'Orkestra lurtarra', animaziozko film «zoro eta dibertigarria, txiki zein helduentzat aproposa»
Elkarrek 2013an argitaratu zuen Harkaitz Cano eta Jokin Mitxelenaren liburuan oinarritutako filma, Lotura Films-ek ekoitzia, apirilaren 8an estreinatuko da
Asteazkena, 30 martxoa 2022, 13:18
«Orkestra bat sortu nahi du Manuk, eta bertan joko duten lagunen bila abiatuko da: horrela topatuko ditu Lurrinetti anaiak, bi 't'-rekin, tronpeta jotzeaz gain Presidente izeneko ahuntz bat dutenak, eskailera gainera igotzen dena; Aldika izeneko biolin-jotzaile bat, aldika besapeetan azkura izaten duena; Osoki deritzan triangelu-jolea, bere tresna gainean pausatzen den kardantxilo eta guzti; Crocanti izozki-saltzaile eta kontratenorea… Denen artean musikaririk zoroena eta zoragarriena sortuko dute, baita hainbat abentura bizi ere, umorez eta irudimenez beteak». Honela laburbildu zuten 2014an, Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria eman ziotenean, Harkaitz Canok idatzi eta Jokin Mitxelenak ilustratutako 'Orkestra lurtarra'-k kontatzen zuen istorio gorabeheratsua.
Epaimahaiak, berriz, honako meritu hauek ikusi zizkion, beste zenbaiten artean, saria emateko: «'Nonsensea' eta umorea trebetasunez uztartzen ditu ipuin irudimentsu honek. Bremengo Musikariak tradiziozko ipuinaren zantzuak aurki daitezke Canoren honen abiapuntuan, baina kontakizunaren joan-etorri guztiek oso bestelako norabidean jarriko dute irakurlea, eta, aurrera egin ahala, garapen interesgarria izango du kontakizunak.
Banan-banan azaltzen zaizkigu pertsonaia xelebre eta bereziak, animaliak ere tarteko; eta guztiek ere aurkitzen dute beren lekua orkestra bitxi horretan. Nork bere ekarpena egiten dio taldeari eta denak ala denak ere onartuak dira, izaera eta jokaera ezberdinak gorabehera«.
Argitaratu zenetik ia hamar urte joan badira ere, liburuak ez dut gaurkotasun izpirik galdu, eta erakutsi du gainera beste formatu batzuetara egokitzeko gaitasuna duela, estreinatzear baita Lotura Films-ek egin duen marrazki bizidunetako filma, «bestelako tratamendua emanez musikalki eta baita istorioan ere, garaikideago eta ganberroago».
«Filmeko pertsonaiek arrakastaren bila biziko dituzten hartu-emanek gizartea ezin hobeto erretratatzen dute: Manu ameslaria eta pixka bat tuntuna; Salegi bizizale eta harroa; Perfumetti anai erromantikoak; Aldika orojakilea; Osoki bihurri eta egoskorra, Presidentea izeneko ahuntza…», aurreratu dute.
Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendu dute filma eta azken honek idatzi du musika; Harkaitz Canok berak eta Eneko Olasagastik josi dute gidoia. Eta emaitza da, seguruenik, Lotura Films-ek orain arte egin duen «lanik zoro eta dibertigarriena, bai txiki zein helduentzat aproposa».