Las diez noticias clave de la jornada
Jenny Saville-ren margolana, 'Amek ez dute' liburuaren azalean agertzen dena.

Amek idazten dute (kostata)

Amatasuna eta sorkuntza literarioa. Bikote zaila. Horretaz idatzi du Katixa Agirrek bere nobela berria. Zer diote beste idazleek?

Domingo, 4 de noviembre 2018, 12:35

'Amek ez dute' nobela plazaratu du Katixa Agirrek (Gasteiz, 1981). Batetik, krimen baten kontaketa dago, literatura beltzaren estilokoa: ama gazte batek (Jade/Alice) bere ume bikiak hil ditu, bere eskuz baineran itota. Bestetik, nobelaren narratzailea dago, bere haurraz erditzerakoan bat-batean ohartu dena ezagutzen duela ama hiltzaile hori, aspaldian haren berri izan ez badu ere. Jade/Alicerekin eta haren ekintzarekin obsesionatuta, gehiago jakitea erabakiko du, hartaz ikertzea eta horri guztiari buruzko eleberri bat idaztea.

Publicidad

Nobela idaztea erabaki duen emakume hori ama izan berri da, eta bere kontakizun horretan amatasunari buruzko gogoetak tartekatuko ditu. Azken batean, sorkuntza eta amatasuna uztartzeko zailtasuna da nobelako gaia.

Baina zer da eta Katixa Agirre ere haurdun gelditu zen nobela hau idazten ari zela, bere bigarren haurra izango zena hazi zitzaion sabelean. Gero, gainera, zesarea ebakuntza egin behar izan zioten, berarentzat gertaera dramatikoa izan dena, besteak beste orbana gelditu zitzaiolako, eta hain zuzen ere orbanaren kontu hori eleberrira ekarri du; hasieran ez zuen horrelako asmorik. Amatasun berriaren ondorioz hilabeteak atzeratu zitzaion nobelaren entrega.

Katixa Agirreren nobelaren hasierako izenburua 'Amek ez dute idazten' zen. Gero aldatu egin zuen, azken hitza kenduta. Nolatan? «Esaldi hori esanda dagoelako, oso ezaguna delako», esan zuen lehengo astean, aurkezpen-ekitaldian. 'Amek ez dute idazten, idatzita daude' da esaera, aspaldiko esaera.

'Amek ez dute' ez da nobela autobiografikoa, baina, dudarik ez da, Katixaren argudioak eta sentimenduak ditu abiapuntu.

Bestela, liburutik aparte, zer dio Katixak amatasun eta sorkuntza literarioari buruz? «Sorkuntza eta amatasuna. Berez, ekintza kontrajarriak dirudite. Nork dauka astia eta gogoa sorkuntzaren ur handitan barneratzeko bi urtez ez duzunean hiru orduz jarraian lo egin? Nola dedikatu goiz oso bat 'hitz zehatzaren' bila, inguruan umeen kaosa zabaltzen denean?».

Publicidad

«Nik hasieran gaizki eraman nuen, alaba nagusia jaio zenean pentsatu nuen ez nuela sekula berriro idazteko denbora eta grina topatuko –jarraitzen du–. Gerora buelta eman diot egoerari, onartu dut nahi baino gutxiago idazteko eta irakurtzeko denbora dudala, baina daukadan denbora apur hori aprobetxatu nahi dudala, nire identitatearen parte ezinbestekoa ere baden atal hori zaintzeko. Hala ere, zailtasunak baditut noski. Batzuetan umea haur-eskolan utzi dut, negarrez, etxera itzuli eta idazten jartzeko. Erru-sentimendua ez da makala horrelakoetan. Baina, beste alde batetik, amatasuna ere artea egiteko lehengaia izan daiteke, esperientzia zinez aberats eta iraultzailea den heinean. Funtsean, artea sortzeko eta umeak sortzeko bulkada leku beretik dator, leku intimo eta misteriotsu batetik, arrazoiarekin azaldu ezin dena. Arrazoia baliatuz bakarrik argi daukat ez nukeela idatziko (zertarako hainbeste lan!) ezta umerik edukiko ere (zertarako hainbeste ahalegin!)».

Katixa Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle da. Alde horretatik baditu bere loturak. Bestelako egoera zen Jasone Osororena (Elgoibar, 1971) alabak izan zituenean 2007an eta 2009an. «Ama izan nintzenean argi izan nuen amatasuna eta lanbidea uztartzeko modua bilatu behar nuela, eta etxetik eta nire kontu lan egitea erabaki nuen. Horrela daramatzat 11 urte. Zaila izan da amatasunari eta sorkuntzari bere denbora ematea, zaila izan da biak banatzea, haurrak eskolan dauden uneak edo gauak aprobetxatzea idazteko. Zaila izan da askotan amatasunak irentsi egiten zaituelako baina, era berean, horri zor diot sorkuntzaren aldeko apustua egiteko erabakia hartzea», adierazi dit. 2009an 'Ezekiel' eta 'Bi marra arrosa' kaleratu zituen; beraz, nola edo hala lortu zuen lehen alaba txikiaren zainketa eta literatur sorkuntza uztartzea.

Publicidad

Arantxa Iturbek (Alegia, 1964), 'Ai ama!' saiakera atera zuen 1999an, amatasunari buruz ziharduena eta giza kondizio honen inguruko zenbait zalantza eta kezka plazaratzen zituena. Testigantza hau eskaini dit: «Ama izan berritan, ez nuen asmatu umearen zaintza eta nire idazteko gogo-nahi-grina-premia-asmoa-beharra uztartzea. Ezin hartatik sortu zen 'Ai, ama!'. Gai bakarra, egoera bakarra, neukan buruan (eta gainontzeko atal guztietan), eta harixe heldu nion umea bi urteko pertsonatxo bihurtu zenean. Batetik, terapia modura eta, bestetik, uztartu ezintasuna ulertarazten saiatzeko oihu ozen, eta aldi berean, mutu bezala».

Eta orain aurreko belaunaldira jauzi eginez, hona Arantxa Urretabizkaiaren (Donostia, 1947) testigantza: «'Zergatik, Panpox' idatzi nuenean ez nuen seme-alabarik, ez bikoterik. Gure semea handik 18 urtera jaio zen. Baina hura idazten nuen bitartean ama nintzen, amarena egiten nuen, horretarako inguruan nuena baliatuz. Gero, semea haztea ez zen 'behar' bat izan, jakinaren gainean eta borondatez egindako zerbait baizik. Banekien horrek, bolada batean, idazteko denbora kenduko zidala, baina ni tarteka liburu bat idazten duen pertsona naiz, ez dut sekula hori 'karrera' gisa ulertu».

Publicidad

Ana Urkizaren 'Zortzi unibertso, zortzi idazle' elkarrizketa-liburuan (2006) apenas aipatzen den amatasunaren eta sorkuntza literarioaren arteko talkarik, besteak beste bertako idazle gehienak ama izan ez direlako. Bada bertan pasarte oso jakingarri bat, Laura Mintegiren aitorpen hau: «Lehen, ama izan aurretik, mania ugari nituen idazteko orduan; gauez, halako koadernoa, halako sofa, halako musika... Geroztik, ahal dudan moduan idatzi behar izan dut, umeek ez dutelako ulertzen ama literaturarekin konpartitu behar dutenik. 'Nerea eta biok' nobelaren azken partea gaueko titi-aldien arteko ordu eskasetan amaitu nuen».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad