Joxinixio Etxeberria bertsolari eta gudariaren berreskurapen betea
Asteazken honetan aurkeztuko da Andoainen Xabier Lasak osatu duen 'Joxinixio, Pizkunde zapuztua' ikerlan mardula
m. imaz
Miércoles, 1 de marzo 2017, 09:03
Bake garaian, plazaz plaza eraman zuen jaiotetxearen izena Joxinixio Etxeberria 'Merdillegi' bertsolariak. Hala tokatu zenean, gudari bilakatu zen bertsolaria. Bertsolaritzaren datu basean aipamen soila du. Jaiotze datarik ez, eta heriotzarena, berriz, 1937 urtea, frankisten kontra borrokatzen hil baitzen Joxinixio. Asteazken honetatik aurrera askoz ere gehiago jakin ahal izango da bertsolari eta gudari andoaindarraz, Xabier Lasak osatu duen 'Joxinixio, Pizkunde zapuztua' 700 orrialdeko liburu mardula aurkeztuko baita 19:00etan Bastero Kulturguneko ekitaldi aretoan.
Publicidad
2015 amaitzear zela, Mikel Atxaga (1932 - 2009) kazetari eta idazleak argitaratu gabe utzi zuen 'Joxinixio gudaria' eleberria argitaratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Auspoa bildumako 331 zenbakiarekin. Handik eta hemendik hartutako lekukotasunekin osatu zuen Atxagak liburua, ahanzturaren aurkako ariketa literario gisa. «Horretarako, baserritar xume bat aukeratu dut. Armarik hartzerik eta militar izaterik sekula bururatu ez zaion bat», idatzia utzi zuen Atxagak.
Manuel Larramendi Kultur Bazkunak bere Saiakera bilduman argitaratu duen liburua oso bestelakoa da. Argitalpena, berez, iazkoa da, baina bildumak 25 urte beteko dituen 2017. honetan aurkeztuko da, urtean zehar etorriko diren beste argitalpen batzuen aurkezpen gisa. Xabier Lasa ikerlari andoaindarraren lan berria, Andoaingo XX. mendeko bertsolaritza ardatz harturik osatua izan da, eta osagai ugari biltzen ditu. Hala, herriko XX. mendeko bertsolaritza testuinguruan jartzeaz gain, Pizkunde mugimenduak Andoainen izan zuen eragina dakar gogora, eta baita ikerlanaren bizkarrezurra osatu duen Joxinixio Etxeberria bertsolari eta gudariaren biografia ere.
Hiru aztergai
Manuel Larramendi Kultur Bazkunak ohar baten bidez aurreratu duen bezala, «Xabier Lasaren ikerlanak abiapuntu jakin bat izan zuen: Joxinixio Etxeberria bertsolari andoaindarraren bizitza eta heriotza: Errepublika garai bete-betean eta Pizkunde mugimenduak indarrik handienaz jardun zuenean, Andoainen eta Andoaindik kanpo Joxinixiok bertsolari gisa jardun zuen mugimenduaren baitan eta beste alor batzuetan. Gerra piztearekin batera bere konpromisoak gudari izatera eraman zuen eta Artxandako borroketan baionetaz hil zuten, Bilbo erortzear zela. Gudarosteko biografia hori lehenago ere Aita Zavalak argitaratua zuen Iñaki Alkain urnietarraren lekukotasunaren bitartez; bada, orain Lasak, hori berriro ere aztergai dakar, gerra garaiko gertakariekin eta bi lagun horien (Etxeberria eta Alkain) espioitza pasadizo kitzikagarriekin».
Hala ere, «Joxinixioren biografia Pizkunde garai horren eredu egin arren, beste gertakari batek zabalago eta luzeago jotzera eraman du Lasa. 1936ko ekainaren 11n Andoainen antolatu zen bertsolari txapelketan, inork uste eta pentsa ezinezko bertsolari kopuru batek eman zuen izena, guztiak andoaindarrak, gertakari hori bihurtzen delarik, Lasaren iritziz, Pizkundeak herrian eta eskualdean izan zuen loraldiaren erakusgarri. Bada, loraldi horren ezaugarriak aztertzen ditu, baita gerrak Joxinixio hil baldin bazuen gainerako bertsolariak eta bertsogintza zertan utzi zuen ere. Horrek, azkenik, XX. mendeko Andoaingo bertsolaritza osoa aztertzera eraman du ikerlaria».
Publicidad
Ikerlanak, formalki, hiru zati dauzka: lehen zatian, bertsolaritzak eta, oro har, euskalgintzak Andoainen XX. mendearen lehen herenean izan zuten ibilbidea aztertzen du zabal, kolpe militarra iristeraino. Bigarren zati osoa, Joxinixio Etxeberriaren biografiari eskaintzen dio, bai bertsolari ibilbideari dagokiona, baita gudari ibilbideari dagokiona ere. Hirugarren zatia, bertsogintzak Euskal Herrian eta Andoainen gerraz geroztik izan zuen ibilbideari buruzkoa da, azken atalean jasotzen dituelarik Andoainen izan diren 53 bertsolarien biografiak.
Liburu aurkezpenean, Xabier Lasarekin batera, Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko Aitor Amutxastegi idazkaria, Andoaingo Udaleko Euskararen normalkuntzarako zinegotzi Ainara Rodríguez eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Maribel Vaquero, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaria izango dira.
Publicidad
Izan ere, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusi horrek 2015. urtean emandako dirulaguntzari esker burutu ahal izan du Xabier Lasak aipatu ikerketa, eta Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 2016. urtean Zuzendaritza horretatik ere jasotako dirulaguntzari esker eman ahal izan du argitara.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión