Zumaia
Aurtengo santelmoak hilaren 14tik 23ra bitartean ospatuko diraHerriko elkarteek eta Udalak aurkeztu dute jaietako programa. Jaietako bi larunbatetan autobusa izango da Oikiara bueltatzeko
Aurtengo San Telmo jaietako egitaraua aurkeztu dute herriko eragileetako eta Zumaiako Udaleko ordezkariek San Telmo ermitaren aurrean.
Ohi bezala, larunbatean izango da txupinazioa, baina festetako egitaraua ostiraletik hasiko da, eta beste urte batez, bi asteburuz, musikaz, dantzaz eta giro onez beteko da herria. Bertso saioak, kontzertuak, txaranga eta elektrotxarangak, haurrentzako ekitaldiak, dantzaldiak, danborradak, kirol probak, herri bazkariak... asko izango dira festetan izango diren ekitaldiak. Ekitaldi horiek guztien antolaketan «ezinbestekoak» izan dira herriko elkarteak, eta Zumaiako Udalak eskerrak eman dizkie festen prestaketan parte hartzen duten herritar eta elkarte guztiei.
Jaietako lehen astebururako programatutako jarduerak datorren ostiralean, hilak 14, hasiko dira, 18:00etan, Odietan egokitutako pala-txapelketa batekin, IA eta GKSk antolatuta. Gauez, 22:00etatik aurrera, bertso jaialdiaz gozatzeko aukera izango da Zumaienan (sarrerak 8 euroan daude salgai turismo bulegoan, Inpernupen eta Ttakun tabernan.) eta DJ saioaz txosna gunean.
Hilaren 15ean, eguerdian, herritarrak San Telmo ermitaren inguruan elkartuko dira txupinazorako, eta, ondoren, hamaiketakoa egiteko aukera izango dute Itxas Gaineko kideekin, eta musika- eta dantza-eskolako ikasleen eta bertso eskolako ikasleen emanaldiekin gozatzeko aukera izango da. Halaber, arratsaldez hainbat musika-emanaldi izango da.
Igandean, haurren eta helduen danborradaz gain, adin guztietarako jarduerak eta emanaldiak izango dira. Eta gauerdian, Jose Luis Dovalek bandera altxatuko du kofradiatik, eta, tradizioari jarraituz, Arbustaingo kideek txapel oroigarria oparituko diote.
Hilak 17an, astelehenean, San Telmo eguna ospatuko da, ohiko prozesioaz eta meza nagusiaz gain, denen gozamenerako hainbat ekitaldi egingo dira.
Santelmoen bigarren astea apirilaren 21etik 23ra izango da. Jaien programa dagoeneko bidali da zumaiarren etxeetara, eta nahi duen orok Udalaren web orrian ere kontsultatu ahal izango du.
Festak, arduraz
«Festak guztiontzako espazio atsegin eta seguruak izan daitezen», eraso eta jarrera matxisten aurkako jarrera hartzera deitu nahi ditu Udalak herritarrak. Ildo horretan, asteburu osoan zehar eraso matxisten aurkako gunea izango da Saregile plazan, 23:00etatik 03:00etara. Datorren astean zehar emango dituzte xehetasun gehiago.
Horrekin batera, festaz ingurukoekiko zein inguruarekiko errespetuarekin gozatzeko deia egin nahi du Udalak. Azkenik, kontsumo arduratsurako deia egin die herritar guztiei. Herriko nerabeekin lanketa egiteko, bi larunbatetan Ai Laket! elkarteko hezitzaileak egongo dira Zumaiako kaleetan.
Autobusa Oikiara bueltatzeko
Bestalde, santelmoetako jai egitaraua dela eta, eta herritarren eskaerak jaso eta gero, bi larunbatetan autobus berezia izango da Oikiako herritarrak itzuli ahal izateko. 04:00etan irtengo du busak Kabi aurreko geltokitik eta zerbitzua doan izango da.