Herriko eskoletako eta Musika eta Dantza Eskolaren kalejirak izango dira bihar arratsaldean, inauterien hasieran. SARA UTRERA

Zumaia

Kalejirekin hasiko da bihar arratsaldean mozorro festa

Eskoletako jaialdiak, argazki txokoa, haur eta helduen mozorro lehiaketak, eta pailazoen emanaldiak izango dira martxoaren 3ra bitartean

Sara Utrera

Zumaia.

Miércoles, 26 de febrero 2025

Bihartik martxoaren 3ra bitartean ospatuko dira Zumaiako inauteriak. Ohi bezala, herriko eskoletako jaialdi eta kalejirekin emango diete hasiera jaiei. Lehenengo, eguerditik arratsaldera arte, ikastetxeetako haurrek desfilatuko dute; eta 17:30etik aurrera, Zumaiako musika eta dantza eskolako ikasle, irakasle eta gurasoen txanda izango da. Ubillos jauregitik abiatuta, olinpiadak ekarriko dituzte herrira, ZUMB udal musika bandak lagunduta.

Publicidad

Musika eta Dantza Eskolako desfilea prestatzeko azken saioak gaur egingo dituztela gogorarazten da. Arratsaldeko 17:00etatik 17:30era entsegua izango da eta 17:45etik 18:45era osagarriak prestatzeko tailerra.

Jai koloretsuak hurrengo egunean jarraituko du, kalejira gehiagorekin eta mozorro lehiaketarekin. Eguerdiko 12:00etan Astindu dantza elkarteko dantzariek desfileari hasiera emango diote Eusebio Gurrutxaga plazatik. Eta, baita ere, 12:00etatik 14:00etara, Ardantzabideko Mar-txoaren 8a plazatik abiatuta, familian Zumai txaranga salto eta dantza! herriko kaleetan zehar.

Zumai txarangak kaleak girotuko ditu berriro arratsaldean, 18:30etik aurrera.

Mozorro lehiaketa

Mozorro lehiaketak arratsaldean egingo dituzte, eta beste urteetan bezala, kategoria ezberdinak egongo dira.

Arratsaldeko 17:00etan mozorro festari hasiera emango zaio Eusebio Gurrutxagan, eta 18:00etan haurrentzako lehiaketari. Hiru sari egongo dira jokoan: banakako edo bikoteko mozorro onenarena; 0-8 urteko taldeena, eta 9-16 urteko taldeena. Parte hartzaileek plazan bertan eman beharko dute izena 17:00etan. Lehiaketarako musika berezi bat eskatu nahi bada, izen-ematean ekarri beharko da.

Gazte eta helduen (16 urtetik gorakoak) lehiaketa 18:30etik 21:00etara izango da, Alondegiko Oxford aretoko Argazki Txokoan. Kasu honetan, herri bozketaren bidez erabakiko dira sariak. Banakako edo bikoteko saria 80 euroko erosketa bonoa izango da eta taldekoa 200 euroko erosketa bonoa. Sariak Gertu elkarteak emango ditu.

Publicidad

Igandean, martxoak 2, eguerdiko 12:00etatik 14:30era, Beti Jai Fandarreak kalejira egingo du kaleetan zehar. Eta arratsaldean, 17:00etatik aurrera, 'Los exploradores' eskainiko da Aita Mari zineman.

Azkenik, Katxiporretako pailazoen ikuskizun berria, 'Ostirala iritsi da!' inauterietako astelehenean, martxoaren 3an, eskainiko da Zumaiena ikastolako aretoan. Bi saio eskainiko dituzte Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoek: lehenengoa, arratsaldeko 15:00etan izango da, eta bigarrena, 17:30ean.

Sarrerei buruzko informazioa sarrerakzumaia.eus webgunean eta turismo bulegoan.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad