Las diez noticias clave de la jornada
Buruz burukoan eman zuten onena Gaztelumendik eta Martinek.

Lan ederra buruz burukoan

Saio gorabeheratsua izan zen atzokoa, baina ale eder asko utzitakoa

bianditz iraola

Domingo, 20 de diciembre 2015, 11:01

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala saio urduria izan zen, eta borobiltzea kostatu zitzaien bertsolariei. Buruz-burukoan nabarmendu zen urduritasun hori, baina lan ederra egin zuten bai Beñat Gaztelumendik, baita Alaia Martinek ere. Etorkinak izatea tokatu zitzaien, sei urte zeramatzaten Euskal Herrian. Hurrengo egunean alaba iristekoa zen. Añorgarrak modu honetan eman zion amaiera: «Euskal Herrira etorri nintzen pobrezitik ihesean / berriz alaba edukiko det nere ondoan babesean / nahiz eta beti nabilen beste batzuen interesean / maitasun pixkat eskeini behar diot besterik ezean / alaba ere murgilduko da beraz nere ametsean / kolore pixkat ipiniko du eguneroko beltzean / aireportuan han egongo da sarreran ate ertzean / ta sei urtetan lehenengo aldiz sentituko naiz etxean». Oiartzuarra, berriz, modu honetan hasi zen: «Nikaraguatik atera nintzen behin eta pixkana / topatu dut helburu bat bizileku bat ta lana / baina falta antzeman dut Rosita etxeko dama / gu banatzeko kapaz da nola izan zen behin karma / sabelean mina euten jardun zaidan armiarma / laister egongo da geldi bera etortzean nigana / baina beldur naiz zer ote den berak esango didana / ikusten nauen unean non ibili zara ama».

Publicidad

Biek ere aurretik lan bikaina egina zuten lehenengo kartzelako ariketan. «Kalean pasatzen ikusi duzu, eskuetan opari bat daramala. Irribarrez doa» zion gaiak. Bikote ohi bihurtu zuten biek ala biek ere irribarrez zijoan hura. Eta biek bukatu zuten antzera lehen bertsoa: «badakit hori ez dela niretzako». Bukatu, berriz, honela bukatu zuen atzoko txapeldunak: «Hor zoaz zure pauso arinez opariaren karraio / gaur mutil lagun berri bat dezu ta maitatzen zenbat saio / pentsatzen nuen ez ote ginen gu elkarrentzako jaio / esaten hala izanagatik ekintzaz enintzen iaio / espaloiaren beste ertzetik urrun esan dizut aio / eta ni nere bide hutsari segika joan natzaio / nahiz nere ondoan baldin bazeunde izango nukeen nahio / maiz etortzea nahi degunari joaten utzi behar zaio». Sendabidean bukatu zuen Azpitxapeldunak ere: «Popatik hartzera dena opari ta San Balentin / rimela ez korritzeko egin dut aski ahalegin / jarraitu beharra daukat lehen bezala ez ezberdin / baina bizitzan badago hainbeste gauza atsegin / joaten utzi behar diot zoriontsu izan dedin / batzutan galdu egiten da ta onartu beharra enfin / behingoagatik behingoan ahaztu behar naiz berekin / nere buruai ezin diot opari hoberik egin».

Hunkiduratik ezezik, umoretik ere izan zuen saioak. Txapelduna Unai Agirrerekin aritu zen, adibidez, doinu biziarekin, eta elkar erantzunez. Mendi lasterkariak ziren, Agirre afizioz zebilen, eta Gaztelumendi ofizioz. Azkenaldian, ordea, Agirrek aurrea hartzen zion profesionalari. «Mendian hartzen degu eundoko tratua / dana irabazteko Beñat tematua / beti nik sartzen dizut ordia tantua / Beñat zu zaude gaizki alimentatua» bota zion zaleak, eta profesionalak erantzun: «Plakua nago baina ni aurpegi alaiz / hornitua Isostar eta elikagaiz / nahiz ta nere aurretik egiten dezun maiz / animatu zaitezen propio ari naiz». Hernaniarrak «denbora galtzen dezu haizearin kontra» bota zion, eta añorgarrak «Aldapan beherakoan hortan zera maisu / baino gora igotzen kosta behar zaizu» erantzun. Aholku bat eman zion orduan Agirrek: «Ni indartsu nago ta ederki mantendu / ... / gora aurretik joango da hala ematen du / behera nijuanian paretikan kendu».

Bi oiartzuarrak batera aritu ziren ariketa honetan, koadrilakoekin oporretara joanda. Martinek argazki albuna egin zuen, eta bertan Arkaitz Oiartzabal Xamoa ezta behin bakarrik azaldu ere. Demandan hasi zitzaion, noski: «Argazki kamara bat eraman opari / ta ondoren albunik ezin da nabari / egia esateko geratzen da handi / denak ateratzea zure buruari». Martinek ez zuela propio egin bota zion: «Eske ni hain naiz guapa ta elegantea / briloa dut ta jarri ohi diot matea / kontua ez da itsusi xamar izatea / nik honi deitzen diot kasulitatea».

Hunkidurak izan zuen berriro lekurik; hamarreko txikian. Ohiana Iguaran eta Gaztelumendi erlijiosoak ziren, elkarrekin maitemindu zirenak. Amasarrak bizitza erlijiosoa uztea proposatu zuen: «Eliza hontan galdu nuen behin iparra / fedea ustetan nik neukan izarra / eta zuk berriz sortu niri irriparra / joan gaitezen ihes da zure marmarra / zu izango al zera ne jainko bakarra?». Añorgarrak bikain josi zuen ariketa azken bertsoan: «Habitoa kentzea hori da idea / zuk zurea ken zazu eta nik nirea / ta izan zaitez nere bikotekidea / mundua hasten zaigu zabal ta librea / ia buka da gure gurutzebidea».

Publicidad

Agin Laburu, berriz, baserritarra izan zen; eta Martin bidali zioten bazterrak garbitzera, lege-hauste bat medio, lan sozialak egitera kondenatuta. Astigarragarrak takoizko botekin joan izanan leporatu zion lehenbizi, eta Martinek borondatea jarri zuen: «Edozein lekutara ditut eramaten / berri berriak lortu ditut aurten / jo bai ba lana dago baserri zahar baten / ... / behiek ez al dakite komunera joaten?». Labururi ideia ona iruditu zitzaion: «Legia egin zendun zuk noizbaitte hautsi / ta horren ondorioz eskobari eutsi / ... / lanerako ez dezu borondate gutxi / gaur arte ez zekiten jun ta erakutsi».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad