Bertsozale Elkarteak hiru Bertso Egun egingo ditu 2021ean eta bat Getarian izango da martxoan
Herritarrentzat sarrerak turismo bulegoan jarriko dira salgai datorren asteartetik aurrera
JUAN MARI ZUBIAURRE
Getaria.
Ostirala, 22 urtarrila 2021, 00:21
2020ak egun bat gehiago izan du egutegian, baina egun gutxiago utzi dizkigu bertso plazan. Pandemiak izugarrizko eragina izan du bertsolaritzan: tartean, saio ugari bertan behera geratu dira, eta Bertsozale Elkarteak bertso plaza hauspotzen jarriko du indarra bereziki datozen hilabeteetan.
Jomuga horrekin antolatu ditu Bertso Egunak. Hiru izango dira 2021ean: urtarrilaren 30ean egingo da lehena Hazparnen (Lapurdi); otsailaren 13an, Iruñean (Nafarroa); eta hirugarrena, martxoaren 27an, gure herrian, Getarian izango da.
Bertso Egun bat Getarian
Getariako Balenciaga museoak hartuko du martxoaren 27ko Bertso Eguna. Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan, Maite Berriozabal lemazain dutela.
Saio hauetarako sarrerak eskuragai daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian. Dena dela, Getariako herritarrentzat turismo bulegoan ere salgai jarriko dira urtarrilaren 26tik aurrera, datorren asteartetik aurrera.
Internetez zuzenean
Pandemia aroak ere ekarri du berrikuntzarik: ahalik eta zale gehiagorengana iritsi asmoz, bertatik bertara jarraitu ahal izango dira saioak, baina baita internetez ere, www.bertsoa.eus atariaren bidez.
Modu baterako zein besterako sarrera erosi behar da aurretik, baina ezberdinak izango dira, beraz, adi www.bertsosarrerak.eus atarian txartela aukeratzerakoan: 12 euro balio ditu aretorako sarrerak, eta 5 internetekoak. Bazkideek merkeago lortu ahal izango dituzte sarrerak (10 eta 3 euroren truke, hurrenez hurren), eta gazteek ere deskontua izango dute txartela eskuratzean.