Bizkaiko Bertsolari Txapelketa larunbatean hasiko da, Gernika-Lumon
Bi urtez behin egiten den txapelketaren finala abenduaren 15ean jokatuko da, Bilbon
Asteartea, 2 urria 2018, 16:41
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udazkeneko fasea datorren larunbatean hasiko da, urriaren 6an, Gernika-Lumon jokatuko den lehenengo saioarekin. Lizeo Antzokian izango da, 17:00etatik aurrera, eta Asier Galarza, Garikoitz Sarriugarte, Imanol Uria, Ion Barrocal, Julen Erezuma eta Paule Ixiar Loizaga bertsolariak ariko dira.
Saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara, eta besteek, puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Udazkeneko fase honetara 30 bertsolari iritsi dira; udaberrian, apirilaren 14tik maiatzaren 26ra jokatu ziren 13 saioetan puntuazio onenak lortu zituztenak eta 2016ko finalistak. Miren Amurizak, Xabat Galletebeitiak, Beñat Ugartetxeak, Nerea Ibarzabalek, Onintza Enbeitak, Ibon Ajuriagojeaskoak, Jone Uriak eta oraindik txapelaren jabe den Etxahun Lekuek, hain zuzen, ziurtatuta daukate postua finalaurrekoetan, hortxe hasiko dutelarik finalerako bidea.
Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, larunbateko saioan gaiak ematen Maite Berriozabal egongo da, eta Alaitz Etxanobe Bereziartua, Ander Txakartegi Basterretxea, Jon Jaio Aiartzaguena, Leire Etxebarria Gaztelu eta Miriam Juaristi Urizar epaimahaiko kideak izango dira. Idazkari lanetan Itziar Basterretxea Olarreaga arituko da.
Kanporaketetako fasean bertsolariek egin beharreko lanak hauek izango dira: zortziko nagusian ofiziotan hiruna bertso, zortziko txikian ofiziotan hiruna bertso, puntua emanda bertso bi zortziko txikian eta hamarreko txikian ofiziotan hiruna bertso; bakarkako lanari dagokionez, gai bati buruz bertso bi, doinu eta neurri librean. Kanporaketa fasearen ondoren finalaurrekoak jokatuko dira, eta azkenik, finala abenduaren 15ean jokatuko da.