Bertso eskola bateko irudia Bertsozale Elkartea

1.800 laguneko sarea, bertso eskoletan ehuntzen

Bertsozale Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak bertso-eskolen inguruko datuak bildu dituzte elkarlanean

DV

Donotia

Miércoles, 5 de febrero 2020

Bertso-eskolen inguruko datuak biltzen aritu dira Bertsozale Elkartetik. Nabarmendu dute «osasun ona» adierazi dutela eskolek, inguruan azken hilabeteotan jasotako datuen arabera. 1.796 lagun elkartzen dira 117 herritako bertso-eskoletan beren zaletasuna partekatzeko; belaunaldi batetik bestera partekatzen den zaletasuna da, gainera, 1.300 bat haur eta 430 heldu inguru elkartzen baititu; eta horretarako 112 irakasle aritzen dira.

Publicidad

Era berean, «indarrak non jarri behar diren atzematen» ere laguntzen dutela datuok uste dute elkartetik. Alderdi horietako bat generoaren esparruan dagoela uste dute, helduen bertso-eskoletan gizonen eta emakumeen kopuruen artean dagoen arrakala tarteko; «hala, talde horietan emakumeen parte-hartzea nola sustatu daitekeen aztertu beharko da. Irakasleen behar anitzei erantzuteko modua zehaztea eta lurralde bakoitzeko irakurketa egitea ere egitekoetan zerrendatuta ditugu».

Zantzuak zantzu, datu bilketa kopuruetan oinarrituta dute, eta «kopuruen irakurketa sakonagoa ez ezik, eragina duen bestelako informazio gehiagoren bilketa ere beharrezkoa da zenbaki horien arrazoia ezagutzeko: parte-hartzaileen bizipenak edota tokian tokiko ezaugarri soziolinguistikoak, esate baterako», azaldu dute Bertsozale Elkartetik.

Bildutako datuak 2019-2020 ikasturtekoak dira, eta bertso-eskoletako arduradunek betetako galdetegiei esker lortu dituzte. Bertsozale Elkarteak Euskal Herriko Unibertsitatearekin duen elkarlanari esker gauzatu dute datuen bilketa.

Sexu arteko oreka

Zehazki, 1.796 partaide aritzen dira bertso-eskolan, 117 herritan dauden 259 taldeetan. Emakumeen eta gizonen kopuruak antzerakoak dira -%49 emakumeak; %51 gizonak-, baina oreka hori erabat hausten da adina tartean sartzen denean. 18 urtetik beherako taldeak aintzat hartuta, %56 dira neskak eta %44 dira mutilak; aitzitik, helduen taldeetan, %30 dira emakumeak eta %70 gizonak.

Publicidad

Txapelketa prestatzeko elkartzen dira talde batzuk; sortak abesteko edo saioak antolatzeko egitekoa dute helburu beste batzuk; bat-batean aritzeko, asko. Gehienak bat-batean trebatzen aritzen diren taldeak eta hasiberrienak dira: 259 taldetatik 125 eta 87, hurrenez hurren.

Beren ingurunean bertsolaritza sustatzen duten eragile nagusiak dira bertso-eskolak, eta beren kabuz antolatzen dira. Bertsozale Elkarteak beren egitekoa errazteko baliabideak eskaintzen dizkie: esate baterako, irakaslea. 112 irakasle aritzen dira bertso-eskoletan, eta kasuen %74an Bertsozale Elkarteak bideratzen ditu. Beste zenbaitetan, tokian tokiko euskara eta kultura elkarte edo erakundeek kontratatzen dituzte, eta beste batzuetan, talde horietako batzuk irakasle gabe dihardute, %8k zehazki.

Publicidad

Zenbakion atzean dauden errealitateak ulertzeko, azterketa gehiago beharko direla nabarmendu dute, datuok galdera asko pizten baitituzte: zergatik uzten duten emakume helduek bertso-eskola; bertso-eskolan elkartzeari utziagatik, bertso munduan jarraitzen duten ala ez (eta zaletasunari heldutasunean nola eta zein guneren bidez ematen dieten jarraipena); edota bertso-eskoletako ohiko dinamiketan zer aldatu genezakeen, emakumeen parte-hartzea sustatzeko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad