Zarautz Abesbatzak Udako Kontzertua eskeiniko du larunbatean Santa Maria la Real eliz parrokian
Gaueko 21:30ean hasiko duten emanaldian, 13 bat kantu eskeiniko dituzte, instrumentu desberdinen laguntzaz
A. E.
Zarautz
Ostirala, 21 uztaila 2023, 19:38
Zarautz Abesbatzak bere udako kontzertua eskeiniko du larunbatean. Gaueko 21:30etan hasiko dute emanaldia, Santa Maria La Real eliz parrokian. Abesbatzak agenda zabala du prestaturik aurtengorako. Arrazoia ere ez da txikia, izan ere bere sorreraren 40. urteurrena betetzen du. Hau dela eta aurtengo urtea berezia izango dute, emanaldi garrantzitsuekin.
Urte asko dira 40, baina sendo mantentzen da Zarautz Abesbatza. Udalaren eskaera izanik, Iñaxio Lertxundi kultura zinegotzi zela eta Joakin Iruretagoienaren zuzendaritzapean izan zen sorrera 1983an, eta 1996tik gaur egunera arte Jaione Eskudero dute zuzendari. Hasiera haietatik, bost dira mantzentzen direnak: Jaione bera, Arantxa Iturria, Jose Manuel Egaña, Iñaxio Goenaga eta Maria Antonia Arisketa.
Egun 48 kide ditu abesbatzak, 32 ahots zuriak, 15 ahots grabeak eta zuzendaria; gainera, abesbatza eskola ere badu, Txinpirin abesbatzarekin (7-11 urte) eta Zarauzte abesbatzarekin (12-20 urte).
Kontzertua
Larunbata gaueko kontzertuan. Jaione Eskuderok zuzentzen duen Zarautz Abesbatzaz gain, Zarazte Abesbatza ere izango da (gazteak), organoan Joxe Iturria, teklatuan Antxon Sarasua eta perkusioan Iker Muguruza izango direlarik, eta hauez gain, Zarauzko Musika Bandako musikariak, Euskal txirula, Jose Inazio Elias eta Zarauzko Imanol Urbieta Musika eskolako biolinjoleak.
Modalitate ezberdinetako 13 bat kantu prestatu ditu Zarautz Abesbatzak larunbat gaueko kontzertu berezi honetarako: beltz espiritualak, euskal eta atzerriko kantuak, eliz kantuak, ahots zuriek abestutako kantuak... Zarautz Abesbatzaren jarraitzaileentzat, abesti ezagunak eta ez hain ezagunak nahastuko dituzte eta berezitasuna, esan bezala, instrumentu ezberdinen laguntzak emango dio ekitaldiari.
Urtero Frantziskotarren elizan eskaintzen dute Udako Kontzertua eta aurten, gonbidatu askok parte hartuko dutelako, parrokira aldatzera erabaki dute.
Abesbatzatik, herritar eta bisitariak kontzertura gonbidatzen dituzte.