Bi euskal film Annecyko Zinemaldian
'Unicorn Wars' eta 'Los demonios de barro' Sail Ofizialean lehiatuko dira eta beste hainbat ere Frantzian izango dira ikusgai
Astelehena, 13 ekaina 2022, 15:04
Annecyko (Frantzia) Zinemaldia hasiko da astelehen honetan, munduko garrantzitsuena animazioaren industriari dagokionez, eta 'Unicorn Wars' eta 'Los demonio de barro' euskal filmak lehiatuko ditu Sail Ofizialean. Gainera, bi lanen mundu mailako estreinaldia izango da, «erakusleiho paregabean», Basque Audiovisualek jakinarazi duenez.
'Unicorn Wars' filmari dagokionez, jaialdiak 2021ean erakutsi zuen jada Alberto Vazquezen proiektuarekiko interesa, MIFA merkatuko Work In Progress atalean parte hartzeko aukeratu zuenean. Abano Producions, Uniko, Autour de Minuit eta Shmuby Productions enpresek ekoitzitako lanak hartzen eta adarbakarren arteko antzinako gerra kontatzen du, eta bi protagonistek (Azulin eta Gordi anaiek) amaren maitasuna bereganatzeko bizi duten barne gatazkan ere sakontzen du.
Bestalde, Nuno Beato zuzendari portugaldarraren 'Los demonios de barro' filma Sardinha Em Lata, Marmita Film, Caretos Film eta Bilboko Basque Films ekoiztetxeen nazioarteko produkzioa da. Rosaren istorioa kontatzen du. Neska langile eta aditua da, eta bere enpresan rol oso garrantzitsua du, baina bizitza aldatu egiten zaio bere senide bakarra den aitona hil ondoren. Protagonistak dena alde batera uztea erabakitzen du eta hark egindako akatsak desegiten saiatzen da.
'El sueño de la Sultana', bazkide bila
Lehiaketan aritzeaz gain, beste euskal film batzuk ere Frantzian ospatzen den zinemaldian izango dira egunotan, Basque Audiovisualek aurreratu duenez. Esaterako, Isabel Herguerak zuzentzen duen 'El sueño de la Sultana' proiektua bertan aurkeztuko da «bazkideak lortzeko asmoz» eta 'Nora y la dama de Anboto' ere eramango dute.
Lehenak, 'El sueño de la Sultana' fikzioak, hainbat herrialdetan gertatu eta elkarren artean nahasten diren hiru istorio kontatzen ditu. Bigarrenak, oraindik garatzen ari denak, amonari jaramonik egin ez eta basora sartzen den pertsona du protagonista. Familiaren landetxetik hurbil zenbait pertsonaia bitxi ezagutuko ditu eta gizakien mundura itzultzeko haien beharra izango du.
Horretaz gain, Dibulitoon ekoiztetxeak ekoizpen fasean dagoen 'Yokoren oporrak' filmari buruzko materiala eskainiko du. Mai, Oto, Vik eta Yoko lagunen istorioa azaltzen du pelikulak: lehen aldiz bananduko dira udaldia igarotzeko, eta horrela ikasiko dute haurrak dauden lekuan beti jolasteko gogoa dagoela.
Talka Records eta Fermin Muguruza ere izango dira 'Black is Beltza II: Ainhoa' filma amaitzeko behar duten finantziazioa bilatzeko asmoz. Bigarren atal honek lehenengo lanaren protagonista zen Manexen alaba Ainhoaren istorioa du ardatz.