Orio
Danbolin Eskolak adinekoei zuzendutako Musikalagun egitasmoa jarri du abian65 urtetik gorako herritarrei musikarekin ondo pasatzeko aukera emango dion programa da martxan jartzera doana
Danbolin Musika eta Dantza Eskolaren konpromisoa da musika guztiontzat eskuragarri egitea. Horregatik, 2025-2026 ikasturtean Musikalagun ekimena jarriko du martxan, adineko herritarrei musikarekin ondo pasatzeko aukera emango dien programa.
65 urtetik gorako herritarrei zuzendutako saioak izango dira. Izan ere, musikak eragin positiboa du pertsonen osasun eta ongizatean, eta tresna ezin hobea da erritmoa, doinua, memoria, mugimendua... lantzeko. Proiektuaren helburua da 65 urtetik gorako oriotarrei musikarekin gozatzeko aukera erraz eta atsegin bat ematea, musikaren inguruan duten ezagutza txikia izan arren.
Informazioa eta izen-ematea
Musikalagun proiektuari buruzko informazioa emateko eta herritarrek probatu dezaten, konpromisorik gabeko saio praktiko bat egingo da irailaren 10ean, datorren asteko asteazkenean. Goizeko 11:00etan izango da, Danbolin Musika eta Dantza Eskolan. Eta interesa duten ikasleentzat, saioaren ondoren zabalduko da izena emateko epea.
Informazio osagarria behar izanez gero, hurbildu musika-eskolara, Iturbide kaleko 18 an, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 14:30etik 19:00ak artean; 943 83 37 27 telefono zenbakian edo danbolin@orio.eus helbidera idatzita.
Saioak, astean behin
Saioak astean behin izango dira, Danbolin Musika eta Dantza Eskolan. Ordubete iraungo dute, eta taldeak 8 eta 16 lagun artekoak izango dira. Gorputza mugitzeko eta musikan trebatzeko jarduerak egingo dira, hala nola, koreografia sinpleak, hainbat hizkuntzatako kantak abestu, perkusio-tresnak jo, beste kulturetako musikari buruzko lanketa...