Zumaia
Astelehenean hasiko da Dinastia Etxabe txapelketaAurtengoa 53. aldia izango da eta eskuz zein zesta puntan ariko dira. Gauez jokatuko dituzte neurketak, 21:00etan hasita
Aitzuri pilotalekuan jokatuko den Dinastia Etxabe txapelketaren 53. edizioa aurkeztu berri dute Zumaiako Kirol Elkarteko kide eta pilotariak.
Zumaiako Kirol Elkarteko lehendakari Josu Larrañagak eskerrak eman zizkien txapelketan parte hartuko duten pilotariei, «urte askotako konpromisoari eta zalegoari ilusioa pizteko duten gaitasunari esker», eta Iñaki Ostolaza lehendakari ohiaren lana ere goraipatu zuen: «Ostolazak urte askotan egindako lan isil baina erabakigarria gabe, zaila izango litzateke gaur egun horrelako txapelketa bat bizirik mantentzea». Halaber, Zumaiako Udalari ere aipamen berezia egin zion: «Zuen laguntza gabe ezinezkoa litzateke honelako ekitaldi bat antolatzea urtero».
Aipatutako esker onen ondoren, aurkeztu zituzten aurtengo lehen jardunaldietako xehetasunak. Lehiari astelehenean, uztailaren 28an, emango diote hasiera Aitzuri pilotalekuan, eta lehen bi jardunaldietan 23 urtez azpikoen aurre-kanporaketak izango dira jokoan. Neurketa guztiak gauez jokatuko dira, 21:00etan hasita.
Lau partida
Lehen jardunaldian, uztailaren 28an bertan, bi partida jokatuko dira. Iluntzeko lehen norgehiagokan, Etxeberria eta Sotil ariko dira Igoaren eta Garañoren aurka; ondoren, Cestau eta X. Lazkoz lehiatuko dira Fernandez eta Albenizen kontra.
Bigarren jardunaldia uztailaren 30ean izango da, asteazkenean. Lehenik, Apezetxeak eta Santestebanek neurtuko dituzte indarrak Egiguren eta Goibururen aurka. Bigarren partidan, Irribarria eta Elorze ariko dira Aranbarri eta Balerdi bikotearen kontra.
Aurre-kanporaketa hauetako irabazleek final-laurdenetan jokatuko dute, abuztuaren 4tik aurrera. Jardunaldi horietan, 23 urtez azpikoekin batera, jubenil mailako pilotariak ere lehiatuko dira, besteak beste, Ramirez, Murua, Figueroa eta Okiñena. Bai jubenil mailan eta baita 23 urtez azpikoen kategorian, finalaurrekoak abuztuaren 18an eta 21ean izango dira.
Zesta puntako txapelketa abuztuaren 25ean hasiko da. Finalerdietatik zuzenean abiatuko da lehia. Erik eta Uranga bikoteak Celaya eta Oyhenard izango ditu aurkari lehen partidan, eta bigarrenean Cosmek eta Atainek Basterra eta Argoitiaren kontra jokatuko dute.
Azkenik, hiru kategoriatako finalak abuztuaren 28an jokatuko dira, eta honela jaialdiari amaiera emango zaio.