Getaria
Cristobal Balenciaga Museoan abuztuaren hasieran egingo dute urteroko Gau IrekiaMuseoaren erakusketen gaueko bisita zuzeneko musikarekin girotua egongo da eta sarrera doakoa du
Cristóbal Balenciaga Museoak erakusketak gauez bisita-tzea proposatuko du abuztuaren 1ean, Luke Armstrongek zuzeneko musikarekin girotuta. Ekimen honen bidez, Museoa lengoaia artistiko desberdinen topaleku bihurtuko da, eta bere publikoari eraikinaren eta bere bildumen ezohiko ikuspegia eskainiko dio.
Aukera hau gaueko 21:00etatik 00:00etara (azken sarrera, 23:15ean) luzatuko da. Erakusketetarako sarrera 15 minutuko ordu-tarteetan irekiko da eta sarrera doakoa izango da. Ordu-tarte guztietarako sarrerak leihatilan banatuko dira ekitaldiaren egun berean, 20:50etik aurrera, iritsitako ordenaren arabera eta leku guztiak bete arte.
Taberna eta denda zerbitzua ere izango dira gau ireki honetan.
Luke Armstrong
Museoak iragarri du, Gau Irekiko musikaria Luke Armstrong izango dela. Hau da aurreratu dutena artista honen inguruan; Musika modernoa, bluesa eta folk britainiar-tradizionala uztartzen ditu Luke Armstrongen musikak. Bere errepertorioan konposizio propioak ditu, genero horien zenbait bertsio adierazgarrirekin batera. Haren kantuak entzutean, 1960ko Les Cousins belaunaldiaren oihartzunak (Jackson Frank, Nick Drake, John Martyn eta beste batzuk) eta akorde ireki bitxien eta finger picking teknika bikain baten bidez adierazitako eragin tradizionalak entzun daitezke.
2011tik Donostiako musika eszenaren parte da. 2015eko apirilean kaleratu zuen 'Back and Forth' bere lehen diskoa, 2019an hiru single kaleratu zituen eta gaur egun 2025 honen amaierarako aurreikusita duen hurrengo albumean ari da lanean.
Katapulta Tourren eskutik, Luke Armstrongek kontzertua eskainiko du museoan, Josetxo Orueta (baxua) eta Arantza Molina (biolina) lagun dituela.