Aurtengo erronka, txokolate-ontzi bat XXI. mendera ekartzea
Abian da askoren artean antolatzen duten HAU. Euskal Herriko objektu tradizionalaren diseinu lehiaketaren 4. edizioa
Osteguna, 25 otsaila 2021, 13:34
Bitamine Faktoriak, mugaz gaindiko sormen eta kultura-ekoizpen lantegiak, San Telmo Museoaren, Mondragon Unibertsitatearen, Aranzadi Zientzia Elkartearen, Ibili enpresaren eta Rafa Gorrotxategi txokolategilearen laguntzarekin antolatzen duten HAU lehiaketak, jakina denez, euskal kulturako objektu tradizionalak gaurkotzea du helburu. Hau da, «diseinu garaikidearen begiradatik egokitu, berritu eta berrinterpretatzea eskatzen zaie parte-hartzaileei, gure historiarekin lotura berriak sortu eta diseinu alorrean ikerketa ildo berriak zabaltzeko».
Antolatzaileek gogoratu dutenez, «aurreko edizioetan taloaskea, kutxa eta zizeilua izan ziren aukeratutako objektuak, eta aurtengo edizioan txokolate-ontzia da, txokolatea prestatzeko erabiltzen zen sukaldeko tresna. Bular formako ontzia da, behealdean sabela duena eta ahoaren aldean, berriz, laua. Eusteko kirten bat du. Goialdeko estalkiaren erdiko zuloan zurezko ehogailu edo irabiagailua sartzen da. Barra luze hori ezinbesteko pieza da txokolatea behar bezala prestatzeko. Estalkiaren irekiduratik ateratzen da, eskuekin eutsiz eta mugituz, bi aldeetara bira egin ahal izateko. Ehogailuak behealdean zilindro ildaskatu bat du; horri esker, bi aldeetara biratzean, uretan edo esnetan murgildutako txokolatezko ontzak zanpatzen ditu eta nahasketa irabiatu, guztiz desegin eta loditu arte. Hainbat ontzi oinarri baten edo hanka txiki batzuen gainean finkatuta zeuden».
Lehiaketa diseinuaren alorrean diharduten ikasleei, profesionalei edo kolektiboei zuzenduta dago (industria- eta produktu-diseinua, arkitektura, ingeniaritzak, arte ederrak, etab.). Lanak aurkezteko aukera apirilaren 26ra bitarte izango da. Ondoren, jasotako proiektuak hainbat irizpideren arabera baloratuko ditu epaimahaiak, aintzat hartuko dituelarik, besteak beste, funtzionaltasuna eta kalitatea, ekarpen berritzaileak, bideragarritasun ekonomikoa, jasangarritasuna eta ingurumen-eragina...
Epaimahaia diseinuko eta euskal etnografiako alorretako aditu hauek osatzen dute: Fermín Leizaola Calvo (Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko zuzendaria); Elisabeth Urrutia Bea (industria-diseinuko irakaslea eta ikerlaria Mondragon Unibertsitatean); Agurtzane Garai Ibarluzea (San Telmo Museoko jarduera eta proiektu arduraduna); Ibili Menaje enpresako diseinu-taldea; Rafa Gorrotxategi, txokolategile eta gozogilea; eta Bitamine Faktoriako lantaldeko kide bat. Ekainean proiektu sarituaz eta diseinu nabarmenez osatutako erakusketa antolatuko da San Telmo Museoan.