Kimuak 2022 film laburren aukeraketan parte hartzeko epea zabaldu da
Deialdian hautatzen diren film laburrak nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira
Asteartea, 3 maiatza 2022, 12:14
Eusko Jaurlaritzak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez antolatu eta Zineuskadi elkarteak kudeatutako Kimuak film laburren aukeraketaren 2022ko edizioan parte hartzeko epea zabaldu da. Programak Euskadiko Filmategiaren laguntza du zabalkunderako.
Deialdian hautatzen diren film laburrak 'Kimuak' deiturapean jasoko dira eta nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.
Bada, aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2021eko ekainaren 1etik aurrera eginak badira.
Bestalde, aurtengo berritasun gisa, Nafarroako Foru Komunitateko eta Euskal Hirigune Elkargoko euskarazko film laburrak ere onartuko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko film laburren kasuan, edozein hizkuntzatan egindakoak izan daitezke.
Film laburrak komertzialki estreinatu gabeak izan behar dira. Zinemaldi baten testuinguruan plataforma publikoren baten bitartez hedatuak izan diren lanen onarpena ebaluatuko da. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da. Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa kimuak.com webgunean daude eskuragarri.