Azpeitia
Zabalik da 'Kontuan hartzeko kontatua' Azpeitiko LGTBIQ+ memo jardunaldien izen-emateaEihera kooperatibako kideekin elkarlanean, urriak 4rako antolatu dira
Ekainean aurkeztu bezala, herriko memoria eta erreparazio bidean, urrats bat egin nahi du Azpeitiko Udalak, eta minak aitortzeko eta osatzeko, gozamenerako espazioak sortzeko eta LGTBIQ+ politika publiko eraginkorrak osatzen jarraitzeko helburuarekin, 'Kontuan hartzeko kontatua' LGTBIQ+ memoria eta erreparazio jardunaldiak antolatu ditu urriaren 4rako, Eihera kooperatibako kideekin elkarlanean.
Goizean, 'Zergatik ari gara LGTBIQ+ erreparazioaz eta memoriaz?' hitzartearen ondoren, 'Zeri egin diogu oihu? Memoria, artxiboa eta ahotsak' izenburupean, LGTBIQ+ errealitateen ahotsak entzun eta bizipen horien memoria jaso eta azaltzearen garrantziaz arituko dira. Ostean, bazkari herrikoia egingo dute, Azoka Plazan, sareak eraiki eta elkar ezagutzeko.
Bazkariaren ondoren, 'Transexualitate egoeran dauden haurren eta nerabeen errealitateak' hitzartea egingo da. Eta arratsaldean, askotariko erreparazio bide eta esperientziak ezagutzeko aukera izango da, 'Isiltasuna hautsi ostean, zer?' izenburua izango duen zatian. Horretaz guztiaz gain, gauean, gozamenerako tartea izango da bertso saio eta musika ikuskizunekin. Azpeitiko Udalaren webgunean ikus daiteke jardunaldiaren egitarau osoa.
Izen-ematea
Jardunaldietan parte hartzeko, izena eman beharko da, eta ordainketa egin izanaren agiria atxikita bidali esteka honetan aurkituko den galdeetegian: https://docs.google.com/ forms/d/e/1FAIpQLSf6AgsciN 43cNs-pZBTjasCS3koIP qM3hOE0OfbSjqORvXtCw/ viewform. Itzulpen zerbitzua egongo da euskaratik gaztelerara, eta zerbitzu hori nahi dutenek izen ematean zehaztu behar dute.
Honako hauek dira jardunaldiaren eta bazkariaren prezioak: jardunaldirako, landunek 6 euro ordaindu beharko dituzte; langabeentzat, ikasleentzat eta pentsiodunentzat izen ematea doan izango da. Jardunaldira eta bazkarira joan nahi duten landuneek 15 euro ordaindu beharko dituzte; kasu honetan, langabeek, ikasleek eta pentsiodunek 8 euro ordaindu beharko dituzte.
Izena emateko epea hilaren 23ra arte egongo da zabalik. Galdetegiarekin edo ordainketarekin arazorik izanez gero, Emakumeen Txokoarekin jarri beharko da harremanetan, 943 15 70 55era deituta edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzita.