Arzallus eta Goikoetxearen 'Ihes', gutxitan dastatu ahal izango den ikuskizuna

Amets Arzallusen gogoeta eta bertso jarriak girotzen ditu Joxan Goikoetxeak bere soinu handiarekin. Igandean Donostian ariko dira

FELIX IBARGUTXI

Miércoles, 1 de octubre 2014, 00:33

Bertso jarriak, abestiak, gogoeta idatzi batzuk eta soinu handiaren musika, horiek dira 'Ihes' ikuskizunaren osagaiak. Amets Arzallus bertsolariak eta Joxan Goikoetxea musikariak igande honetan eskainiko dute beren elkarlana Donostiako Antzoki Zaharrean.

Publicidad

EMANALDIA

  • Lekua

  • Donostiako Antzoki Zaharra.

  • Eguna

  • Urriak 5, 19 00etan.

  • Sarrera

  • 12 euro. Deskontuak DKko bazkideei, langabetuei...

Zertaz hitz egingo duen Arzallusek? Atzoko aurkezpenean Hendaiako bertsolariak ez zuen argibide asko eman nahi izan, uste duelako hobe dela ikuslea «birjintasun puntu batekin» azaltzea ikuskizunera. Honela deskribatu zuen mamia: «Mundua beterik dago bere herritik ihesi doan jendeaz. Euskaldun jendea ere bada. Kontatu nahi dut bere herritik ihesi doan jendeak nola eragiten digun gure herrira iritsi ezinik bizi garenoi». Eta hau adierazi du baita ere: «Ihes egiteko motibo asko ematen ditu munduak, bai hurbilean eta bai urrunean. Motibo horietako batzuk hautatu eta zenbait erretratu atera ditugu».

Ikuskizuneko une batean, honela dio bertsolariak: «Ihesi nator. Ihesi zoaz. Ihesi goaz. Ihesi doaz. Sentimenduetatik ihes. Oroitzapenetatik ihes. Ekintzetatik ihes. Beldurretatik ihes. Giza arriskuetatik ihesi. Arrisku naturaletatik ihesi. Latza».

Ikuskizun honetan Amets Arzallusek albo batera utzi ditu bat-batekotasunaren mugak. Badira lau urte Hendaiako bertsolaria eta Hernaniko soinujolea elkar ezagutu eta lankidetzan hasi zirela, 'Sortuko dira besteak' ikuskizunerako, hain zuzen ere. Baina ekitaldi-sorta hartan bertso jarriak bakarrik eskaini ohi zituen Arzallusek.

Errepikapenik ez

Gutxitan ikusi ahal izango da 'Ihes'. Orain arte Hernani, Bilbo eta Iruñean eskaini dute, abenduaren 28an Getxon izango da, eta handik aurrera hitzordu bat edo beste baino ez dira izango. «Bertsolariei oso zaila zaie gauza bera errepikatzea», argudiatu zuen Joxan Goikoetxeak atzokoan. Orain arteko emanaldiak ezberdinak izan dira, eta igandean Donostian ikusiko dena «osatuena, gauzatuena» izango da. Ordu eta laurdeneko iraupena izango du.

Publicidad

Joxan Goikoetxeak bere doinu propio batzuk taularatuko ditu. «Zenbaitetan, lehen lerroan egongo da musika. Protagonismo konpartitua izango du», esan zuen Arzallusek. Eta Goikoetxeak, berriz: «Saiatuko gara kontsolamendu piska bat ematen musikaren bidez».

Goikoetxeak aspaldi erreparatu zion Arzallusen kantaerari: «Oso gaztetatik jarraitu diot Ametsen kantaerari. Esan ohi da garai bateko bertsolariek bazutela kanturako sen bat, dotorezia bat, eta Ametsek badu haien antza. Gaurko bertsolariek azeleratuago kantatzen dute. Dena dela, Amets bera ere ari da piska bat azeleratzen, korronteak eramanda».

Publicidad

Eta musikariak Antzoki Zaharra goraipatu zuen: «Toki horrek oso akustika ona dauka. Antzoki Zaharra beti aldarrikatuko dut musikarako». Ez da lehenengo aldia musikari hau bertsolariekin batera lan egiten duena. Xabier Amuriza, Andoni Egaña, Xabier Euzkitze, Amaia Agirre eta Jexux Mari Irazu izan ditu bidelagun iraganean, eta 'Hitzetik hortzera' telebista saioan bertso musikatuen atala zuzentzen aritutakoa da.

Joxe Anjel Arbelaitz kultur promotoreak abiatutako ikuskizuna da hau. Bera honela mintzatu zen atzokoan: «Poz handi bat da hau. Plazer handiko saioa da. Hemen hain modu ederrean esaten dira gauzak... Poesia eta irakurketa maite dutenak animatu nahi ditut. Begiak itxi eta ez dakizu Amets hizketan ari den edo irakurtzen».

Publicidad

Euskal Herriko egungo bertsolari txapelduna da Amets Arzallus (Hendaia, 1983). Ipar Euskal Herriko txapelketa ere irabazia du, 2008, 2010 eta 2012. urteetan.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad