'Aker-oker' eta 'Xagar' erraldoi berriak arduratuko dira bihar txupinazoa jaurtzitzeaz
Errezil ezaguna bada bertako sagarrari, Ibarbi sagarrari, esker da. Bestalde, errezildarrak 'Akerrak' bezala dira ezagunak. Jaiak ere gainean dituzte. Halako kontuak uztartzen hasita eta jaiei Errezilgo kutsua ematen hasita, bertakoa ondo definitu ahal izateko, bi erraldoi egin dituzte herrian. eta zer izango ote? Ba, bata sagarra, eta bestea...akerra.
Halaxe, aurtengo San Antonio jaiek protagonista bereziak izango dituzte. Jaien atarian, ez diete oraindik izenik topatu bi pertsonaei baina «gaur bertan» erabakiko omen dute eta txupinoa baino lehen jakingo dute bi pertsonai esanguratsu hauei nola deitu.
Gaur, osteguna, pintxo-potea izango dute, 19:00etan hasita, Borondegin, Erniope eta Akerra elkarteetan, festarako motorralk berotzeko.
Bihar, San Antonio Eguna, egun handia izango dute Errezilen eta festa izen bereko baselizan hasiko da. Meza izango dute aurrena, 11:00etan. Kalejira egingo dute bertara Beheko plazatik, erraldoiekin eta Lidia eta Itzeder trikitilariekin. Txupinazoa ere erraldoiek botako dute, San antonio baselizan, eta hamaiketa izango da bertan.
Arratsaldean, 18:30ean, trikiti doinuak nagusituko dira, ikasturte bukaerako jaialdiarekin. Gaztetxoen dantza emanaldiak jarraituko du gero (20:00) eta zaindariaren eguna amaitzeko, herri afaria egingo dute, Erniope elkartearen eskutik. Itzal taldearen erromeria ere izango da.
Larunbatean, gaua luzatu zaienekin argazkia aterako dute, goizean goiz (07:00). Bertso bazkaria izango da gero eguneko hitzordu nagusia, Letea jatetxean. Nerea Ibartzabal eta Sebastian Lizaso ariko dira kantuan eta Erkizu eta Julen Labaka trikitilariek girotuko dute hitzordua.
Haurrentzat ere izango da tartea festetako programazioan. Arratsaldean, 17:00ean jolasak izango dituzte.
20:30ean sagardo eta pintxo dastaketa egingo dituzte eta eguna erromeriarekin borobilduko dute, Iratzar taldearekin.
Igandean izango dute Errezilen sanantonietako azken festa eguna. 12:00etan, haurren pilota partidak jokatuko dira bertako frontoian.Ondoren, 14:00etan Zahagi ardoa dastatzeko aukera izango da eta 15:30ean, haurrek hondarrarekin eskulturak egiten ikasi ahal izango dute.
Herri kirol saioarekin bukatuko dira festak. 18:30ean hasita, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi 'Txikia IV.'-a ariko dira aizkoran eta Jon Unanue 'Goenatxo III.'-a. Aimar Irigoien, Udane Ostolaza eta Olaia Esnaola harria jasotzen.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.