Azkoitia
Arteak, pagoak eta loreak landatu dituzte eliza atarianUdalak adierazi duenez lehengo zuhaitzak «kendu beharrean» zeuden «egoera txarrean» zeudelako eta hauek «errespetatzeko» eskatu du
Azken asteotan berritze lanak egin ditu udalak eliza atarian. Hala, hainbat landaketa egin ditu gune horri bizitasun eta kolore handiagoa emateko asmoarekin. Lehendik zeuden zuhaitzak «egoera txarrean» zeuden, erakundeak adierazi duenez, eta «kendu egin behar» izan dira. Haien ordez, hainbat zuhaitz, zuhaixka eta lore espezie landatu dira.
Zuhaitzen artean, bi espezie nabarmendu dira: pagoak eta arteak. Zuhaixkei dagokienez, Hypericum eta Westringia generoko aleak hautatu dira, eta lorategiari itxura trinkoa eta orekatua ematen diote.
Loreei dagokienez, bai garaiko loreak bai landare iraunkorrak landatu dira. Garaiko loreen artean ikus daitezke, besteak beste, geranioak, pentak, Angelonia generoko loreak (orkideak gogora ekartzen dituztenak), eta Celosia, Vinca eta Coleo espezietakoak.
Bestalde, landare iraunkorren artean Salvia Greggii, Baccharis eta Gaura familiako hainbat generotako aleak daude. Landare bakoitzak izenarekin txartel bat dauka ondoan, bisitariek informazioa errazago jaso dezaten.
Landaketa berriek espazioa «atseginago eta erakargarriagoa» bihurtu dute, herritar guztien gozamenerako. Horregatik, Udalak eskatu du loreak eta landareak zaindu eta errespetatzeko, guztion artean ingurune zaindua eta koloretsua mantendu ahal izateko.