Ekain Alegre nagusitu da XI. Izeta Sariketan
Mariano Izeta euskaltzale eta bertsozale baztandarraren omenezko lehia Baztanen izan da
I. Mendia
Asteazkena, 27 azaroa 2024, 11:49
Ekain Alegre nagusitu da aste-bukaera honetan Mariano Izeta euskaltzale eta bertsozale baztandarraren omenezko hamaikagarren sariketan. Egun osoko festa izan zen Baztango hainbat tokitan, orotara 12 bertsolariren parte-hartzearekin, eta bertso onenaren saria, bestalde, Beñat Astizentzat izan zen.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatu dute sariketa, hamaikagarrena, Mariano Izeta bertsozale eta euskaltzale baztandarraren (Elizondo, 1915-2001) omenez. Guztira, Nafarroako 12 bertsolari gaztek hartu dute parte sariketan. Arratsaldean, bi kanporaketa izan dira, seina bertsolarirekin, Erratzun eta Elizondon, eta horietatik sei sailkatu ziren finalerako. Lehenean Zubi-punta ostatuko saioan Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain eta Mikel Lasarte sailkatu ziren eta bigarrenean Intza ostatuan lehiatutakoan Beñat Astiz, Endika Legarra eta Idoia Granizo.
Finala Elizondoko Kortarixar jatetxean izan zen 50 lagun ingururen aurrean. Zigor Gartzia 'Zian' aritu zen gai-jartzaile eta bost epaile aritu ziren bertsolarien lana epaitzen: Amaia Telletxea, Nerea Bruño, Patxi Barberena , Joseba Beltza eta Julen Zelaieta. Horiek emandako puntuen arabera, Ekain Alegre izendatu dute txapeldun, 328,5 punturekin. Haren ostean sailkatu dira Ekhiñe Zapiain (328), Mikel Lasarte (314), Beñat Astiz (300,5), Idoia Granizo (294,5) eta Endika Legarra (284,5)
Txapeldunaz gain, saioko bertso onenaren saria ere eman du epaimahaiak. Kasu honetan, Beñat Astizentzat izan da, hamarreko txikiko bigarren bertsoagatik. Bi sariak, txapela zein bertso onenarena, Ines Izetak, Mariano Izeta zenaren alabak, banatu diitu.