Zumaia
Dena prest larunbateko Olarro Eguna ospatzekoAurten ere ezin izango da olagarro zoparik dastatu, baina ohiko brotxetak plantxan eta olagarroa patatekin erosi ahal izango dira txosnetan
Olagarroa, gastronomia eta itsas munduaren festa izango da larunbatean, hilak 20an, Zumaian. Olagarro-broxetak plantxan eta olagarroa patatekin dastatzeko aukera izango da txosnetan, herri bazkaria izango da eguerdian, eta egun osoan zehar musika, dantza eta festa giroa izango dira nagusi.
550 kilo olagarro inguru erabiliko dira jai egunean. Horietatik 500 kilo olagarro egosi erabiliko dituzte gaur arratsaldean elkarte ezberdinek bihar prestatuko dituzten brotxetak egiteko, eta horiek larunbatean salduko dira txosnetan. Beste 25 kilo fresko txosnetan lehen aldiz banatuko den olagarroa patatekin egiteko erabiliko dira (lehen herri bazkarian egiten zen). Bestalde, beste 25 kilo olagarro fresko Sagarbideko aterpean egingo den herri bazkariko paellarako erabiliko dira.
Sei txosna egongo dira guztira: bat Moilaberrin; bat Amaia plazan, bat Saregile plazan, bi Erribera kalean eta beste bat Eusebio Gurrutxaga plazan. Goiz partean Gernika parkekoan eta Eusebio Gurrutxaga plazakoan banatuko dira brotxetak, eta gainerakoetan olagarroa patatekin. Arratsaldean, berriz, brotxetak bakarrik salduko dira.
Iaz bezala, aurten ere ez da olagarro-zoparik izango, urtez urte geroz eta zailagoa bihurtu baita olagarro lehorra lortzea. Izan ere geroz eta zailagoa bihurtu da tokiko olagarroak harrapatu zein horiek lehortzen dituzten pertsonak aurkitzea. Egoera horrek zaildu egin du Olarro Egunean olarru zopa eskaini ahal izatea eta Udalak hainbat bide jorratu ditu ekitaldian olagarro lehorra eskuragarri egon dadin bermatzeko. Baina, berriro ere, aurten ezinezkoa izan da jai egun honetarako lortzea.
Azken urteotan bezala, txosnetan erabiliko diren ontzi eta tresna guztiak konpostagarriak izango dira. Halako festa egunetan sortzen dugun hondakin kopurua murrizteko neurriak hartzea beharrezkoa da, eta, baita sortzen direnean birziklagarriak edo konpostagarriak izatea. Neurriak hartzearekin batera, herritarren kontzientziazioa sustatu nahi du Udalak, eta hondakinak behar bezala banatzeko eskatu die.
Egitarau zabala
Ohi bezala, egitarau zabala egongo da denon gusturako. Goiz partean XIX. Argazki Rallya izango da. Izen ematea 09:00etatik 10:00etara egin beharko da, Alondegiko Oxford aretoan. Goizeko 10:30etik 14:30era Eusebio Gurrutxaga plazan Elikagaien azokan produktu desberdinak erosteko aukera izango da.
Gero, 11:00etan hasita, haur eta gaztetxoentzat jolasak egingo dira Gernika parkean: lokotxak, sokatira, toka, igela, uztaiak eta bola-jokoa. 11:00etatik 13:00etara Gernika parkean ere (bi txanda), 6-10 urte bitarteko haurrentzat olagarro panpin tailerrak eskainiko dira Algorri Interpretazio Zentroaren eskutik. Aurrez izena eman behar da info@ algorri.eus helbidera idatzita edo 943 14 31 00 telefonora deituz. Goizeko 11:00etan kuadrillen arteko batel estropada hasiko da. Telmo Deun arraun elkarteak antolatuta, Olarro Eguneko XVII. Bandera egongo da lehian. Ordu berean, 11:00etan ere 'Flyscharen olagarroa' bisita gidatua eskainiko da euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz. Erreserbak geoparkea.eus atarian egin beharko dira eta erreserba egiterakoan 'olarroeguna' kodea erabiliz, parte-hartzaileek % 50eko deskontua izango dute.
Bestalde, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, ate irekiak egongo dira kofradian arrainen salmenta aretoa ikusteko; 11:15ean, hamaiketako eskainiko zaie olagarro harrapatzaile izandakoei; 11:30ean, herriko txistulariekin kalejira izango da Astindu taldearekin; 12:30ean kalejira Zutrik trikitilarien eskutik; eta 14:30ean herri bazkaria Sagarbiden.
Arratsaldean, 18:30etik aurrera, Gautxori Txaranga izango da herriko kaleetan; 19:30ean Kofradian, Olarro eguneko XVII. Bandera emango zaie batel estropadako irabazleei; eta 22:30ean, Kofradian ere, Erromeria izango da Imuntzo eta Beloki taldearekin.
Festak guztiontzako espazio atsegin eta seguruak izan daitezen, eraso eta jarrera matxisten aurkako jarrera hartzera deitu nahi ditu Udalak herritarrak. Horrekin batera, festaz ingurukoekiko zein inguruarekiko errespetuarekin gozatzeko deia egin nahi du Udalak. Halaber, kontsumo arduratsurako deia egiten die herritar guztiei.
Azkenik, Zumaiako Udalak herriko elkarteen ekarpenari balioa eman nahi dio, eta horiek gabe Olarro Eguna ezinezkoa izango litzatekeela nabarmendu du.