Azpeitia
Keixetaren bandera, mende bateko oihartzunaEhun urte beteko dira igande honetan aizkolari famatuak Oñatiko txapelketa nagusiko bandera eskuratu zuenetik. Horren bueltan elkartuko dira haren ondorengoak
Azpeitia
Sábado, 4 de octubre 2025, 21:00
Keixeta baserri zaharreko atarian, mende bateko istorioa bizirik dago. Ehun urte beteko dira igande honetan bertako nagusiak, Joxe Aranburu 'Keixetak', Oñatin Aizkolari Txapelketako bandera goratu zuenetik (1925eko urriaren 25ean). Oraingoan, ordea, ez da aizkoraren hotsa, ezta apustu baten emozioa ere, baizik eta oroimenaren beroa bildu dena.
Publicidad
Aizkolari handia izan zen Keixeta. Aratzerrekako Olaberri baserrian jaioa, Urrestillako hainbat etxetan bizi izan zen aurrena, Bekola baserrian gero. Antxieta baserrietako batean egin zuen bizia ondoren, eta aitarengandik jasotako ezizenarekin, 'Keixeta' bezala bataiatu zuen etxea. Bertan bizi izan zen Nikolasa Albizurekin ezkondu ondorengo urteetan. Han hazi zuten familia.
Andres eta Julian, Keixetaren bilobetako bi, aitonaren itzalaren ondoan hazi ziren –lehena da gaur egun baserriko bizilaguna–. Gogoan dituzte berarekin igarokotako pasarteak. «Gu oso gazteak ginen aitona hil zenean», dio Julianek, «nik hamar urte besterik ez nituen», baina badituzte aitonaren ondoan igarotako une asko gogoan. Andresek, zaharragoa izaki, gehiago gogoratzen ditu. «Itulan ere aritzen ginen berarekin», dio.
Gizon lasaia
Julianek gogoan du, mutilkoskorretan, «eskolako lanak egiten ari ginela», nola sartzen zen atetik, «A ze gizon alea zen!», dio. «Txalekoa eta abarkekin ibiltzen zen eta sarritan lotzen genizkion oinetakoak». «Bai, -gaineratu du Andresek, arta-puska bezalakoxea zen». Hala ere, haserretutakoan, ikaragarri 'peligrosoa' ere bai!», dio barrez.
Apustulari onena
Baserriko gizona, aita edo aitona izateaz gainera, herri kirolen historian urrezko izkiekin grabatua dago Keixetaren izena. Aizkolari gainditu ezina, korrikalari nekaezina eta harria jasotzen ere kontuan hartzekoa zen Aratzerrekako semea.
Publicidad
Garaiko idatzietan agertzen denez, 31 urterekin egin zuen lehen apustua. Ez dago horrekin ados elkarrizketatutako bi bilobetatik gazteena. Julianek entzundako grabazio batean, «aitonak berak aitortzen du 21 zituela», lehen desafioa jokatu zuenean.
Eztabaidak albo batera utzita, garai hartan Euskal Herrian egindako desafio guztietan nagusitu zen. «Jokatutako denak irabazi zituen», hala agertzen da liburuetan eta garaiko kroniketan. Hala ere, bada bat, dio Andresek. irabazi ez zuena: Paulino Uzkudunen aurka jokatu zuena, Gernikan. «Abantaila eman omen zion aitonak, gero harrapatuko zuelakoan eta... harrapatu ez», kontatu du Julianek. «Etxera ikaragarrizko amorrua ekarri omen zuen», gogoratzen du baita ere anaiak, «hiru egunetan negarrez egon omen zen ohean», kontatzen zuen amak.
Publicidad
Igartzako 'gorriaren' aurkakoa
Aitonaren pasadizoak gogora ekartzerakoan, bada bat familian ahoz aho ibili izan dena. Igartzako gorriaren aurka jokatu zueneko lehiarena, alegia. Keixetak eta Inazio Iriarte 'Igartza' urrestildarrak 1928ko abenduaren 16an Azpeitiko zezen plazan jokatu zuten apustua. 45 ontzako zortzi enbor ebaki eta korrika beste zortzi kilometro egin behar izan zituzten kirolariek. Gaztea zen hura, 28 urte, eta Keixetak dagoeneko 48 zituen. «Keixeta, zuri apostua jokatu eta ezkondu egin behar dut», esan omen zion Igartzak. «Nahi baduzu, ezkondu zaite, baina niri ez didazu irabaziko», erantzun omen zion aitonak, dio Andresek.
Apustua Azpeitian jokatu behar zenez, soinua joaz eta trikiti doinuekin omen zetozten 'ustel bailaran' behera, Azpeitira bidean. «Nikolasa, Nikolasa, irten zaitez ona», esan zion aitonak emazteari. «Begira nola datozen, Ixil askorik joango dira gora!». Eta esan eta izan, Keixetak aise irabazi zion Igartzari eta hau erretiratu egin zen.
Publicidad
Txuletarik ez
Aspaldikoa da baita ere, Keixetak txuleta asko jaten zuenarena. Baserrian, ordea, ez zen txuletarik egunero. «Zerbait ipini behar eta hala idatziko zuten baina etxean mahaikada handia elkartzen ginen eta txuleta gutxi zegoen han», diote bi anaiek.
Entrenamenduak ere «hala moduzkoak» izango ziren. Basoan egiten zuen lan eta «han entrenatzen zen». Nik dakidanez, dio Andresek, «Nafarroara ere joan zen apusturen bat prestatzera baina bueltatu egin zen, etxean nahiago zuela eta». « Berezko atleta zen. Egunero aizkora zuen eskuartean», gaineratu du Julianek.
Publicidad
Keixeta baserriko bilobetako zaharrenak dio etxean bertan entrenatu izan zela. «Ganbaran mozten zuen egurra».
Entrenamendu saioekin lotuta, gertakari bat ere gogoratu du Julianek: Aitona ganbaran egurra mozten ariko zen, entrenatzeko, eta gure amari, eman zion kronometroa. –'Bale' esaten dudanean zuk erlojuari sakatu, geratzeko– eskatu omen zion amari. Hala egin omen zuten. Baina hark 'bale' esan zuenean, gure amak, Pantxikek, kasorik ez. Amamak bai, hark egiten zion kasu. Amona apustularia zen».
Oñatiko bandera
1925a izan zen Keixetaren ibilbidean urterik oparoena. Urte horretan jokatu zuen garaiko aizkolaririk onenak elkartu zituen txapelketa. Oñatin izan zen lehia, gaur duela 100 urte. bertako San Migel jaietan. Keixetak irabazi zuen desafioa. Eta bertako mojak brodatutako bandera oparitu zioten.
Noticia Patrocinada
Oñatin garaile izan zenean jasotako pieza handi hura urteetan gordeta egon da Keixetako sarrerako gelan. 'Bandera de honor, año 1925, Concurso de Aizkolaris Oñate' dio. Garaiko aizkolari bat ere badu eta ezkerreko goiko izkinan, Espainiako bandera.
Horrek ez zuen onik egiten Keixetan eta mojetara eraman zuten, Espainiako ikurraren gainetik Ikurriña brodatzeko. Baina konponketa erdi ustela bueltatu zieten, «txuri-gorri-berdea, bai, baina Italiakoaren itxura zuena», Ikurrinaren antzik gabe. Hala egon da bandera, urteetan, baina ehun urte bete direnean, familiak hura apaindu nahi izan du eta Ikurriña josi diote, estreinakoz, alboan.
Publicidad
Banderaren bueltan, elkartuta
Mende bat igarota, bandera berritua lehen aldiz eralutsiko dute jendaurrean. Urteurrena gogoratzeko, familia mahaiaren bueltan elkartuko da eta Loiola Hotelean bazkaria dute igande honetan. Aurrena, meza ospatuko dute Urrestillan eta eguraldiak laguntzen badu, bertako elkarteko balkoian zintzilikatuko dute bandera. bestela,barruan ikusi ahal izango da. Keixetaren ondorengoak, 50 lagun, elkartuko dira. Aitonaren bizitza, herri kirolen indarra eta familia baten oroimena eseriko dira mahai berean.
Keixetaren aizkoraren hotsa, aspaldiko oihartzun bat balitz bezala, berriro entzungo da gaur.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión