Alaia Martinek ez ezik, Joanes Illaregik ere hegan egin du Elizondon
729,5 puntu bilduta, Amurrioko saiorako txartela lortu du bertsolari oiartzuarrak, eta 711 punturekin leitzar gaztea izan da bigarren
n. azurmendi
Larunbata, 22 urria 2022, 21:19
Ariketa puntuagarrien atariko bertsoetan iragarri dute Alaia Martinek eta Joanes Illarregik zer gertatuko zen Elizondoko Baztan pilotalekuan jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiko aurreneko finalaurrekoan. Lehen fasetik bigarren honetara puntuazio altuenarekin igaro den bertsolaria izan da Martin –738 puntu jaso zituen Getxon, irailaren 24an–, eta honakoa izan da bere asmo-adierazpena: «Oinak oholtzan ongi finkatu eta hegan egin dezagun». Horixe egin du saio osoan zehar, entzuleek igortzen zioten aldeko haizea lagun.
Joanes Illarregi, 1999an Leitzan jaiotako bertsolaria, Arrasaten jokatu zen saioa 678 punturekin irabazi ondoren heldu da Elizondora. Berak ere argi utzi du zertara zetorren, eta zertara ez. Bost «kantukide gogorri» batere meriturik kendu gabe, ondo prestatuta eta gogotsu zetorrela aurreratu du: «Inork esango du zer eskatu dakioke gazte horri, baina ni ere ez naiz Xorroxin bisitatzera etorri». Saio amaierako bertsoetan agindutakoa betetzen badu, iganderako utzi du bisita.
Elizondoko pilotalekua bete duten entzuleek harrera oso beroa egin diete Amaia Castorene Luroren esanetara aritu diren sei bertsolariei, baina tenperaturak gora egiten zuen mikrofonoaren aurrean zeudenak Alaia Martin eta Joanes Illarregi zirenean.
Sailkapena
-
1. Alaia Martin 729,5
-
2. Joanes Illaregi 711
-
3. Agin Laburu 677
-
4. Unai Agirre 652,5
-
5. Onintza Enbeita 639,5
-
6. Iñaki Apalategi 623
Saioaren bi osagai garrantzitsu izan dira desberdinak, aurreneko itzuliarekin alderatuta: epaimahaia eta bertsolariek egin behar dituzten lanak. Puntuak banatzeko orduan, dena den, ez dira zikoitzak izan, eta Jexux Mari Irazuk egin berri duen ariketa interesgarriaren arabera –bertsoa.eus-ren irakur daiteke–, non aurreko bi Txapelketa Nagusietako puntuazio eta sailkapenak aztertu ondoren finkatu duen zein diren beheko langak bigarren itzulira eta finalera igarotzeko, finalista itxura izan dezakete biek ala biek.
Hirugarren gelditu den Agin Laburuk jasotako 677 puntuek aise gainditzen dute bigarren itzulira igarotzeko langa –648 puntukoa, orain dela bost urte–, baina hiru saio falta dira oraindik urrats hori egingo dutenen zerrenda osatu ahal izateko. Momentuz, esan bezala, Alaia Martinek baino ez du ziurtatu finalerako sarbidea izan daitekeen hitzordua. Gainerakoak puntuen zain geratuko dira.
Esate baterako, 2017an finalista izateagatik Txapelketan atzo sartu zen Unai Agirre. 652,5 punturekin ezin du bukatutzat eman 2022ko Txapelketa Nagusiko bidea, baina amaierako bertsoan ez zen baikor agertu, eta despeditu egin zen «gogorra baino ederra izan da» esanez.
Emozioa
Entzuleak zeharo hunkitu dituena emozioak libre utzi zituen Onintza Enbeita izan da, bosgarren sailkatua. Bertsolari bizkaitarrak, malkoei bidea itxi gabe, onartu du Txapelketaren «trena aurretik igaro» zaiola Elizondon. Hala ere, «maitasuna sentitu dut eta superpozik nago, bizitzari ez diot eskatzen askoz gehiago», esan du. Iñaki Apalategik itxi du sailkapena, 623 punturekin.
Umoreak izan du tartea ia denetarik egon den saioan, batez ere sei bertsolariak binaka zortziko txikian aritu direnean, baina emozioak ez dira bakarrik azaleratu agurretan, ganbarako ariketarako proposatu dieten gaiari –'Eskua hartu dizu, indartsuago sentitu zara'– sentiberatasunetik heldu baitiete sei bertsolariek. Pandemia garaian egoitzan isolatuta dagoen adinekoa; ama hil hurren duen semea; istripu baten ondorioz inguruarekin ezin komunikatuta dagoen pertsona... Horiek izan dira, hurrenez hurren, Unai Agirre, Joanes Illaregi eta Iñaki Apalategiren hautuak. Agin Laburuk, Alaia Martinek eta Onintza Enbeitak haurrak jarri dituzte eskolarako bidean, esku lasaigarri baten beharrean.
Hurrengo geldialdia Donibane Garazin egingo du Txapelketak, datorren larunbatean. Finalaurrekoetako lehenengo itzuliko bigarren saioan Oihana Iguaran, Nerea Elustondo, Haritz Mujika eta Aitor Etxebarriazarraga bilduko zaizkio Amets Arzallusi.