Ekaitz Goikoetxea garaile Basarri bertsopaper sarian

Beasaindar honek lehenengo eta bigarren sariak irabazi ditu gainera

dv

Martes, 1 de septiembre 2015, 21:12

Beasaingo Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena bertsolariak irabazi du aurtengo Basarri Saria, XXXI. edizioa, Harriak ez du begirik izeneko bertso-sortarekin. Zazpi puntuko zortziko bertso dira, Silveiraren ETAren su-etenetik doinuan paratuak. Krisia, langabezia eta desahuzioen inguruan muntatzen du «historia pertsonal hau». Bertso sakonak, ondo eginak, zorrotzak, gaurkotasun handikoak eta, ondorioz, sinesgarritasun betekoak dira. Horrez gain, beste zerbait azpimarratu beharko balitz, esan-moduen egokitasuna (hizkeraren egokitasuna, azken finean) eta indarra azpimarratuko genituzke. Hona adibide bat:

Publicidad

«Aritzen nintzen garaian administrari lanetan / txin-txin hotsa zen nagusi nire galtza barrenetan / Orain denbora orrazten tematzen naiz gehienetan. / Erreka erreka al da urik ez dakarrenetan / (...) / Denok ez dugu koadratzen mundu borobil honetan».

Edota beste pasarte hau:

«Urtetan pilatutako mina gorpuzten ari da, / harriak ez du begirik, begiak harritzen dira».

Bigarren saria ere Ekaitz Goikoetxeak irabazi du, eta Ardiak zenbatzen izeneko sehaska kantarekin eskuratu du bigarren sari hori. Urzo zuri polit bat doinuan jarritako zortzi bertso dira, estribillo (bi bertsotik behin) eta guzti. Bertsoak beti dira entzuteko, baina hauek partikularki: kantatutakoan hartzen dute benetako izatea, orduan bihurtzen dira, bereziki, emozio-eragile. Sehaska-kanta izateak originaltasun handia ematen dio sortari. Lehenengo unitatea gogoratuko daiteke adibide gisa:

«Katuak baserriko / eremutik kanpo / zazpi bizitza hartu / ditu beretzako; / teilatu gainetik / egiten du salto / berriz jaioko dela / badakielako».

Ez dakigu inoiz gertatu den lehenengo bi sariak (kasu honetan ematen diren biak) bertsolari berak irabaztea; ez dugu ezagutzen aurrekaririk, Basarri Sarian ez, behintzat. Gainera, Ekaitzek oso estilo diferenteko sortarekin lortu ditu sariak. Dena den, gure datuen arabera, 1977an, Xalbador Saria egin zen Urepelen, eta lehenengoa eta hirugarren saria bertsolari berak irabazi zituen, baina, tartean, bigarrena beste batek jaso zuen.

Andoni Egaña, Nahikari Gabilondo eta Rufino Iraolak osatu dute epaimahaia. Esan behar da, nola lehen saria hala bigarrena, aho batez erabaki dutela. Batez ere lehenengo saria epaitzerakoan oso zalantza gutxi izan du epaimahaiak. Bigarren sariari dagokionez, eztabaida gehiago izan da, baina, esan bezala, guztiz bat etorri dira saria ematerakoan.

Publicidad

Hamabi bertso-sorta aurkeztu dira aurten lehiaketara. Epaimahaiaren esanean, kalitateari dagokionez alde dezentekoak. Gutxi iritsi dira azken fasera. Izan omen da aurretik entzundako eta ezagutzen diren bertsoen ukitu eta usainekoren bat ere.

Datorren ostiralean, irailaren 4an, banatuko dira sariak, egun horretan jokatuko den Lizardi Saria amaitu ostean.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad