Herriko txikienen desfile koloretsuarekin inauguratu zen atzo inauterien jaia
Mozorro lehiaketaren sari-banaketa 21:00etan izango da herriko plazan
Urtero bezala, herriko txikienen desfile koloretsuak inauguratu zuen atzo arratsaldean Azkoitiko inauterien jaia. Eguraldi ona lagun, ehunka haurrek kaleak alaitu zituzten beren mozorroekin.
Kalejira amaitu ondoren, ikasleek dantzaz gozatu ahal izan zuten, lagun eta familiakoekin, Oihan Vegak herriko plazan eskainitako dantzaldiari esker. Gauean, aldiz, hamabi eta hamazazpi urte bitarteko gaztetxoek disko festaz gozatzeko aukera izan zuten Elkargunean DJ Xabi Fest-ekin eta ondoren, mozorro lehiaketarekin.
Gaur ere ez dira faltako ongi pasatzeko jarduerak. Eguerditik aurrera. 12:30etik hasita, Musika Bandak eta Bizkargi Musika eta Dantza Eskolak kalejira egingo dute eta arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara, Joselu Anaiekin dantzaldia izango da Herriko plazan. Gauez, 22:30etik aurrera, Joselu Anaien bigarren saioa izango da.
Prebentzioari helduz, 18:00etatik 20:00etara, Indarkeria Sexistarik Gabeko Gunea jarriko da Etxebeltz parean, Emagin elkartearen eskutik. Toki berean, 18:30etik 20:00etara, alkohol kontsumoaren inguruko sentsibilizazio gunea ere bertan egongo da.
Mozorro lehiaketaren sari-banaketa 21:00etan izango da herriko plazan.