Plater hegalari batetik iheska, cowboy beltza basamortuan
Jordan Peele zuzendariaren 'NOPE' filmak huskeria alferrikako bihurtzen du orain arteko gure zeluloidezko erreferentzia oro
Pasa den asteazkenean West Coast estiloko garagardo fin bat aurkeztu zuten egungo eta gaueko musika talde guztiak biltzen dituen/diren Donostiako Parte Zaharreko Ensantxe tabernan.
Egun berean, 2022ko abuztuaren 10 ean, hots, Europako hainbat aretotan, Lapurdiko Le Select, Le Royal eta l´Atalante-n ere, ikusleen barne eta kanpoko segurantzak azpikoz gora jarriko dituen filma estreinatu zen. 'NOPE' du izenburu eta huskeria alferrikako bihurtzen du orain arteko gure zeluloidezko erreferentzia oro, nahiz eta, berez, erreferentzia isilez gainezka egin irauten dituen 135 minututan zehar. Erreferentziak? Nolakoak? Ba, etsenplu baterako, Spielberg, Shyamalan edo Christopher Nolan zuzendarien zinemarenak.
Alta, barrurago, atzerago, oso atzerago, jotzen du Jordan Peele autoreak bere kontakizunean, Eadweard Muybridge zientzialari eta asmatzailearen mugimendu eta irudiaren inguruko 1878ko esperimenturaino, hain zuzen ere.
Zuetako askok jakingo duzuenez, zaldien eta irudiaren zale porrokatuen artean bazegoen garai hartan duda-ezbaia egundokoa; korrikan doan bitartean, zaldiak baditu une batean sikiera, lau hankak airean?
Eadweardek Kentuckyko lasterketetan behin baino gehiagotan txapeldun izandako 'Sally Gardner' behorrari egin zizkion argazkiak hipodromoan. Aurretik, Sacramentoko zalditegian 'Occidente' izeneko zaldia harrapatu zuen trostan… Latinoamerikan ere ibili zen argiaren inguruko saioak egiten….
Azkenean, bai. Azkenean probatu zuen: trostan edo lauhazkan doan zaldiak momentu batean baditu lau hankak airean. Zinema asmatu zutenek kontuan izan zuten Muybridgeren esperimentua. Izan behar. Bera gabe, igual zinemarik ez litzateke.
Jakin badakizkigu, bai, Muybridgeren saioetan parte hartu zuten zaldiaren eta behorraren izenak, baina zinemaren zimenduetan zizelkaturik dauden irudi horietako zaldizkoaren berri inork ez du… Agian beltza zelako? Izan liteke bai.
'Get Out' eta 'Us' izeneko bere hastapenetako pelikula harrigarri/izugarrietan terrorezko eta distopiaren zinema hankaz gora jarri zituen Jordan Peele beltza da eta maiz aldarrikatzen du kameraz eta lumaz bere arraza. Sarri exijitzen du (hartu ere) zor zaion justizia. 'NOPE' honetan, 'Sally Gardner' behorra gidatzen zuen zaldizkoari izena, izana eta istorio bat ematen dizkio. Zaldizko hark harridura osoz begiztatuko zuen film honetan, western, beldurrezko eta zientzia fikziozko mestizo bat, sasiko bat den pelikula honetan..
Aurreko asteazkenean estreinatu zen Lapurdin, guk Donostian garagardo zahar-berriak dastatzen genituen bitartean. Aurreko ostegunean emanaldi berezia izan zen Parte Zaharreko Principe aretoan. Ahoa bete hortz, belarria bete soinu eta bihotza bete ez usadiozko taupada geratu ginen hara arrimatu ginenok. Bada film ilunabarrekoa, tristezia bereziaz zamatua. Desolamendu gorrian filmatua. Broma bat ematen du pasarte askotan eta besteetan, ezinezkoan diren ametsen aldeko aldarrikapena. Zineman ibili diren guztiek aipatu izan duten Hartze ezinezko aren esentziaz eta desiraz dabil dantzan eta hain dira mugagabeak bere intentzioak ezen ezin dituen denentzako leku egin filmean. Gainezka egiten du 'NOPE'k eta guk bertan gozo ito. Ordu txikiak ziren aretotik atera ginenean. Forma,. Arraro eta itzak arraroak ziren zeu beltzean…
Datorren ostiralean, Hegoaldeko aretoetan izango da ikusgai Jordanen azkena.