» dira eta, «orain daukagulako indar kolektiboa» atera ahal izan da liburua.

«Kantuan neskek askoz gehiago aipatu dute nire gorputza eta aurpegia bertsokide mutilek baino»

Alaia Martin

Amaia Agirre, Ainhoa Agirreazaldegi, Maialen Akizu, Miren Amuriza, Maider Arregi, Miren Artetxe, Maddalen Arzallus, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Ane Labaka Mayoz, Alaia Martin, Eli Pagola eta Jone Uriaren testigantzak daude jasota liburuan. Zaharrena 1977an jaioa da, eta 25 urte daramatza bertsotan. 1996koa da gazteena, eta horrek ere badu hamar urtetik gorako esperientzia. Erregulartasunez diharduten emakume bertsolarien kopurua aintzat hartuta, «lagin esanguratsua» osatzen dute hamabost bertsolariok.

Oinarrizko galdera batetik abiatuta -zertan eragin dizu emakume izateak?-, bertsolariei eman zien hitza Uxue Alberdik. Luze, aske eta zintzo jardun ziren. «Nik egin dudana da besteen ahotsak josi, nire burua sartu gabe. Beraiei hitza eman libre hitz egin dezaten, eta ondoren teorizatu eta kategorizatu».

Mugatze-mekanismoak

Hamabost horien oroitzapen, sentsazio eta bizipenetan oinarrituta, emakume bertsolarien jarduna mugatzen duten 22 mekanismo, 22 patroi, «identifikatu eta izendatu» ditu Alberdik. Ia gehienak zailtasun handirik gabe eraman daitezke beste eremu batzuetara, baina bertsolaritzak badu berezitasunik, eta ez gutxi.

Publicidad

Maila batetik aurrera, ia erabatekoa da gizonezkoen nagusitasuna. «Emakume bertsolari gehienentzat iraupen proba gogorra dirudi bat-bateko bertsogintzak, gizonek eraikitako tradizioari jarraituz, haien eredutik ikasita, gizon artean eta gizonekin ari dira kantuan, gizonen iritziek eta gustuak pisu espezifiko handia duten eremuan, testuinguru lehiakorrean, esposizio bizian», idatzi du Uxue Alberdik.

«Gizonezko bertsolarien artean ez naiz sentitu izan kontuan hartua»

Oihana Bartra

Esposizio-maila altua da alegia beste ezaugarrieko bat, publikoaren aurrean aritzea ia babesik gabe. Horrek eragin du «gorputza eta gorpuztasuna ekartzea lehen mailara», eta mugatze-patroi horietako hainbatek horrekin lotura zuzena izatea: itxuragatik epaituak izatea; hipersexualizazioa edo, beste muturrean, desexualizazioa, desgorpuztea...

Publicidad

«Etengabe neurtzen dugu, denok, emakume bertsolarien itxura. Ez dut sentitzen gizon bertsolariekin hainbeste egiten denik», dio Ainhoa Agirreazaldegik, eta askok aipatzen dituzte janzkeraren eta itxuraren inguruko ondoez eta kezkak. Bota gorri batzuk janztea, sujetadorearen tirantea erakustea, ezpainak gorriz margotzea, ilea moztea, edo luzatzen uztea... Anekdotatzat jo daitezke, baina ez dira anekdotak. Polita izateak edo itxura zaintzeak baditu bere ondorioak. Polita ez izateak eta itxura ez zaintzeak ere bai. Bakoitzak bere erara kudeatu du auzia, baina guztien ekarpenak dira oso argigarriak. Argi gelditzen da halaber zein sustraituta dauden jarrera horiek, eta ez bakarrik gizonezkoengan.

«Identitate askatzailea»

Emakumearen pertzepzio jakin hori, dena den, ez da gustu txarreko txisteetara mugatzen. Eraso sexistak ere nozitu dituzte emakume bertsolariek: iraina, jazarpena, bortxa. Hitzez hitz kontatu du bortxaketa bertsolarietako batek. Jaso zuen babes eskasa ere bai. «Bortxaketaz gogoratzen naizen bakoitzean ohartzen naiz ez zela hartu beharreko neurririk hartu berarekin», dio.

Publicidad

Atalez atal Uxue Alberdik testuinguru teoriko egokian kokatzen dituen 22 mekanismo horiek hitz bakar batean laburbildu beharko balira, 'gutxiespen' hautagai ona izango litzateke. 17.a da zehazki, baina gainerako gehienak blaitzen ditu, zuzenean edo zeharka baita diruari, gaitasunaren errekonozimenduari edo norberari merezi duen tokia emateari dagokionean ere. Emakumeak blaitzea ere lortu duela esan daiteke, hainbat gutxiespen hori barneratzea iritsi baita.

«Askotan gertatu zait nik eraso modura edo desakreditazio modura bizi izan ditudan bertsoak txalotzea publikoak»

Onintza Enbeita

Ez dago esaterik bertsolaritzaren munduak emakumeok azaldu dutena ezagutzen ez zuenik. Entzungor egin duenik ere ez. Ez, behintzat, Bertsozale Elkarteak. Bertsozaletasunaren Hirugarren Azterketa Soziologikoak, esate baterako, argi utzi zuen plazan benetako parekidetasunetik horren urrun egotea dela bertsolaritzaren arazoetako bat. 2018ko Durangoko Azokan egindako aurkezpenean, honakoa esan zuen bertsolaritzaren etorkizunaz mintzatzerakoan Beñat Gaztelumendik: «Ez badugu asmatzen emakumeei plazan leku sanoa egiten, eta mugimenduan ere bai, galera handia izan daiteke, bideragarritasuna arriskuan jartzerainokoa».

Publicidad

Bertsotan beste era batera, 'Kontrako eztarritik', egiten duten emakumeen hitzek letra xehera, egunerokora, eraman dute ideia hori. Ez da kasualitatea izan, urte askotako lanaren eta gogoetaren ondorio baizik. «Identitate feminista askatzailetzat dute emakume bertsolari gehienek», idatzi du Alberdik. Izan ere, «haietako zenbait, kontzientzia feministaren ondorioz iritsi dira biolentziaren kontzientziara, beste batzuek alderantzizko bidea egin dute: biolentziaren kontzientziak eraman ditu kontzientzia feministara».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad