Kultur eskaintza anitza datozen egunetan
Sagastiarrak antzezlana eskainiko dute Baztartxon eta Trini Fox, Sega Sound Killers eta Zimitrenko taldeek joko dute Matadeixen
Ekitaldi ugari izango dira asteburu honetan Azkoitian. Agenda beteta dato eta eskaintza zabala izateaz gain anitza da. Hasteko, bihar Txalok abuztuan estreinatutako 'Sagastitarrak' an-tzezlana aurkeztuko du bihar. Baztartxon izango da emanaldia iluntzeko 19:00etan.
'Sagastitarrak' komediaren egilea Ramon Madaula da eta Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean arituko dira oholtza gaineko hiru aktoreak: Koldo Olabarri, Joseba Apaolaza eta Ainhoa Etxebarria. Antzezlana ikustera hurbildu nahi dutenek sarrerak aurrez eskuratu ahal izango dituzte www.azkoitia.eus/agenda edota www.entradium.com atarietan 8 eurotan
Bestalde, musikaz gozatzeko aukera paregabea izango da bihar gaueko 22:30etik aurrera Matadeixen. Trini Fox, Sega Sound Killers eta Zimitrenko taldeek joko dute udazkeneko Bebarruko Jardunei amaiera emanez. Kontzertua Trini Fox eta Sega Sound Killers taldeek hasiko dute. ondoren, Zimitrenkok emanaldia eskainiko du. Kontzerturako sarrerak larunbatean bertan salduko dituzte Matadeirako sarreran, 7 eurotan.
Sega Sound Killers taldeak bigarren diskoa kaleratu berri du, Dolu izenekoa, eta hura aurkeztuko du Matadeixen. Musika abentura ezberdinetan ibilitako musikariak batu dira egitasmoan, eta rock izaerako kantuak giro elektronikoetan sakondu dituzte. Dolu lan berria hamabi abestiz dago osatuta, eta horietako bakoitza istorio bat den arren, kontakizun bat ere bada diskoa bere osotasunean. Hain zuzen, dolua bere fase guztietan ikustarazteko ahalegina egin dute. Besteak beste, Sara Zozayak, Fermin Muguruzak, Juantxo Glaukomak, Zuriñe Hidalgok, Zaloa Urainek eta Haritz Letek kolaboratu dute Sega Sound Killers taldearen disko berrian. Erritmo dantzagarriak nahiz indartsuak dituen zuzeneko kementsua eta bizia taularatuko dute taldekideek.
Trini Fox taldea izango da eguneko bigarren protagonista Matadeiko oholtzan, eta Azkoitiko, Azpeitiko eta Bergarako lagunek osatutako taldeak ere kaleratu berri duen diskoa aurkeztuko du aretoan, hain zuzen ere, Deabrua izeneko EP berria —Sutan, Ni hau naiz eta Engainatuz abestiek osatzen dute EP berria—. Punk rock, stoner, hard rock eta rock alternatibo doinuak jorratzen ditu Suharri Aranburuk, Iosu Garatek, Iñaki Zubeldiak eta Xabier Iñurrietak osatzen duten Trini Fox laukoteak.
2015ean sortu zen Trini Fox, eta, gaur-gaurkoz, lau proiektu aurkeztu ditu taldeak: Bila nabil (2016), Letaginak (2017), Ataraxia (2020) eta oraintsu kaleratu duen Deabrua (2022). Lehen diskoetatik taldearen egitura aldatu egin da; izan ere, taldea hirukote bezala hasi bazen ere, laukote izatera igaro da gero. Gainera, taldekideen joan-etorriak ere izan dituzte azken urte hauetan. Trini Foxeko kideen kontzertuaren ostean, Zumitrenkok eskainiko du emanaldia Matadeixen. Hark itxiko ditu udazkeneko Bebarruko Jardunek.
Zineman aukera denontzat
Zineman ere izango da zer ikusi. batetik, helduentzako 'Black Adam' eta 'Girasoles silvestres' zineforuma eta haurrentzako 'Shin Chan y el misterio de la academia' Tenkasu filmak emango dituzte Baztartxo antzokian. Black Adam filma igandean eta astelehenean, ikuslearen eguna emango dute; igandean, 19:30ean, eta astelehenean, 20:00etan. Haurrentzako Shin Chan y el misterio de la academia Tenkasu filmaren emanaldia, berriz, igandeko 17:00etan hasiko da. Zinetogramek antolatutako Girasoles silvestres zineforuma, berriz, astearteko 20:00etan emango dute.