Zarautz
EH Bilduk udal gehiengoaren iritzia aintzat hartzea eskatzen dio EAJ-PNVri2024ko apirilaren 29an onartutako mozioari jarraipena ematea eta bertan adostutako neurriak betetzea erabaki dute Bildukoek
Astearte honetan izan zen udaletxeko batzar aretoan uztaileko udal osoko bilkura. Bertan, EH Bilduko udal taldeak 2024ko apirilaren 29an onartutako mozioari jarraipena ematea eta bertan adostutako neurriak betetzea eskatu zion EAJ-PNVko udal taldeari.
2024ko apirilaren 29an, Zarauzko Udalbatzak, EH Bilduk aurkeztutako mozioaren bidez eta PSE-EEren babesarekin, honako hau erabaki zuen: udalerrian apartamentu turistikoen araudia osatu bitartean, lokal komertzialetan halako erabilera berriak ez baimentzeko konpromezua hartzea, hau da, baimen berrien moratoria ezartzea.
EH Bildu udal taldeak astearteko plenoan zera adierazi zuen; «Mozio hori udalbatza horretan gehiengoz onartu zen, eta uste osoa dugu erabaki horrek herriaren borondatea islatzen duela. Horregatik, uste dugu gobernu taldeak ezin diola muzin egin erabaki demokratikoari, eta udalbatzaren gehiengoaren hitza en-tzun eta errespetatu egin behar dela».
Mozioa onartu ondoren, Patxiku kalea eta Herrikobarra kaleko lokal komertzialetan 15 apartamentu turistiko berri eraikitzeko obra eta jarduera lizentzia eman dela ikusita, «ondorengoa eskatu nahi dugu: Udal gobernuak bete dezala apirilean onartutako mozioan jasotakoa, eta etorkizuneko baimen berriei dagokienez, neurri hori indarrean dagoela argi eta garbi adieraz dezala».
Gainera, «apirileko udalbatza (apirilak 29) eta gaur arte eman diren baimen guztiak bertan behera uztea, astelehenean emandako 15 apartamentuei dagozkien baimenak barne, mozioan aipatutako moratoriarekin bat ez datozelako. Udal gehiengoaren erabakiari eta herriaren ahotsari zor zaion errespetua bermatu dadila, eta ez dadila erabaki demokratikoak baliogabetzen dituen jokabiderik errepikatu».
«Gai honek merezi duen ardurarekin eta udal gehiengoaren iritzia aintzat hartuz jokatzea» eskatzen du EH Bilduko udal taldeak.
PSE-EE ere aurka
Egunkari honetako orrialde hauetan, PSE-EE udal taldeak ere zera zioen gai honen inguruan, «udalerriko erdialdeko bi lokaletan 15 apartamentu turistiko berri gaitzeko obra eta jarduerarako lizentzia emateak aurrez aurre talka egiten du apirileko udalbatzak onartutako mozioarekin, PSE-EEk babestua. Mozio horretan, Zarauzko apartamentu turistikoen hazkundea arautzeko eta mugatzeko beharra adierazten zen, jada jasanezintzat jotzen den egoera baten aurrean».
«PSE-EEk lizentzia hori geroratzeko eta lizentzia berriei buruzko eztabaida politiko serio bat irekitzeko eskatu zuen, tokiko merkataritzan, turismo-ereduan eta auzo-bizikidetzan duen eragina zorrotz aztertzeko».