Zaireko 'Goliathus' eta Arbizuko erleak Usurbilen
Luze eta gozo mintzatu zen kantoietan '20.000 especies de abejas' filmaren inguruan
Pasa igandean ospatu zen horma sendoetako eliza duen Usurbilen 'Erle Eguna' ospe, sona eta fama handikoa. Lehiatu ziren bertan gogor, indartsu, amore eman gabe hainbat eta hainbat Euskal Herriko ekoizle. Bertan, bai, erlezainen munduan zehar arras ezaguna eta aitortua den txapelketan.
Publicidad
Luze eta gozo mintzatu zen kantoietan '20.000 especies de abejas' filmaren inguruan. Susmo, susmo polita zuen jendeak; horrenbestekoa ezen apustuetan ibili baitziren batzuk, baietz Goya sarietarako hamaika izendapen baino gehiago lortu! (15 eskuratu ditu azkenean, hori marka, hori…).
Gutako, bertako, mundu horretako jotzen zuten anitzek pelikula, frontoian pareta plazan elkartu ziren ere-hazle horietako batzuei laguntza eskatu baitzien Estibalitz Urresola zinemagileak bere lana ahalik eta egokien burutu ahal izateko. Izan ere, antolatzaileen artean buru diharduen Julian Urkiolak Ereñozun dituen erlauntzetan filmatu ziren planetako zinema jaialdiak korritu izan dituen pelikula honetako eszena inporta handikoak. Izan ere, Alaia Garabieta Oribe idazle gazteak epaimahaikide jardun zuen ezti sariketan. Alaia, Zuzenbide Ekonomikoa ikasi nahi duen Andereren ahizpa da. Eta Andere, Estibalizen pelikulan protagonistaren arrebarena egiten duen aktorea.
'Erle Eguna', bai. Usurbilen. Patri jatetxe klasikoaren terraza ondoan; pilotaleku alboan den txoko abegikor aurrean. Arrimatu ziren hartara bai txapelketaren partaideak bai saltzaileak. Saltzaile finak. Esaterako, Arbizuko Vialdea Gurea-koak. 1995etik daramate erle eta ezti kontuetan jo ta ke. Eraman zuten azokara gaztainondoko eztia, hain usadiokoa, hain ohikoa ez dena. Eraman eta ondo saldu ere. Agertu ziren hortik, bai sariketan bai postuetan, Zeraingo erlezainak, hil honen 13an Zumarragako Santa Lutziren azokan izango direnak… Hortxe ziren, bai, benetako ezkoz eginiko egiazko kandelak eskainiz. Hortik ibili zen nerbioso beste ezti maisu bat, ziento bat sari eskuratu duena, Iñaki Alzuri. Hortik, Donostiako Gabon Merkatu Txikian txokolatezko etxola eraiki berri duen Tolosako Rafa Gorrotxategi. Hainbat mahai gainean jarri zituen, bisitarien gozamenerako, eztiz egindako hainbat postre…
Arrimatu ziren hartara bai txapelketaren partaideak bai saltzaile finak, esaterako Arbizuko Vialdea Gurea-koak, 1995etik daramate erle eta ezti kontuetan jo ta ke
Derrepentean, epaileak akaziako, txilarreko edo milalore eztiak dastatzen ari zirela, Gasteizko Zeledon balitz moduan erle erraldoi bat hasi zen jaisten teilatu batetik, kable batzuetan behera. Hor haurren oihuak, hor helduen txaloak hor askoren lilura eta gutxi batzuen ikara erraldoia baitzen hori koloreko marradun intsektua!
Publicidad
Probatu zituen automata politak ezti guztiak eta bizkor eta bizi bueltarako kablea hartu, hori koloreko marrez ederturiko txapel beltzak janzten zituzten gizaki batzuek lagundurik.
Ez zen ordea erlea mirestu beharreko izaki bakarra. Euskadiko Entomologoen Elkarteak erakusketa ikusgarria zabaldu zuen. Baziren bertan planeta osoko espeziak. Bai tximeletenak bai zomorroenak, bai euli, erle eta liztorrenak ere. Ikusgarria, esaterako Zaireko 'Goliathus Golihatus' kakalardoa. Bolumenari dagokiola, munduko handienak dira. Ez dira, , ostera, munduko luzeenak baina euren larbak 100 gramo pisatu ohi ditzake. Afrikako oihanetan bizi da eta polena, nektarra eta izerdia ditu jakirik gogokoenak.
Ikaragarri espektakularra ere 'Augosoma centaurus' delakoa. Beste kalardo bat, Tropikoko Afrikan existitzen dena. 'Kakalardo errinozero' deitzen zaio. Augosoma batzuk lurrean ikusteak, desfile batean bailiren bezala egundoko ikuskizuna behar du izan; seguru armada gaindiezina emango dutela.
Publicidad
Beste kreatura batzuk ere baziren erakusketan. Kreatura lirainak. Esaterako, Indonesiako 'Papilio Ulysses' edo 'Mendi Urdinaren Pinpilinpauxa'. Ederki daki kamuflatzen eta gris koloreko bihurtzen ditu bere hegoak hegan dagoela. Alta, eguzkiak jotzen baditu, printze itsugarriak agertzen dira airean…
Kreatura lirainak ere baziren, esaterako Indonesiako 'Papilio Ulysses' edo 'Actia Selene'
Entomologoek maite maite duten beste inguma bazen frontoian ziren kutxetan betiko gordeta, 'Actia Selene' du deitura, 'Saturnidade' familiakoa da eta zaletuen artean hartzen du izen magiko samarra, hauxe, 'Indiako Ilargi Mitxeleta'.
Publicidad
Pasa igandean izan genuen horren guztiaren berri. Usurbilen. Erle Egunean. Seguru gaur eztiz bustitako ogiarekin gosaldu duzuela. Horrela ez balitz, ez ahaztu, datozen festa egunotan eukaliptokorik edo ezkaiakoa zuen ogi –xerretan.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión