Azpeitia
Bakailaoa eta agintariei harrera saninazio bigarreneanSaninazioak.Urtero legez, Eusko Jaurlaritzako, Legebiltzarreko eta Diputazioko kideei harrera egin zieten udal arduradunek Loiolan. Plazan, berriz, 25 partaidek hartu zuten parte Bakailao Lehiaketan
Gipuzkoako Eguna izanda Eusko Jaurlaritzako, Legebiltzarreko eta Foru Aldundiko ordezkariak izan ziren atzo Azpeitian. Loiolan egin zen ekitaldia. Nagore Alkorta alkateak eta gainerako udal arduradunek harrera egin zieten. Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan izan ziren Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua, Maria Ubarretxena; Segurtasuneko sailburua, Bingen Zupiria; Industriako sailburua, Mikel Jauregi; eta Ogasunekoa, Noël d'Anjou. Besteak beste, ekitaldian ziren baita ere Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea; Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia; José Ignacio Asensio Lehen diputatu nagusiordea eta Jasangarritasuneko Diputatua; Irune Berasaluze foru bozeramailea; eta Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Ba-tzar Nagusietako presidentea. Lehendakaria, Imanol Pradales, eta EAJko presidentea, Aitor Esteban, ez ziren ekitaldian izan, aste honetan AEBetara bidaiatu baitute Boiseko Jaialdira.
Fernando Prado gotzaina buru zela, Parrokiako koruak eta Julian Barrenetxea abesbatzak abestu zuten ondorengo elizikizunean, Itziar Urbieta organo jolearekin eta Javier Alberdiren gidaritzapean. Sañu Bizirikeko taldekideak eta Geroako kaltetuak ere euren aldarrikapenak eraman zituzten Loiolara.
Bakailao lehiaketa
Mikel Zalduak eta Leire Mendezek irabazi zuten lehiaketa eta elkarte onenaren koilara Arauntzara joan zen
Bitartean, plazan, 25 lagun ari ziren jada kaleko eguneko ekitaldi nagusiko bakailaoa prestatzen hamalaugarrenez ospatu zen Bakailao Lehiaketan.
Mikel Zalduak eta Leire Mendezek jaso zuten lehen saria; bigarren lekua Mila Uranga eta Josu Manzisidorrentzat izan zen eta hirugarrena, berriz, Amaia Aranaga eta Begoña Bereziartuak jaso zuten.
Elkarteei dagokionez, Araun-tza elkarteak jaso zuen saria eta estreinakoz aurkeztu ziren Iñaki, Julen eta Edortak eraman zuten urtebetez elkartean izango den koilara. Behin lehiaketa amaituta, hainbat lagunek Azoka plazan prestatutako bakailaoekin bazkaria egiteko aukera izan zuten.
Egunean zehar, apar festa edo bigantxekin gozatzeko aukera izan zuten gaztetxoek. Zesta punta partidak ere izan ziren gauean Izarraitz frontoian. Saninazioetako bigarren zezenketak osatu zuen baita ere arratsaldea eta eguna amaitzeko, kontzertuak izan ziren. Gaur, abuztuak, 2, izango da jaien azken eguna.