Azkoitia
II. Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa hilaren 22an egingo daEl Diario Vasco
azkoitia.
Ostirala, 2 ekaina 2023, 21:34
II. Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketak baditu saridunak. Gazteen kategorian 15 lan aurkeztu dira, eta helduen mailan, 11. 18 urtez azpikoetan lehenengo saria hutsik geratu da eta bigarrena, Aratz Iturbe Arakistain 11 urteko azkoitiarrak irabazi du 'Nire arrebari' bertso sortarengatik.
Helduetan, 18 urtetik gorakoetan, alegia, lehenengo saria Izaro Zinkunegi Barandiaran erreziltarrak etxeratuko du 'Hire larrei, zure zaharre'» izenburupean aurkeztutako bertsoengatik. Bigarren saria Jon Gurrutxaga Urbieta azpeitiarrarentzat suertatu da 'Gure bizitza hunan' bertso-sortarengatik.
Azkoitia Saria, berriz, gazteen kategorian, Garazi Larrañaga Aizpuruak eta Laia Sudupe Cabanillasek jasoko dute elkarrekin idatzitako 'Gaur goizen jaiki naun' izeneko bertso sortarengatik.
Helduen kategorian, Azkoitia Saria Naia Arrizabalaga Arrietarentzat suertatu da 'Lurraren Estalkiak' lanarengatik. Gazteetan sei bertso ziren aurkeztu beharrekoak eta 18 urtetik gorakoetan, zortzi bertso.
Epaimahaia Hike eizan! lantaldeko eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko bina kidek osatu dute. Bertsoen kalitateaz gain, hitanoaren erabilera zuzena egiten den ala ez baloratu dute epaimahaikideek, lehiaketaren helburu nagusia hika eta, bereziki, noka sustatzea baita.
Sari banaketa, hilak 22an
II. Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa ekainaren 22an, arratsaldeko 19:00etan, Elkargunean egingo den III. Hike eizan! Bertso Saioarekin batera izango da. Aurten oholtzan izango dira bertsotan Andoni Egaña, iazko bertsopaper lehiaketako sariduna den Eli Pagola, Jesus Mari Irazu eta Nerea Elustondo.