Bertso Eguneko aldaketak ez dira txarrerako izan
Goizean saio indartsua izan zuen Bertso Egunak, eta arratsaldeko partea ere bizia gertatu zen. Lehen aldiz, saio nagusiko bertsolariak bi taldetan banatu zituzten
felix ibargutxi
Domingo, 31 de enero 2016, 10:25
Bertsozale Elkarteko antolatzaileek esana zuten aldaketa asko ekarriko zuela larunbatean egin zen aurtengo Bertso Egunak eta halaxe gertatu da. Goizeko saioa guztiz ezberdina izan zen, aurreko urteetako moldea hautsi zutelarik, eta arratsaldeko saioan, Kursaalekoan, berritasun nabarmen bat ezarri zuten: agertokian bertsolari denak batera egon beharrean, bi talde egin zituzten, lehenbizikoan lau lagunek jardun zuten eta bigarrengoan seik.
Publicidad
Azken urteotan, ohitura zen goizeko bertso saioa Donostiako Parte Zaharrean zehar egitea, sartu-irtenak eginez zenbait tabernatan, eta atzo, berriz, taberna bakar batean egin zen. Zehazkiago esanda, Kursaal pareko Picachilla pubean. Aurreko urteetan eskarmentu eta izen handi gabeko bertsolariak jardun ohi zuten goizeko txandan, baina atzokorako kartel indartsua zegoen iragarrita: Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi, Miren Amutiza eta Ane Labaka. Eta, egiazki, maila oso handiko saioa gertatu zen.
Halako izenak iragarrita, guztiz bete zen pub hori, eta jende ia denak zutik entzun behar izan zituen bertsoak. Ezohiko egitura izan zuen ekitaldiak, Idurre Eskisabel kazetari eta idazleak bere testu literario luze bat irakurri baitzuen zatika, bertsoaldiekin tartekatuz. Maialen Lujanbiok honela bukatu zuen agurreko bertsoa: «Segurtasunak beti zalantzan ta gure dudez seguru». Beñat Gaztelumendik, berriz, Donostiako aurtengo Kultur Hiriburutza izan zuen gogoetagai lehen momentutik, eta esan zuen «elkarbizitza gehiago» sortua zela pub horretan «atzeko zubian baino». Inaugurazio ekitaldiaz ari zen.
Aurkezle lanean Estitxu Eizagirre jardun zen. Adibidez, lan bitxia ipini zion Miren Amurizari, beronen benetako biografiarekin zerikusia zeukana. Bi mikrofono zeuden agertokian, eta baten aurrean kontatu behar zuen zer sentitzen zuen Mozambikera joan aurretik, eta bestearen aurrean zer sentitu zuen handik bueltan. «Mundua aldatuko dut nire txikitik», hori sentitzen omen zuen gobernuz kanpokok erakunde haren bidez Afrikara joan aurretik; eta handik etorri eta gero: «Afrika ezagutu nahiko nuke hobeto» eta «Ispiluaren aurrean jartzea izan da».
Gero lan berezia ipini zion Estitxu Eizagirrek laukoteko gazteenari, Ane Labakari: deskribatzea hiru kantukide «hain perfekzionista» horien akatsak. Eta, jarraian, bertsolari bakoitzak erantzun egin behar zion Labakari. Elkarrizketa mamitsuak gertatu ziren. Adibidez, Labakak hau esan zion Maialen Lujanbiori: «Nik, handitzean, izan nahi nuke zu bezain perfekzionista». Eta hernaniarrak erantzun: «Fallo bat daukat: zuk diozuna nik ez dudala sinesten».
Publicidad
Arratsaldean, Kursaalen
Azken urteotan, saio kontzeptualak egin izan dira Kursaalen. Atzokoan ere, adierazia zuten gai nagusi bat ere egongo zela, hauxe alegia: zein erabaki hartzen dituen bertsolariak antolatzailearen deia jasotzen duen uneaz geroztik. Egia esan, gai horrek presentzia eta pisua izan zuen saio hasieran, baina gero gaiak eta atmosferak ugalduz joan ziren eta azkenean saioak gutxi izan zuen kontzeptualetik. Nolanahi ere, ekitaldi atsegina gertatu zen.
Bi taldetan banatu zituzten bertsolariak, eta halaxe saioa biziagoa gertatu zen, eta bertsolariek seguru asko eskertuko zuten, izan ere molde klasikoan minutu asko egin behar izaten zuten zain eta begira.
Publicidad
Andoni Egaña eta Oihana Iguaran Gipuzkoako Txapelketako sorpresa atsegina izan ziren lehenengo lana egin zutenak. Off-ean pertsona baten ahotsa entzun zen, zeinak bertsolari eske deitzen baitzuen, jaialdia antolatua zuela-eta. Honenbestez, bertsolariek galdera honi erantzun behar zioten: «Zer sentitzen da horrelako deia jasotzean?». Egañak ideia honekin errematatu zuen aurreneko bertsoa: «(Deia) jasotzean poza, abiatze-unean pereza». Iguaranek aurre egin zion, eta harentzat, berriz, «beti poza gailentzen da». Orduan, Egañak denboran atzera egin eta erantzun zion kantukide gazteari: «Pereza zer zen ez nekien zuk daukazun adinean».
Ondorengo batean, Aitziber Garmendia aktore aurkezleak ileorde kolore bizitakoa jantzi zuen, neska pasotarena egiteko. Bera ere bertsolari eske zabar asko auzoan egin beharreko jaialdi bat zela-eta. Unai Iturriagak egin behar izan zion aurre egoera horri. «Hamaika aldiz bizitako egoera», esan zuen, eta honela bukatu: «Hurrengo urtean etorriko da kantatzera zuen amama».
Publicidad
Aitziber Garmendia izan zen arratsaldeko protagonista nabarmenetako bat. Grazia handiz aurkeztu zituen gaiak. Okerra izan zuen bukaera aldera, Txano Gorritxo eta otsoari buruzko gai luze bat irakurtzen ari zela nahastu egin zelako, baina oro har inpresio ona utzi zuen.
Bigarren partean, Jon Maiari jarritako lan bat izan zen une deigarrienetako bat. Errotulu handi batzuk ipini zioten zoruan Umorea, Politikoki zuzena izan, Drama sortu, Nire errealitatea kontatu eta Sorpresa bilatu eta kantatzen hasi aurretik horko hiru jokabide baztertu behar zituen. Zumaiarrak honela bukatu zuen: «Ideia asko izaten dira / gure burmuin lausoetan / funanbulista batzuk bezala/ ibiltzen gera bertsotan /nahi dugunaren ta ahal dugunaren / lurralde ezkutu horretan».
Publicidad
Odei Barroso bertsolariaren 2zio rap taldea ere jardun zen. Seguru asko lehenengo aldia izango da Kursaalek rapa hartzen duela bere baitan. Lapurdiko Urruña herriko taldea da, 2010. urtean sortua. Kideak Odei Barroso (ahotsa), Gorka Rodriguez (ahotsa) eta Jo Olaskoaga (DJ) dira. 2013an atera zuten lehen diskoa, Pausuz pausu izenekoa, eta bigarrena 2015an atera dute, Bideak izenpean.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión