Las diez noticias clave de la jornada
Joxean Ormazabal, Elkar argitaletxeko haur sailaren arduradun historikoa.

Durangoren usaina

Joxeme López de Arana

Viernes, 5 de diciembre 2025, 09:47

Nire lehen Durangoko azokez dudan oroitzapen-ariketa egiteko eskatu didate. Aitortu behar dut memorian atzera egitea kosta egiten zaidala, korrontearen kontra igeri egitearen pare sentitzen dudala: nekea pilatuz doa aurrera (atzera) egin ahala, akordua lausotuz eta kordea ahulduz. Nago, jaiotze-uneraino igeri eginez gero, itota amaituko nukeela oroimen urek eta umetokikoek bat egiten duten leku-denboretan.

Publicidad

Beste alde batetik, oroitzapena indartsuagoa da, eraginkorragoa da, memoria kolektiboa denean. Eta nire lehen garai haietan, duela berrogei urte baino gehiago, ez zen jenderik falta Durangoko azokan, nire oroitzapenen berme eta ezinbestean itzuriko ditudan topiko guztien aurpegiratzaile.

Gaurko datari eta Territorios gehigarri honi begiratuta, ez dago argitu beharrik hizpide dudan azoka hori Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka dela (hala ere, emango nuke orduan 'Diska' azoka zela). Andra Mariaren elizaren ondoko arkupedun merkatuan ezagutu nuen nik lehen aldiz, artean estudiante nintzela, ile gehiago eta beste grazia bat nuela ere bai. Agian 1981ekoa izan zen nire lehena, 'Etiopia' 1978ko liburua urte hartako azokan erosi nuelako, Espainiako estatu-kolpearen urtearen amaieran. Neguaren atarian, egur errearen usain goxoa zerion Durangori, oroimenean iltzatuta geratzen den usain horietako bat.

Lehen pertsonako singularrean mintzatu naiz orain arte, baina, gauzak zer diren, pluraleko gu edo guk erabili beharko nuke. Izan ere, egokitu zitzaigun garai literarioaren ezaugarri bat taldean aritzea zen. Akaso Ustela eta Pott talde jada zenduek eta Oh! Euzkadi orduan hil-hurrenak utzitako arrasto luzearen eraginez, hilezkorrak ziruditen Susa eta Maiatz ahaztu gabe. Kontuak kontu, 80ko urteen hasiera hartan nor bere taldearekin agertzen zen Azokara, ahal zela bakoitzari zegokion izen bitxiko aldizkariaren azken zenbakia besapean zeramala.

Aldizkari iragankor haietan elkarrizketa, ipuin eta poemak argitaratzetik, idazlegai asko eta asko indarra hartzen ari ziren argitaletxeetan plazaratzera pasatu ziren: Elkar, Erein, Pamiela, Susa bera… Euskal literaturaren giroa pil-pilean zegoen.

Publicidad

Aurreko hamarkadetan herri-mugimendu euskaltzaleek egindako lanarekin batera, izugarri areagotu zen euskal liburuen ekoizpena, aldeko baldintza berri batzuk zirela medio: urte haietan sortutako gobernu autonomoak, EITB sortzea, irakaskuntza publikoa euskaraz eskaintzen hastea eta helduen euskalduntzea indartzea, besteak beste. Eta horrek guztiak, esan gabe doa, isla ezin hobea izaten zuen urteroko Azoketan.

Jai giroa zen nagusi Durangon, Azoka garaian. Euskal literaturaren pizkunde berri baten lekuko ginen. Orduko editore askorekin hitz egiten genuen, konplizitate-giroan, eta erositako liburuekin batera opari gisa jasotako beste hainbatekin itzultzen ginen etxera, merkatuaren legeak gaur egun bezain finkatuta ez zeuden seinale.

Publicidad

Boom garaia zen arren, artean ere gai ginen argitaratzen zen guztia irakurtzeko, eta liburu haietatik asko iruzkintzeko ere bai. Generoen aldetik, ipuingintza zen nagusi. Eta guk, auzokoaren jardina beti berdeago ikusten genuenez gero, euskal nobelak amets. Mugarrietako bat 'Narrazioak' izan zen, Sarrionandiaren lehen obra prosan, eta egilea barruan zela argitaratutako bigarren liburua, 1983an. Auskalo zenbat edizio izan dituen, urte askotan euskaltegietako mahaietan xehe-xehe disekzionatua eta EGAko sinonimo-proba ugaritan disekaturik agertua izan baitzen. Elkar argitaletxeak sortu berri zuen 'Euskal literatura' bildumako lehen zenbakia izan zen. Nobela peto izatera iristen ez ziren narrazio luzeagoak ere argitaratzen ziren, hala nola 'Jolasean' (1983), Joxean Sagastizabalena, edo 'Nafarroako artizarra' (1984), Joxemari Iturralderena.

Poesia ere bolada zegoen (baina noiz ez da boladan egon, euskal literaturan?), eta bultzaldi berri hartan zeresan handia izan zuen Susa argitaletxeak, 1983an sortua. Xabier Montoia, Eneko Olasagasti, Omar Nabarro… Baita beste asko ere: Itxaro Borda, Joxean Muñoz, Tere Irastorza eta beste hainbat.

Publicidad

Itzulpenak ere barra-barra argitaratzen ziren hamarkada hartako Durangoko Azoketan. Gogorarazi behar da EIZIE euskal itzultzaileen elkartea (1987) artean sortu gabe bazegoen ere, 'Senez' itzulpen-aldizkaria Martuteneko Itzultzaile Eskolak sortua zuela, jada 1984an. Urte hartako Azoka baino aste pare bat lehenago, Euskalduna ontziolako langileen protesten aurkako errepresioak langile bat hil zuen.

Literatura-itzulpen gehienak Elkar argitaletxeak plazaratzen zituen. Batzuk aipatzearren, horra 'Hadrianoren oroitzapenak', Jose Austin Arrietak 1985ean argitaratua; eta lehen aipatutako bildumaren barruan «Euskal literatura beltza» delako azpi bilduman Xabier Olarra estreinatu zen 1983an, 'Karteroak beti deitzen du bi aldiz' itzulpenarekin, Igela argitaletxea (1989) sortu baino urte batzuk lehenago. Genero beltzeko bilduma horretan beste hainbat itzulpen plazaratu ziren urte haietan, Gotzon Garateren eta beste zenbaiten polizia-eleberriekin batera.

Publicidad

Garai haietatik hona urte asko joan dira. Literatura-sistema kasik normalizatu bat dugu, «homologagarria», hainbestetan erabilitako hitza baliatzearren. Eta, horrekin batera, bestelako harremanak daude mundu horretako kide guztien artean, anonimoagoak, nahi baldin bada, eta zalantzarik gabe komertzialagoak ere bai. Nostalgiarik ez. Lehengo garaiak hobeak zirela esateko inolako tentaziorik ere ez. Eta espero dut, duela hainbat urte niretzat izan zen bezala, aurtengo edizioa gazte askoren lehen aldia izatea, urte askotarako.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad