Zarautz
Memoria ariketa herrikoia egingo dute Zarautzen hilaren 28an, '1975' emanaldiarekinTxikik duela 50 urte bizitakoa «memoriara ekartzea» helburu duen ikuskizun herrikoia prestatu dute auzolanean Zarauzko hainbat eragilek
Txikiren senideekin eta dozenaka lagunen babesarekin aurkeztu zuten ostiralean '1975' herri ikuskizuna. Irailaren 28an izango da ikuskizun ibiltaria, eta herriko hainbat talde, sortzaile, musikari, aktore, bertsolari eta kulturgilek hartuko dute parte.
Publicidad
Txikik duela 50 urte bizitakoa «memoriara ekartzea» helburu duen ikuskizun herrikoia prestatu dute auzolanean Zarauzko hainbat eragilek, eta Azken Portuko Plaza Gorrian aurkeztu zuten ekimena.
Txikiren amaren hitzekin eman zioten hasiera aurkezpenari. Iaz hil zen Maria Manotas, baina Haizea eta sustraiak dokumentaletik berreskuratu zuten antolatzaileek haren ahotsa, semea ikusi zuen azken aldiari dagokion pasarte hunkigarria jarrita. Txiki berak fusilatua izan aurreko gauean idatzitako testamentu politikoa irakurri zuen ondoren Ainhoa Agirreazaldegik, eta Txikiren bizitza, ekarpena eta haren senideak izan zituen gogoan ondoren Iñigo Manzisidor Mantxi bertsolariak, bertsotan.
Zarautz 1975 herri egitasmoaren izenean Josu Txapartegik hartu zuen ondoren hitza, eta irailaren 28ko ikuskizunaren helburuak eta nondik norakoak azaldu zituen.
Txapasen hitzetan, «memoria ariketa herrikoia izango da irailaren 28an egingo den herri ikuskizuna». Bertan, «Txikiren bizitza gogoratuko dugu: nola etorri zen haur zela Zarautzera, Azken Portun bizitzen jarri zirela. Txikitako lagun euskaldun berriak, mendi zaletasuna, lanean hasi zen garaia, urte haietako Zarauzko langileen borrokak, herri honen aldeko kontzientzia hartzea, ETAn sartu zenean 19 urterekin, atxiloketa, fusilamendua 21 urterekin... Herri ikuskizun honekin gogoratu nahi ditugun pasarteak dira. Honetaz gain, bere amak eta familiak bizitza guztian eraman duten duintasun eredugarria. Ikuskizun hau beraiengatik ere bada. Horretarako herriko jende bat elkartu gara guztia antolatzeko: idazleak, dantzariak, margolariak, koruak, antzezleak, bertsolariak, Txikiren familia, denon artean antolatu dugu 1975 herri ikuskizuna deitu dugun emanaldia. Agian datozen urteetan ere errepikatuko dena».
Irailaren 28an, eguerdiko 12:00etan Azken Portun hasiko da ikuskizuna, Txikiren etxean, Egaña kalean. «Herritar guztiei bertaratzeko deia egiten dizuegu. Adibide gisa bertan izango dira: Jon Benito poema bat irakurriz, Antonia Manotasen audioak, Andoni Egaña bertsotan eta antzezleak Txikiren familiaren Zarautzera etorrera irudikatuz».
Txapartegik zehaztu zuenez, «kalez kale ibiliko da ikuskizun ibiltaria: Egaña Kaletik Plaza Gorrira; Plaza Gorritik Frontoi Txikira; Kuartel Zahar eta Torre Luzean geldialdia egin ondoren; Musika Plazan amaituko da herri ikuskizuna. Bidean dozenaka musikarik, dantzarik, abeslarik, margolarik 1975 herri ikuskizuna plazaratuko dute. Azkenik, Musika Plazan esperantzazko etorkizun bat irudikatuko dugu: batetik, diktadura, fusilamendu eta sufrimendu guztien gainetik herri honek bere bidea aukeratu duela esateko; bestetik, faxixmoaren itzala gero eta haziago ikusten dugulako, etorkizuna bakean eta askatasunean oinarrituko dela irudikatuko dugu».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión