Getaria
Jaien iguruko balorazioa egitean «gozo bezain gazi» izan direla dio UdalakGetariako Udalak plazaratu berri du amaitu berri ditugun Salbatore festen azterketa
Juan Mari Zubiaurre
GETARIA.
Larunbata, 16 abuztua 2025, 20:37
Dagoeneko 2026ko Salbatore jaien zain gauden honetan, atzera begiratu eta pasa berri ditugun jaien balorazioa egiteko unea heldu da.
Hori bera egin du Udalak eta orokorrean «gozo bezain gazi» izan direla adierazi dute kaleratu duten idatzian. Honela dio balorazioak.
«Festetako lehen egunean sarean izandako bi matxura handien ondoriozko argi-mozketak eragin zuen aurtengo Salbatoreetako lehen gorabehera. Baina gure herrian, Getarian, bada txarrenari onena ateratzen dakien jendea, eta zenbait herritarrek musika-tresnak hartu eta gauari saltsa ematen asmatu zuten. Bejondeiela guztiei.
Orokorrean, jaiak oso ondo joan direla uste dugu. Publiko desberdinari zuzendutako denetariko 60 ekitaldi inguruk biribildu dute egitarau zabala, eta parte-hartzea handia izan da. Horren eredu, hona hemen hiruzpalau adibide: mariatxiek frontoia bete zuten, lehen izozki-tailerrera 120 ume gerturatu ziren, marmitako-bazkarian 520 lagun izan ziren, eta gaueko kontzertuetan ere hamarnaka herritar bildu ziren. Zorionak guztioi!
Festa-batzordeak herriari egiten dion ekarpena ere balioan jarri nahiko genuke. Izan ere, egitaraua indartu eta zabaltzen du, eta modu komunitarioan, gainera; beraz, herria gustura egoteko moduan gaude. Biba zuek!
Ezin aipatu gabe utzi herri honek duen altxorrik preziatuena ere: boluntario-lanetan aritzen diren herritarrak eta elkarteak. Gure herriak badu sen komunitarioa, badu auzolanerako nahia, eta herrigintzarako gogoa. Aurtengoan 300dik gora izan dira boluntario-lanetan ibili diren getariarrak. Mila esker guztiei, eta aupa zuek!
Nolanahi ere, aurtengo festak eraso baten salaketa larriak markatu ditu; inork nahi ez duen gertaeraren salaketak zipristindu ditu 2025eko Salbatoreetako azken bi egunak. Ostiralean zabalduriko berriak herria astindu zuen, eta hainbat kontu kolokan jarri.
Herriari begira jarri ginenean, adierazi genuen Getariako herria izan zenaren eta izan nahi duenaren arteko trantsizio/sokatira betean zegoela. Eta gertaera latz hau ere horren adibide garbia da. Azken urteetan, ekarpen handia egin du mugimendu feministak, eta Udalaren berdintasun-politiken bidez ere hainbat ekimen sustatu dira. Ekintza horiek guztiek herria aurrera begira jartzea ekarri badute ere, ostiraleko gertaerak erakutsi digu oraindik bide luzea dugula egiteko; izan ere, guztiok izan behar dugu jaiez askatasunez eta lasaitasunez gozatzeko aukera. Horrelako Getaria amesten dugu, eta inork ez dezala dudarik izan Udalak lanean jarraituko duela hori horrela izan dadin».