Arabakoen faltan, osatu da Txapelketa Nagusian parte hartuko duten bertsolarien zerrenda
Irailaren 24an abiatuko da Getxon, eta finala abenduaren 18an jokatuko da Iruñeko Nafarroa Arenan
m. imaz
Asteartea, 3 maiatza 2022, 11:12
15 emakumek eta 25 gizonezkok osatzen dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko duten bertsolarien behin-behineko zerrenda, Arabako ordezkarien faltan. Finalerako bideari ekingo diote, gainerako guztiekin batera, azken hiru txapelak jantzi dituzten Maialen Lujanbiok (2017 eta 2009an txapeldun), eta Amets Arzallusek (txapeldun 2013an).
Izan ere, neguko osasun egoerak ezustean atzeratu zuen Arabako Bertsolari txapelketa izan ezik, Txapelketa Nagusirako bidea irekitzen duten gainerako lurraldeetakoak amaitu ostean, astearte honetan zabaldu du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko duten bertsolarien zerrenda. Arabako ordezkariek txapelketa amaitzean izango dute izena emateko aukera, ekainean. Txapelketa Nagusiari buruzko xehetasun gehiago ere ekainean eskainiko ditu Bertsozale Elkarteak; hilaren 22an aurkeztuko dute, alegia.
Pandemiaren eraginez Txapelketa Nagusien arteko tartea ezohikoa izan bada ere -halabeharrez bostera luzatu behar izan da lau urteko zikloa-, Txapelketan parte hartzeko modua ohikoa izan da, eta lurraldeetako txapelketetan eskuratu dute aukera hori bertsolariek. 2017ko Txapelketa Nagusitik bi urtera egin zen Gipuzkoakoa, 2019an, pandemiaren aurretik. Gainerakoei era batera edo bestera eragin zien covid-19ak, eta 2021ean amaitu ziren Bizkaikoa, Nafarroakoa eta Xilaba (Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoakoa). Arabakoa, esan bezala, oraintxe egiten ari da.
Irailaren 24an, Getxon
2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia irailaren 24an abiatuko da Getxon, eta abenduaren 18an amaituko, Iruñean. 2005etik finalak Barakaldoko BECen egin eta gero, tokiz aldatuko da, eta Nafarroa Arenak hartuko du finala. «Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren eta euskararen lurralde osoan eragitea du helburu eta horrekin bat egiten du leku aldaketak», nabarmendu dute.
Honako hauek dira parte-hartzaileak, Arabako ordezkarien faltan: Agin Laburu Rezola, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Aitor Mendiluze Gonzalez, Alaia Martin Etxebeste, Amaia Iturriotz Etxaniz, Amets Arzallus Antia, Ane Labaka Mayoz, Asier Azpiroz Iztueta, Beñat Gaztelumendi Arandia, Beñat Iguaran Amondarain, Eneko Lazkoz Martinez, Eñaut Martikorena Lizaso, Gorka Pagonabarraga Agorria, Haritz Mujika Lasa, Iban Urdangarin Lardizabal, Imanol Uria Albizuri, Iñaki Apalategi Astigarraga, Iñigo Mantzizidor Larrañaga, Joanes Illarregi Marzol, Jone Uria Albizuri, Julio Soto Ezkurdia, Maddalen Arzallus Antia, Maialen Akizu Bidegain, Maialen Lujanbio Zugasti, Miren Amuriza Plaza, Miren Artetxe Sarasola, Nerea Elustondo Plazaola, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Bartra Arenas, Oihana Iguaran Barandiaran, Onintza Enbeita Maguregi, Patxi Iriart Hiribarren, Saioa Alkaiza Guallar, Sustrai Colina Acordarrementeria, Unai Agirre Goia, Unai Gaztelumendi Arandia, Unai Mendizabal Jauregi, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Xabier Silveira Etxeberria