Azkoitia
Igeri eskolarako izen-ematea zabaldu du Zubiaurre elkarteakKlubak lau bilera egingo ditu ostegunean nondik norakoak azaltzeko
Zubiaurre igeriketa kluba denboraldi berriari hasiera emateko prestatzen ari da eta antolaketaren nondik norakoak familiei azaltzeko hainbat bilera antolatu ditu biharko, ostegunerako. Guztira, lau bilera egingo dira: Aurten lehen aldiz izena eman dutenentzat, bilera ostegunean izango da, hilak 11, arratsaldeko 17:30ean Elkarguneko aretoan, Zubiaurreko kirol arduradun eta batzarkideekin. Bertan, igeriketa klubaren nondik norakoak azalduko dira eta honen funtzionamenduaren inguruko xehetasunak emango zaie haurren guraso edo tutoreei.
Izena emateko orriak beteko dira eta seme-alabei egokitutako talde eta ordutegiak jakinaraziko zaizkie. Gurasoek, berriz, dituzten zalantza guztiak galdetu eta talde arduraduna ezagutzeko aukera izango dute. «Nahi duenak aukera du oraindik izena emateko, beraz, etorri bilerara eta animatu», adierazi dute Zubiaurre I.K.-tik. 2018an jaiotakoak (eta zaharragoak) has daitezke aurten igerian eskolan.
2. eta 3. urtekoak
Igeri eskolan bigarren eta hirugarren urtea duten neska-mutilen gurasoentzat ere beste bilera bana antolatu du klubak. Talde horietan dauden umeen kopuru altua dela eta, klubak moldaketak egin behar izan ditu ordutegietan, taldeak kopuruz orekatu ahal izateko. Hala, aldaketa horien guztien gaineko azalpenak emango dituzte bileran.
Zubiaurren bigarren urtea dutenentzako (2017. Urtean jaiotakoak), osteguneko bilera 18:00etan izango da Elkargunean; aldiz, klubean hirugarren urtea dutenentzako hitzordua (2016. urtekoak), 18:30ean izango da.
Aldaketak
Eguerditan entrenatzen dutenei zuzendutakoa (LH 5 eta LH 6 mailetakoak) izango da laugarren eta azken bilera. Ordutegi aldaketak entrenamenduen dinamikan aldaketak dakartza, eta kontutan hartu beharreko irizpideak eta gomendioak emango dizkiete kirol arduradunek haur horien gurasoei. Bilera 19:00etan izango da Elkargunean.