«Niretzat oso inportante dira edukia eta forma, biak batera»

Unai Agirre bertsolaria da Txapelketako azken fase honetan puntu gehien lortu duena. Esaten du larunbatean «lasai» joango dela Illunbera

felix ibargutxi

Domingo, 13 de diciembre 2015, 09:10

Unai Agirre (Hernani, 1975) dugu datorren larunbatean jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finaleko zortzi kideetako bat. Hain zuzen ere, bera da finalaurreko fasean puntu gehien batu duena. Duela bi urte, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaren atari-atarian gelditu zen eta, ondorioz, plaza-gorakada ezagutu du azkenaldian.

Publicidad

Doinutik hasiko gara. Txapelketara doinu berri bat ekarri duzu, kar-tzelako gaian erabili izan duzuna, eta jendeari atentzioa eman dio. Oso doinu polita, diotenez.

Imanol Kamiok egin dit. Hemengoa da, Ereñotzukoa, eta musika-eskolak ematen ditu. Ezagupide handia dugu eta orain bi urte, Euskal Herriko Txapelketarako, doinu bat eskatu nion, kapritxo hori neukan-eta. Bi eman zizkidan, bat aukeratu eta oso gustura ibili nuen. Har txiki bat banuen aurrekoan egin banuen, orain zergatik ez? eta berriz ere berari eskatu diot. Nire kantakera ezagutzen du eta asmatu egiten du.

Doinu horrek edozein gaitarako balio du?

Denerako balio du. Badu seriotasun-punttu bat, baina ez da oso dramatikoa. Umorerako beharbada aukera handi-handirik ez du ematen. Aurreko doinu hura baino zailxeagoa da kantatzeko, eta kosta egin zait.

Azaldu zure kantaera nolakoa den, eta nola joan zaren alde horretatik hobetzen.

Askok esaten didate bertsolari klasikoen kantakera daukadala. Egia da asko entzun didutala lehengo bertsolariak eta lehengo eta oraingo kantariak. Hortik asko jan dugu. Ez dut saiakera berezirik egin garai batetik hona kantakera desberdin bat ikasteko. Egia da gure etxean kantatzeko afizio handia egon dela eta horri garrantzi handia eman diogu beti. Bolada batean, JoxanGoikoetxea musikariak lagunduta, bertso zahar eta berri batzuk musikatu genituen eta bolada batean hor ibili ginen batetik bestera Irazu eta biok; uste dut han pauso bat gehiago ematea lortu nuela, edo kantakeraren inguruan kontzienteago izan nintzela.

Eta zure bertsokera nolakoa da?

Izugarri kostatzen zait hori esatea. Niretzat oso inportantea da edukia eta forma, biak batera. Esaten dute nirea bertsokera tradizionala dela; ez dakit, ez naiz horren bila joaten. Egia da hizkuntzari garrantzi handia ematen diodala.

Publicidad

Azkenaldian plaza gehiago egiten ari zara, ezta?

Bai, azkeneko bi-hiru urteotan plazan jarduteko aukera suertatu zait eta ez da erraza zure bizitzan txertatzea, zeren lana eta familia daukagu, baina txertatu dut eta orain sakonago bizitzen ari naiz bertsolaritza, bai.

Hor gertatu zen Euskal Herriko Txapelketa bozgorailu izan zela zuretzat.

Bai, ez nintzen finalean sartu, bederatzigarren gelditu nintzen enpate eginda, baina hari esker plaza asko sortu zitzaidan. Eta hori 38 urte nituela, begira zer adinarekin! Orain urtean 35-40 saio egiten ari naiz, nahikoa; gehiago ezin dut, lana eta familia daukat.

Publicidad

Etxean bi anaia atera zarete bersolari, Eñaut eta biak. Gurasoek bultz eginda sartu zineten mundu honetan?

Zaletasuna bide batetik baino gehiagotik etorri zait. Etxean aitona amaren aita oso bertsozalea omen zen. Ezagutu nuen, baina gutxi, ni oso ume nintzela hil zen. Osabarekin bai, harremana izan nuen; hura ere oso zalea amaren anaia, eta sarri zirikatu ninduen. Aitaren aldetik, familia Errezilgoa da, han umetan egonaldi asko egin nituen eta Errezilen beti egon da bertso-giroa. Errezilek beti tentatu izan nau eta kuriositatea izan dut.

Eta gero hor dago Juanjo Uriaren eragina.

Bai, gure belaunaldikook zorte handia izan dugu, eskolan bertso-giroa ezagutu dugulako. Hamar-hamaika urte nituela hasiko nintzen ni Juanjorekin, baina ordurako banuen nik afizioa, eta inork ez zidan esan sartzeko. Juanjok bereziki lan handia egin zuen, ez bakarrik bertso-eskola ematen, baita astearteetako bertso-eskola orain dagoen hori sorrarazten. Hori izan da Hernaniko bertsolaritzaren arrakastaren gakoa.

Publicidad

Zu mutikoa zinela ez zegoen bertsolari heldu askorik Hernanin.

Guk Aterpe eta Garin ezagutu genituen. Hemengo festetan bertsolarien papera betetzen zutenak haiek ziren. Gero, gu baino zaharxeago ziren beste batzuk: Anatx, Sorozabal, Aristorena, Eizmendi... zerrenda luze bat. Egia da geroztik beste jende bat ezagutu dudala bertsotan asko egin duena, Ereñotzun-eta, baina orduan ezezagunak ziren niretzat. Baina nik dakidala, PauloTxikia ezkero ez zegoen Hernanin bertsolaririk plazaz plaza jarduten zenik.

Zuek oso kuadrillako bertsolaritza bizi izan duzue. Agin Laburu, Iñaki Zelaia, Maialen Lujanbio... horiekin ordu asko pasatakoa zara.

Egia esan, erreferentetzat hartu izan da Hernaniko bertso-eskola, jende asko ibili garelako. Lagun horiek, hasieran ez genuen elkar ezagutzen, baina giroa sortu zen eta oraindik hautsi ez den kuadrilla gara. Afizio horren bueltan herrian gauza asko antolatu genituen. Eta soka horrek jarraitzen du, orain ere badaude gu baino gazteago diren batzuk, orain txapelketara salto egin dutenak.

Publicidad

Sagardotegi-parajea da Hernani. Esan daiteke beste bertsolariek baino gehiago kantatu izan duzula sagardotegietan?

Ez. Seguru asko Eibarko bertsolari batek baino gehiago kantatu dut, baina ez gara sagardotegiko bertsolariak. Egin izan ditugu gauzak, hori bai.

Ogibidez, Gipuzkoako sagardogileen elkarteko teknikaria zara. Zein da zure lana?

Sagardoaren sustapena eta elkartekideen interesen babesa, horiek dira nire egitekoak, labur esanda. Handik aurrera, habaniko zabal bat dago, jakina. Administrazioekiko harremanak ditut lanaren parte bat, proiektu inportanteak detektatu eta aurrera ateratzea izaten da beste egiteko bat, eta enpresen behar puntualei erantzun... gauza asko daude.

Noticia Patrocinada

Zer ikasketa egin zenuen?

Nekazal Ingeniaritza Teknikoa ikasi nuen,Iruñean.

Pentsatzen dut oso gustukoa izango duzula izadia, oro har.

Bai, hala da. Sakon bizi dut izadia, eta interesa pizten dit.

Kanpotik begiratuta, plaza-gizona ematen duzu. Baina nerbioak ere hor egoten dira...

Orain orekatuago nabil. Garai batean ez hainbeste. Ikasi dut erlatibizatzen eta norberaren tokia bilatzen plazan. Bertsolari gehienek bezala, denborarekin ikasi egiten duzu. Orain ere jartzen naiz nerbioso, baina oreka gehiago daukat. Lehen, deskonpentsatuago egoten nintzen, nerbioso, eta ikusi ere egiten zitzaidan. Plazak laguntzen du; ibili ezkero, ikasi egiten da egoten.

Publicidad

Azkeneko Gipuzkoako finala nola bizi izan zenuen?

Bi final pasa ditut. Aurrenekoak oso sentsazio ona utzi zidan, aurrenekoa zelako eta espero ez nuelako. Bigarrenean, nire lekua bilatu ezinik ibili nintzen; sentsazio gazi xamarrarekin gelditu nintzen.

Txapelketa honetan, finalaurreko saio batean, Tolosakoan, onena izan zinen.

Bai, gainera lortu genuen txapelketa izateaz gain saio baten forma izatea, eta hori jendeak asko eskertzen du. Sentsazio oso onak izan genituen; askotan ez da kantatzen 1.600 lagunen aurrean, eta gainera jende honi dena bolkatuta.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad