Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Rafa Rueda, promozioko irudi batean. OIER ARANZABAL

«Disko honekin birjaiotze antzeko baten sentsazioa izan dut»

Bizkaitarrak Lezon ekingo dio 'Rueda' diskoaren birari; orain arteko lan «biluziena» ei da, soilik ahotsa, gitarra akustikoa eta elektronika sotila

Juan G. Andrés

donostia.

Osteguna, 14 urtarrila 2021, 12:53

Comenta

Hemendik aurrera, abizena baino ez du erabiliko Mungiako musikariak disko eta oholtzetan agertzeko. Hainbat idazle ezagunen testuak hartu eta esentziara jo du doinu malenkoniatsuz betetako disko berrian. Gaur zortzi Lezoko Gezala Auditoriumean arituko da. Beste Bat! ekimenak babesten duen saiorako sarrerak 8 euro balio du.

–Zergatik hasi zara 'Rueda' ezizen artistikoa erabiltzen?

–Aspalditik nenbilen izen artistikoari astindu bat eman nahian. Lan hau berezia izanik, jauzi hori emateko memento aproposa zela pentsatu nuen. Umetan esku pilotan ibilia naiz, eta ume guztiek euren abizenarekin agertzen ziren karteletan. Ni, aldiz, Rafa nintzen. Agian nire abizena ez zelako euskalduna, nork daki, baina beti izan dut arantza hori barruan eta pentsatu nuen egokia izan zitekeela 'Rueda' mahai gainean jartzea nire proiektuari izena emateko. Aita duela urte gutxi hil zitzaigun, agian omenaldia ere bada.

«Erronka, kasu honetan, beharrezkoa baino gehiago ez eranstean zegoen; euste ariketa polita izan da»

–Izena galtzearekin batera, badirudi esentziara jo duzula disko sotil honetan.

–Bai, aurreko proposamenetan baino askoz biluziago agertu nahi nuen honetan, gitarra, ahotsa eta elektronika oinarri. Elementu gutxi izateak elementu bakoitzari arreta handiagoa eskaintzera behartzen zaitu ezinbestean. Kantu batek hezurdurarekin funtzionatzea lortzen badu, asko errazten du horren gaineko guztia. Erronka, kasu honetan, beharrezkoa baino gehiago ez eranstean zegoen; euste ariketa polita izan da.

–'Hiri kristalezkoa' (2017) aurreko diskoan hasi zinen elektronika erabiltzen... Zer dela eta sakondu duzu bide horretan?

–Elektronikak kantuen beste ikuspegi bat ematen dizu askotan. Kantua bera sortzeko ere, bidea ez da berbera elektronikatik abiatzen zarenean. Beste tresna bat da eta orain arte erabili ditudan tresnekin lortutako emaitza aberasteko balio izan dit. Gitarrak eta ahotsak pisu handia izanik, ez nuen nahi ohiko 'songwriter' baten estetikan erori. Pausu bat harago joatea zen asmoa eta horretan lagundu dit elektronikak. Sakonean kantua dago eta hori nabarmen agertzen da. Elektronikaren papera ez da ezer estaltzea, kontrakoa baizik. Beste gehigarri bat izanik ere, askotan, soiltasuna azpimarratzeko balio du. Oso tresna interesgarria da.

–Oso era sotilean erabili dituzu doinu elektronikoak.

–Bai, neurriarekin asmatzean dago gakoa. Belarrira modu naturalean sartzea zen helburua, eta neurriarekin asmatu izan ez bagenu, ziurrenik, ez genuen lortuko naturaltasun hori. Kantu berak eskatzen dizu noraino jantzi behar duzun. Entzun egin behar zaio kantuari, hori da zailena.

«Gitarrak eta ahotsak pisu handia izanik, ez nuen ohiko 'songwriter' baten estetikan erori nahi; elektronikak lagundu dit»

–Ahotsean ere aldaketa sumatzen da.

–Aspalditik datorkit ahotsarekin esperimentatzeko gogoa. Kantu bakoitzari ondo zetorkion kantaera bilatzen denbora asko eman dugu Jonek eta biok. Beste instrumentu batzuekin jolasteko ohitura izan dut, baina ez ahotsarekin, eta azkenean, gustura geratu naiz lan honetan. Kantaera giroaren mesedetan erabili dugu eta ez alderantziz. Oso pozik nago aurkitu ditudan espazioekin eta nago aukera emango didala esperimentazio horretan sakontzen jarraitzeko. Ahotsa gehien maite dudan instrumentua da.

–Esango zenuke Rafa Ruedaren pizkunde artistikoaren aurrean gaudela?

–Ez dakit pizkunde artistiko moduan definitu daitekeen, baina egia da lan honekin birjaiotze antzeko baten sentsazioa izan dudala. Izenaren kontuaz gaindi, espazio berri batean kokatu naizenaren irudipena daukat. Lan guztiekin sumatzen dut nolabaiteko hasiberriaren irrika, baina honetan sakonagoa izan da. Pozik egongo nintzateke pizkunde artistikoa balitz.

–Kanta bateko hitzak idatzi dituzu eta gainerakoak hainbat idazlerenak dira: Sarrionandia, Astiz, Esteban, Lorde... Zergatik utzi lan hori besteen esku?

–Hasteko, ez dut nire burua idazletzat hartzen. Nahiz eta kantuen hitzak idazteko kapaza izan, oso testu ederrak pasatu dira nire eskuetatik, nik kontatu nahi nuena kontatzen dutenak, nik neuk idatziko nukeen baino askoz hobeto idatziak. Behin baino gehiagotan erabili dut Joseba Sarrionandiak publikatutako 'Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak' poesia antologiarena, non besteen lumetan aurkitu zituen berak idatzi edo idaztea gustatuko litzaizkiokeen poemak euskarara ekarri zituen. Hori izan daiteke niri aspaldion gertatzen zaidana. Lan honetan testu ederrak daudela esango nuke hainbat lagunen liburuen gomendioei esker.

–Zeintzuk izango dira hurrengo pausoak?

–Gogo handia dut zuzenekoekin hasteko, ea zortea dugun eta leku askotan aritzeko aukera dugun. Egoera ez da erraza baina ahalegin guztiak egingo ditugu.

«Urteetako lana behar dugu oraindik gure herriak bere kultura behar bezala balioztatu dezan»

–Lezoko saioa Beste Bat! Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker egingo da. Zein da erakundeek jokatu behar duten papera?

–Erakundeek, hainbat sektorerekin bezala, kultura osasuntsu mantentzeko beharrezkoak diren baliabideak mahai gainean jarri beharko lituzkete, baina motorra gizarteak izan behar du. Gizarteari kultur zaletasuna piztu behar zaio eta hori epe luzerako apustua da. Urteetako lana behar dugu oraindik gure herriak bere kultura behar bezala balioztatu dezan, eta horretan erakundeek zeresan handia dute. Epe laburrean inbertitzen den dirua ondo datorkigu, baina ez du sakonean dugun arazoa konponduko. Erreforma laborala, industria iraultza eta horrelako terminoak entzutea ohikoa da gurean eta gustatuko litzaidake kultur erreforma edo kultur iraultza maila berean entzutea, baina horretarako kulturaren benetako balioaz ohartu beharko ginateke; horretan lan handia dute erakundeek.

–Baikorra zara 2021. urteari begira ala bidean gelditu diren musikari, langile eta kontzertu-aretoak berreskuratzea zaila izango dela uste duzu?

–Baikorra naiz okerrerantz egitea zaila delako. Gure miseria guztiak agerian gelditu dira eta horrek badu gauza on bat: matxura non dagoen agerian gelditu dela. Behin osasun arazoa konponduta, jendearen ohiturak berreskuratzea ez da erraza izango, baina pixkanaka urak bere bidea har dezala espero dut. Zoritxarrez, ez dira gutxi bidean geldituko direnak, baina honek modu hobeago batean abiatzeko ematen digun aukera baliatu beharko genuke.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Disko honekin birjaiotze antzeko baten sentsazioa izan dut»

«Disko honekin birjaiotze antzeko baten sentsazioa izan dut»