Salbatore Jaien atarikoa, datorren asteburuan
Hainbat ekitaldi antolatu dira abuztuaren 5 et 9 bitartean ospatuko diren jaietarako
Herriko eragile ezberdinen presentziarekin aurkeztu dituzte 2024ko Salbatore Jaiak, Elkanoren monumentuan egindako ekimen batekin. Abuztuak 5 eta 9 artean, egunero festa egitarau zabala izango da baina aurrez, datorren asteburuan hain zuzen, festen atarikoa ere izango da.
Horrela abuzttuak 2an, ostirala, 21:00-00:00 artean Ate irekien gaua antolatu dute Cristobal Balenciaga Museoan. Erakusketak gauez ikusi ahal izango dira, Irati Bilbao abeslariak bere ahotsarekin girotuko duelarik bisita. Sarrera doakoa izango da (azken sarrera, 23:15ean). Taberna eta denda zerbitzua egongo da baita. Larunbatean, 11:00etan frontoian Haurren Binakako Esku-Pilota Txapelketaren baitan, IX. Elkano Sariaren finala jokatuko da eta arratsaldeko 15:30-19:00 artean III. Herri Gymkana. Azkenik, igandean 18:30ean frontoian, Eskuz Binakako Emakumezkoen VI. Salbatore Txapelketaren finala izango da.
Festa egitaraua
Bost egunetako egitaraua prestatuta dute Udaletik –egitarua turismo bulegoan eskura daiteke–. Honela, abuztuak 5ean Haurren Eguna izango da eta txikienek emango diote hasiera festari 11:30ean haurren txupinazoarekion. Jarraian, Getariako buruhaundiek eta Zarauzko erraldoi txikiek girotuko dute goiza, Gazte Alaiak txistulariekin.
Gazteen herri bazkaria ere izango da eta haur parkea, zezensuzkoa eta ikurrinaren goratzea eta txupinazoa. '50 urte' San Juanetako Festa Batzordeak eta Tonpe Guraso Elkarteek igoko dute bandera, herriko abesbatzak eta musika bandak lagunduta.
Salbatore Deunaren egunean, besteak beste alkatearen aurreskua, bandaren kontzertua, pilota finalak, pailazoak, bertso saio musikatua edo kontzertuak izango ditugu.
Salbatore jaien hurrengo egunetarako hainbat ekimen antolatu dira, besteak beste patata tortilla lehiaketa, hegaluzea parrilan, kukañak, koadrilen arteko soka-tira lehiaketa, Onlifly, Liminal eta Delirium Tremens taldeen kontzertua, Piratak zangoluzeen kalejira, XV. Goitibehera jaitsiera, eta eusko label txahal haragi pintxoak dastatzeko aukera, frontoian eta karpa morean bi egunetan.
Azkenik Koadrilen Egunak itxiko du aurtengo egitaraua. Marmitako txapelketa egingo dute, gerri bazkaria eta ikurriñaren jaitsiera izango dira besteak beste bost eguneko jai giroari amaiera emateko.