'Bingo con Albina Divina'. J. LEON

Kutxa Zurian ikasi eta ikusi genuen hori

Domingo, 7 de septiembre 2025, 10:54

Bart, itsaso parean, parkean, iritsi zen bere amaierara Animadeba zinemaldiaren 18. edizioa. Deban, non bestela?

Publicidad

Dozenaka animaziozko film ikusi ziren zinema aretorik ez duen herri paregabe horretan. Saloi zinematografikorik ez eta zinema jaialdia bai? Nola 'leike'? Gauza jakina da zinemajaleontzat ezinik ez dela. Gauza jakina ere, ohiko, usuzko pantaila normatiboetatik at zinema existitzen dela. Existitu da eta existituko da. Joandako, antzinako, denboretan ferietako barrakoietan zein herriko plazako hormetan proiektatzen zen mirari jaio berria. Jaio berria edo, maiz segun eta non, urteak izan arren jada. sekula ez dastaturiko delizia. Datozen aroetan gerta liteke pelikulak agertzea gure begi aurrean burmuinean jarriko dugun txip baten laguntzaz.

Zinemak euskarri guztiak erabili izan ditu. Erabili eta gainditu. Beraz ez da harritzekoa lau egun irauten dituen zinemaldi udako bat parkean jarritako ilundu olanazko karpa baten azpian/barruan suertatzea, benetako zinema festetan izan ohi den guztia barne edukita. Esaterako? Merezi duen jendeari eginiko omenaldiak, kasurako. Aurten, Begoña Vicariori eskaini izan diote atzerabegirako sailpotoloa. 'Jane: Tarzán no era tan guay', 'Beti bezperako koplak' edo 'Areka' bezalako proiektu sekulakoetan parte hartutako bizkaitarrak irakasle dihardu EHUko Arte Ederren fakultatean, eta, euskarazko Wikipediak dioen legez, bere tailerra animazio esperimentalaren alorreko artista gazteen harrobia da. Ostiralean omendu zuten Kutxa Zuripean eta gaua biribiltzeko, Amy Winehouseren zale amorratua eta soul musika gustuko duen Sara Azurza musikariak kontzertu txikia eskaini zuen.

Aretorik ez izan arren, zinemaldia duen herri horretako parkean hitzaldia ere izan ziren. Hitzaldi itzelak. Teknologia berrien filosofiaren inguruan ardura hartu duen Euridice Cabañesek luze, sakon eta era harrigarriz 'Bideojokoen Diseinu Erradikalaz' jardun zuen, ikusleak, entzuleak, egileak ere, zor eta lor utziz.

Zerbetzak ere izan ziren Animadeban. Derrigor izan behar Bilboko La Salve garagardoa babesleetako bat izanik. Hanburgesak izan ziren Kutxa Zuriaren ondoan, zinema jai guztietan suertatzen den bezala, emaldiak bukatzerakoan, gosez baitziren zaleak. Hor zen Mafaldo izeneko 'food truck' barra-barra ogitartekoak eskaintzen.

Publicidad

Kontzertuak ere parkean. Emanaldien artean, aurretik do gero: Koda, Ke Lepo, Omago edo…Iskra Selectors. Instagramen esaten duten moduan…»Binilo zaharrei hautsa kentzeko eta kaleko doinuez sua pizteko prest» daude. Eta Deban erronka baieztatu zuten. Atzo.

Frogatu dugu, nik uste, zinemaldirik antolatzeko aretorik ez izatea ez dela oztopo ezin garaituzkoa. Alta, zinema jaialdi batean pelikulak izan behar. Euskarriak ez du axola. Ezta formatuak ere. Baina pelikulak izan behar ditu zinema festa batek. Eta Deban ziento bat izan ziren. Kristonak batzuk. Adibidez, Kroazian Niko Radasek sinaturiko 'Psihonauti'.Oso lan berezi berezia , Vrapce hiriko Ospitale Psikiatrikoan dauden barneko gaixotuekin landua. Soinua, musika, irudia eta mugimendua trebe eta fantasia goibelaz erabiliz, hartzen ditugun botika mila eta batek zelako unibertso arraroetara garamatzan azaltzen du pelikulak, estu harrapatzen zaituena.

Publicidad

Besterik? Vicente Mallolsen 'Carmela. Stop motion' teknikarekin maisuki jolasten/jokatzen, josten eta borrokatzen dakien neska baten bitartez, Errepublikak piztu zituen ametsez aritzen da filma. Baita amets horiek guztiak nola bihurtu ziren (zituzten, hobe esanda) amesgaizto azaldu ere. Nola, ederki eta triste asko dakigun moduan, emakume balent horietako gorpuak, maitaturiko hezur horiek areketan dauden oraindino. Nola josi zuten elkartasunerako haria hautsi ez den… eskerrak. Zuei.

Carmelaren antzeko hariaz eta emakumeen arteko solidaritateaz aritzen da Julia Granillo mexikarraren 'Ser Semilla' hori, ahuakate, kafe, indaben pigmentuez marrazturiko film ezin ederragorik…

Bart etorri zen bere amaierara aretorik ez duen Animadeba animaziozko jaia. Aretorik ez, pelikulak bai. Geroa ere bai. Beste zinemaldi askotan nola, 'Work In Progess' saila izan da bertan. Ederki dakizue zuek hiru hitz horiek zer esan nahi duten: «Lanean ari gara». Tailerretan. Kameraz, ordenagailuz eta lapitzaz. Zinema sortzen.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad